Joxan Artzeri, bihotzez

Andoni SalameroAurtengo urtarrilaren 12an, Joxanton Artze, poeta usurbildarra, hil zitzaigun, anaia Jexuxekin batera, Artze anaiak txalapartari gisa jardundakoa, olerkari abanguardista izandakoa, Ez dok Amairuko kide mitikoa, kantu ederren sortzailea…  halako kalifikapen dotorez izendatu zuten idazlea kazetari, kultur kide, politikari eta hurbileko pertsona ugarik komunikabideetan.

Egun hartantxe egunkari  ugaritan agertutako albistea irakurri ondoren, faltan bota nuen Joxanez aipatu ez zen ezer, Joxanen izaeran eta obran ezinbestekotzat jotzen den alderdia: bere alde espirituala. Uste dut izpirituaren barrunbeetan sakonki arakatzen jardun duen horietakoa bera izan dela, munduko gaiez aparte, transzendentziaren atea zeharkatzen aritu izan dena. Felix Ibargutxik  Artzeren konbertsioa-n eskaini zuen haren inguruko idazki zabal-luzea, zoriontzekoa benetan, baina bestela ezkutupean mantendu da alderdi hau, Artze jakin baten irudia saldu eta bestea isildu nahian? Auskalo!

1994. urtean, Zumarraga-Urretxuko Hits eta Fits banda-ko 15 gaztek Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat emanaldian parte hartu genuen, Joxanen olerkiak, koru gisa, harekin errezitatuz, gurekin Ines Elortza, legazpiarra, ehule lanetan  jardun zen, eta Jexux, Joxanen anaia, txalaparta eta zanbonba jole gisa. Emanaldia ikusgarria izan zen, hainbat tokitan aritu ginen ­–Donostian, Miarritzen, Durangon, Aretxabaletan, Usurbilen…– eta taldeko gazteoi oroitzapen sakon eta ederra geratzeaz gain, gizon jator eta abegikor haren hurbiltasunak eta harkortasunak erabat harrapatu gintuen, izan ere, olerkigintza bere betean bizi zuen pertsona baten aurrean aurkitu ginen, izana bere errotik sentitu, bizi eta mamitzen zuen kreatzaile baten aitzinean.

Poeta usurbildarrak, entseguetan hala nola entseguen osteko solasaldietan, argi uzten zigun aldi gaitza bizitzea egokitu zitzaigula, «geurez garenak ez nahi izatea, eta ez garenak izanik zoriona eskuratu nahi izatea» eraman gaituen aldia. Oso argi azpimarratzen zuen hauxe Joxanek, eta berori hala izanda ere, aldi hau egokitu zitzaigula jakinez, onarpenez  eta lasai ekiten zion bide egiteari, presak ez baitzion gizakiari ezer onik eskaintzen, «ibili ez egoteko inon; ibili ez joateko inora…» besterik ez.

Barne muinetik, gogoa biluztuz, izana hizpide, asko izan ziren hark ukitutako gaiak:  ezereza, kontsumismoa, guraso askoren utzikeria, izana eta ezinaren arteko lehia sumina, eduki guraren behar mina, egungo amamaordeen, telebisten, hesiketa, gizakion baitan haragitutako beldurra… horrelako eta bestelako gaiak zuztarretik ondotxo garatu zituen, ez azaletik gaur hemen halako jarrera erakutsiz eta bihar bestelakorik agertuz, ez, lema hartu eta batelari tinko eutsiz, behar den bezala, Bizitzak emandako talentuaz baliatuz, eta  izanak emandako erakutsitik ikasiz.

Bestetik, Enerjia, Bizitza, Misterioa, Jainkoa… mila adieratan agertutako deitura, fedez jarraitu zuen, gogo-bide eginez, eta gainera, gogoko zuena gogotsu biziz, gogaide orok egiten duen eran, Harekiko elkar hartzean bat izanez, eta bazekien gizakiak, Maitasuna bere izatean txertatuz, sentimendu hartaxetik aurrera egingo zuela.  Hargatik, gizakiok alde konszientea eta subkontzientea guregan onartzen eta maitatzen dugun eran, gauza bera egin zuen Suprakontzientearekin, Harekiko nahitaezko baturan.

Izanak elikatzen gaituen bezala, izanarekin batuz gertatzen zen Joxanen elkartzea, gizakiekin, izakiekin, transzendentzia hori bizitzera eramaten zuen ororekin, beraz, zergatik isildu eta ukatu halaxe zena? Zergatik baztertu eta honen inguruan berri ez eman hezurmamiti bizi bazuen? Izan gaitezen zintzoak guztiarekin, olerkari eta ekintzaile handi honek  bere bizitzan erakutsitako alderdi guztien, espirituala barne, albiste emanez.

Beharbada, orduan, txoriak txori izaten dakiten bezala, gizakiok gizaki izaten ikasiko dugu eta geure barne-bazterrak maitatzen ikasiko, eta gogoaren zilbor-hesteak Maitasunaren lautada mugagabea hartuko du, eta une hartan, zeuk zenion bezala, Joxan, «Maite dugu, ikusi gabe maite dugu, ikusi gabe dakusagu» esaterik izango dugu, gizakion bihotz-begietan garena ikusteko ausardia izango dugulako, maitatuz bakarrik antzematen dena, alegia, Maitasun hutsa dena.

Bego, Joxan, zuretzat, oroitzaren otoitzik ederrena, hitzen atzean jariatzen den etengabeko isiltasunaren xuxurla barea. Hartu besarkadarik samurrena eta beteena zeuk eta etxekoek, zeuk egin ohi zenuen moduan, gogo biziz, izanez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>