Gorka Erostarbe eta Josu Aztiria

Gorka Erostarbe

Isiltasuna. Letrok desegin eta bazterreratu. Hatsa hartu eta egurastu. Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik agur esan badute, Patxi Bakallok ere agur esan badu, zein erreparo izan behar dugu gu auzotar bekatari alprojosok ere atseden hartzeko; eta batez ere, munduari atseden emateko?

Pare bat hitz, isildu aurretik.

Asko gozatu dut aurtengoan bertsolaritzarekin. Txapelketarekin ere bai, baina bertsolaritzarekin batez ere. Hura ere egurastu egin da. Egurastu egin dute. Bi indarrek biziberritu dute. Batetik, berreskuratu du, zenbait bertsolariren ahotan, adierazkortasuna, txispa, grazia, galde-erantzuna… Bestetik, eta uste dut hau dela aldaketarik funtsezkoena, gizarte eraldaketa gogoen zantzu berriak hezurmamitu dira, dituzte hainbat bertsolarik. Ertz, erpin (eta ez ‘erkin’) eta talaia ezohikoak bistaratu dituzte. Maialen Lujanbio maistrasunez aritu da gidari. Maistra maiz.
Asko gozatu dut zurekin ere, Josu, Bat eta bat honetan; ez dakit ertz, erpin eta talaia berriak bistaratu ote ditugun; ez dakit txispa eta grazi zipitzik erabili ote dugun ere; baina sarri bat-batekotik, disfrutatu dugu. Irakurleari eskerrak kuanto auzo-txoko honetan topo egiteagatik: batzuetan irri eta zirri, Aztiria-erostarbebesteetan zapla eta ziri egiteagatik.

Eta orain, isiltasuna.

Josu Aztiria

Sarriegik ongi jakin du agurra behar den momentuan egiten, aparraldian alegia; eta guk, aldiz, aparraldian baino, apalaldian sartu baino lehen egingo dugu adio. Harrokeriarik gabe, baina harro; egin dugu gure ekarpentxoa, ze arraio.

Uste dut saiatu garela hunkitu eta haserretu gaituzten alderdiak plazaratzen; hitz egin dugu heriotzaz eta doluaz; gizarte-bazterketaz eta zurrumurruez; kultura-ekimenen ezintasun eta batez ere ahalmenez; txikigintzaz eta auzogintzaz; drogen errealitateaz eta errealitatearen drogaz; abiaduraren nekeaz eta nekearen abiaduraz; zaintzaren lanaz eta lanaren zaintzaz; Kataluniaz eta euskal harriez; zauriez eta laztanez. Hitz egin dugu geure bizitzaz eta bizitzen jarri ditugu gure hitzak.

Niretzako ere plazer handia izan da zurekin jardutea, Gorka; uste dut pixka bat gehiago ezagutzen zaitudala eta zuk ere gehiago ezagutzen nauzula. Aukera ederra eman didazu urrun nituen gaien inguruan gogoeta egiteko eta ahaztuta nituenak ekartzeko. Gozatua hartu dut zurekin.

Eta orain, bai, isiltasuna. Galtzen eta batez ere irabazten jakin behar den bezala, isilik ere egoten jakin behar da, pausu bat atzera ematen. Baina isilik egon arren, ez diogu ekiteari utziko.
Egingo dugu topo, topa eta tupust Urretxu eta Zumarragako ertz, erpin eta plazetan, aparraldian eta apalaldian, batzuetan irri eta zirri, besteetan zapla eta ziri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>