Heldu da?

Andoni SalameroHeldu da hamabigarren hilabeteko lehenengo eguna, abenduko lehenengo ostirala, adventus, etorrera  delakoaren hilabetea, zurekin une eder hau partekatzeko hartzen dudana. Adventus, abendu, heltzearen esanahi hori kutsu erlijiosoz melatua bada ere, urrunerago jo nahi nuke, sentsibilitate desberdineko jendearengana heldu nahian, era atseginean jardunez, argi eta garbi mintzatuz, hilabete honen etorreraren inguruan zenbait galdera zuoi egiteko asmoz, hausnarketa halako batean murgilduko gaituen itxaropenez.

Etorri, iritsi, heldu hitzetan sakonduz, zer datorkigu bakoitzari gure gogora, abenduko garai honetan? Agian, urte honen amaierako hilabetean zure barrua eraberritzeko borondatea? Beharbada, amestu bai, baina bideratua ez zeneukan  proiektu hura bidean jartzeko irrika? Akaso, denbora oro, lanean nekatuta iritsi eta presaren presaz ibili beharrean, zeuretzat, egunero, lasai egoteko hartuko duzun etena? Agian, zure burua irainez eta mespretxuz gaitzetsiz baino, gehiago maitatzeko erabakia?

Zer helduko zaizu, lagun, bihotzera, agian, komunikabideetako albiste makurrak zabaltzeko gura, ala egunero gertatzen diren pasadizo gozoak bizitzeko eta sentitzeko grina? Zer etorriko zaizu barrura, zure inguruko ezagunei inbidia izateko irrika, ala haien poza goratzeko eta gozatzeko atsegina? Zer zuztartuko da zuregan, ondokoarekin gorrotoaz bizitzeko desira, ala elkarbitza sanoa eta integratzailea bultzatzeko nahimena?

Iritsiko zaizu, akaso, zure haurrekin jolasteko, barre egiteko edo amesteko desira? Sortuko da zuregan, agian, adineko diren zure aitona-amonak, edo urtetan joanda ezagun dituzun senideak bisita egiteko edo laguntzeko desioa? Helduko da, beharbada, zuregan nerabe askok dituzten arazoak aditzeko eta begiratzeko arreta? Jaioko da, apika, zure senideekin aspaldiko sesioak barkatzeko ilusioa?

Ernatuko ote da zuregan bestea gaitzesten eta makurrarazten dituzten zurrumurruak baztertzeko adorea? Eraberrituko da zure baitan mugaz haraindi, txarrak eta onak bakarrik ikusi baino, gizakiak ulertzeko eta laguntzeko ardura bizia? Bizituko da etorrera horretan natura eta haren izakiak errespetatzeko premiazko gogoa?

Etorkizunean lozorrotuko di-ra hitzok ala ekintza zein une bakoitzean, hurbiletik gertatzen diren iraultza bakoitza urratzen hasiko zara? Ekite desberdinei apaltasunez helduko diozu zeure burua otzanago hartuz, ala harrokeria makurrez erakutsiko duzu zeure ezina? Eta zer esango dugu joan zirenez, baina gure barruan horrenbeste familiatan joan-etorrian datozen pertsona askoren irudiaz, oroituko zara haiek duten bakardadeaz? Haiek adoretuko eta lagunduko dituzu haien saminean?

Etorrian eta joanean doazen  olatuen antzeko galderak dira hauexek, abendua aitzaki hartuz egunero, abendu egin beharko genituzkeen uneak, une bakoitzaren presentzia arretaren beroan jarriz. Beste aldera begira dezakegu, jakina, baina zerbaitegatik emana zaigu izan honetan kontzientzia, eta gizakiak, modu zuzenez ala zeharka, Biziak aurkezten dizkion erronka bakoitzari erantzuten jakinez ikasi behar du. Norberak badu eremurik galdera horiexen lur utzian  erantzunen hazia ereiteko egokiera, ondotxo baitaki gizakiak zein eremu lantzea dagokion.

Abendua… heltzearen kabia prest dago, bihotza pilpira bizian ari da kantatzen, itxarote horren notak zure baitan entzuten dira; samurtasunez, apaltasunez, xumearen gozoz biltzeko unea iritsi da. Aditu, aditu ezazu sakonean, han, hondo-hondoan… ilunaren ilunean negar malkotan gordetzen den inor dago… inor? Haur bat, ote? Bai, haur bat: zu, zu zeu zeure oskolean bilduta, zeure ezinez kaiolatuta bizi den haurra… hautsi oskola! Ireki barrua, erakutsi guztioi zaren ederra, zure izarrak, etengabe, argizta gaitzan.

Bai, adiskide, izan zorion abendu garai honetan, bego maitasun guztia zurekin eta zuregan. Jaso bihotzez besarkada handia eta bakearen ederrean zure ametsak egia bihurtzeko bidea aurki dezazula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>