Alegiako elizak 90 urte

Jose Joaquin Atin, Hipolito Ormazabal eta Jose Nicasio Atin, eliz atarian.

Jose Joaquin Atin, Hipolito Ormazabal eta Jose Nicasio Atin, eliz atarian.

Itsasoko eta Gabiriako auzoko bizilagunek, Gasteizko gotzaindegiari ermita eliza bihurtzeko eskatu zioten 1927an, meza igandero entzun nahi zutelako.

Santa Maria Magdalena ermita aspaldikoa da, Alegian. Antzina, erromesen, ibiltarien eta babesgabeen ospitale edo aterpetxe izan zen. Elizaren eraikuntzan bi aldi nabarmentzen dira: erdi-puntuko arkua duen ataria eta harlanduzko hormak, zaharrenean. Hormen goialdea, dorrea eta ataria, aldiz, duela 90 urtekoak dira.

Ermita kategoria zeukanez, ez zegoen apaizik izendatuta, eta festa-egun berezietan soilik egiten ziren elizkizunak. Itsasoko, Ormaiztegiko nahiz Gabiriako parrokiak 45 minutura zituztela argudiatuta, Alegiako ermita eliza bihurtzeko eskatu zioten auzotarrek Gasteizko Gotzaindegiari, 1927an.

Baldintza batzuekin

Alegiako apaizetxea.

Alegiako apaizetxea.

Behin baino gehiagotan idatzi behar izan zuten eskaria; uztailaren 16an eta urriaren 19an bai, gutxienez. 1927an urriaren 24an, Gasteizko gotzain Mateo Mujika idiazabaldarraren idazkariak erantzun zien: Itsasoko apaiz laguntzailea zapatuetan eta jaiegun bezperetan Alegiara jaitsiko zen, biharamun goizean meza eman zezan.

Eliza handitu behar izan zuten alegiarrek, ermitatik eliza kategoriara igotzeko: kanpandorrea eraiki, baseliza handitu eta sakristia jarri. Eta apaizarentzat etxea egokitu. Altzibarko Jose Joaquin Atinek bere jabetzako etxe bat utzi zuen zeregin horretarako, eliza parean. Auzolanean berritu zuten, apaizak gaua han igarotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>