Sorkuntza guztion eskura

Puntu_tailerraTenperaturak gogor egin du behera, eta negu giroa iritsi da. Dena den, aisialdiaz gozatzen jarraitzeko aukerak ugariak dira Goierrin, hotzik pasatu gabe gainera. Etxean gelditzea izan daiteke aukeretako bat edota norberaren trebetasunak eta imaginazioa landu daitezke goxotasunean eta giro politean.

Zumarragako Julita mertzeriak eskaintza zabala du etxean gelditu nahi ez duten horientzat edota norberaren eskuekin sorkuntza lanak egin nahi dituenarentzat; joste, ehuntze, kakorratz eta beste hainbat gauza egiten ikasteko aukera ematen baitu, adin guztietako jendeari zuzenduta.

Nerea Mendizabal Julita  mertzeriako arduraduna da, eta hark esandakoaren arabera «azkeneko urteetan jende gehiago batu da joste eta kakorratz taldera». Egunero, goizeko 10:00etan biltzen dira dendan bertan eta bakoitzak gustukoen duena egiten du. Gainera, taldea gidatzen duen pertsona bat dute eta gauza berriak egiten irakasten die taldeko gainontzeko lagunei.

Joste, puntu eta kakorratz lanak egiteko talde hutsa baino, «lagun taldea ere bada biltzen dena», Mendizabalek beraren esanetan. «Bufandak, poltsoak, txanoak edota beste hainbat eta hainbat gauza egiteaz gain, tertulia polita» izaten dutela gehitu du. Norberak jazteko edota Gabonak gertu dauden honetan, gertuko norbaiti oparitzeko zerbait egiteaz gain, «une atsegina pasatzeko aukera ere» badela azaldu du.

Adin guztiei zuzenduta

Askori eta askori, josteko makina eta puntua burura etortzen zaienean, ziur amona edota adineko norbaiten irudia etorriko zaiela burura. Ideia horrekin hautsiz, «adin guztietako pertsonei zuzendutako tailerrak» direla argitu du Mendizabalek. Horrez gain, emakumezkoak gailentzen badira ere, «gizonezkoak ere animatu» nahi ditu «eguneroko bizitzan oso praktikoak diren gauzak ikasiko dituztelako». Sorkuntza guztion eskura baitago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>