Harriak herriak dira

Urretxuko_enparantzako_itu

Zintzo Mintzo Urretxuko eta Zumarragako euskaltzale elkarteak eskatuta, Koldo Argandoña Urretxuko agirizainak harrietan dauden inskripzioei buruzko hitzaldia egingo du bihar kultur etxean. Harriak herriei buruz ari direla dio.

Urretxuko Iparragirre plazan dagoen iturriko harrian bi data  daude zizelkatuta: 1764 iturria egin zutenekoa eta 1995 berritu zutenekoa. Lehenengo data  Urretxuko herrigunera ura ekarri zuteneko urtea da; hau da, urretxuarrak Larreako Añadegiko iturrira joateari utzi eta ura herrian bertan jaso ahal zuten urtea da. «Ez zuten Urola ibaitik urik hartzen, garai hartan pozoituta zegoen», dio Koldo Argandoña Urretxuko agirizainak. Hain zuzen, Urretxun zein Zumarragan harrietan dauden inskripzioei erreparatuko die bihar Argandoñak.

Harriek esana, baina ikusi gabea hitzaldia egingo du 11:00etan Urretxuko kultur etxean. Argazkiak egin ditu Jon Mikel Insaustik eta irudiei dagokien kontakizuna gehituko die Argandoñak hitzaldian. «Zaharrenetik hasiko gara, Antiotik. Hango absidean inskripzio bat dago harrian». Aukeratu dituen gune guztietan ez da data agertzen, baina, Legazpi dorretxeko –Zumarragan– armarria zein garaitakoa izan daitekeen esango du estiloari eta bestelako ezaugarriei erreparatuta.
Inskripzioek garaiko jendea nola bizi zen azaltzen dutela dio. «Esate baterako, elizak herrien historia biziak dira. 10.000 erreal lortzen zituzten eta zati bat egiten zuten; jakina, ez dira beti guk ezagutu moduan egon».

«Harriek herri baten historia kontatzen dute,
harriak eta herriak lotuta daude»
Koldo Argandoña (Urretxuko agirizaina)

Harriei begiratzeko joerarik ez dagoela dio. «Herrien historia kontatzen dute, areago, harriak eta herriak lotuta daude. Hilerrietako inskripzioetan bistakoa da nola bizi zen garaiko jendea».

Ez ditu bakarrik eraikinak edota eraikinetako osagarriak aztertuko . Zumarragan uholdeek utzitako markak ere aintzat hartu, eta haiei buruz arituko da bihar Argandoña. Harriek bere ahotik hitz egingo dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>