«Ea laster iristen zaidan pilotari guztiok nahi izaten dugun txapela»

Jon_Ander_Albisu(1)

Jon Ander Albisu (Ataun, 1990) binakako pilota txapelketa jokatzen ari da. Asegarceko atzelaria da, eta azken urteetan kontuan izateko pilotaria dela erakutsi du. Bost urtez luzatu dute pilotari eta enpresak kontratua joan den azaroan. Final laurdenetako ligaxkan lau garaipenekin da Unai Lasorekin bikotea osatuz. Asteburuan Markina-Xemeinen 22-10 irabazi zieten Urrutikoetxea eta Untoriari. Sailkapenean seigarren dira, baina garaipen bakarrera dute finalaurrekoetara sailkatuko lituzketen postua.

Binakako txapelketa bete-betean zaudete, lau jardunaldiren faltan. Nola aurkitzen zara?
Nahi baino okerrago! Hasi ondo hasi ginen, txapelketako lehen partida irabazita, eta bigarrenean Ladis Galartzak min hartu eta garaipena eskuratu genuen. Ondoren bolada txarrean sartu ginen, eta txapelketan kosta egiten da horri buelta ematea, udan ez bezala.
Udan partida bat galduta ere, hurrengoan ez duzu halako larritasunik. Txapelketan, ordea, desberdina da. Irabazteko behar horrekin tentsioa eta urduritasuna nabariagoak dira.

Aurreko asteburuan behar zenuten garaipena lortu zenuten, Urrutikoetxea eta Untoriaren kontra.
Gelditzen diren partida guztiak dira oso garrantzitsuak. Lau partida gelditzen zaizkigu ligaxka amaitzeko, eta nik uste dut derrigor hiru irabazi beharrean gaudela; laurak irabazita, hobe. Guztiak final moduan hartu behar ditugu, irabaztera kantxaratuta.

Txapelketa erdian txakalaldia izan zenuen Victorrekin. Konfiantzaz zer moduz zabiltza?
Aurretik ere pertsonalki, maila nahiko txukuna ematen ari nintzen eta egia esan konfiantza  nabari dut. Tanto bat ona egin eta hurrengoa txarra bada, pilotariak nabaritu egiten du.

Iaz Artolak min hartu eta ordezkotzat Victor izan zenuen. Aurten Victor bera titular izanik, enpresak Laso jarri du orain.
Bai, eta eragina du pilotariongan horrek. Azken finean, aurrelari batekin jokatzeko kontzientziatzen zara hasieran. Iazkoan Iñakiren lesioa tarteko, Victorrekin jokatu nuen.
Aurtengoa, berriz, espero gabeko aldaketa izan da. Enpresak hasieratik esaten digu aldaketak egon litezkeela, baina ez duzu horretan pentsatzen. Laso zein Victor, antzeko aurrelariak dira jokoz, baina beti du eragina aldaketak.

Aspaldiko parekatuena dela aipatu da aurtengoa. Nola ikusten dituzu beste bikoteak?
Sailkapenean lehen lau postuetako bikoteek aurrea hartu zuten, baina orain berriro pilatu gara denok. Azken urteetako parekatuena da, bai, eta ikusleentzako ere ona da hori. Beti izaten da nabarmen aurreratzen den bikote bat, baina aurtengoan ez da halakorik. Ea amaieran zer gertatzen den!

Txapelketan zehar bikoteren batek harritu al zaitu?
Ez, hasieratik ikusten zen parekotasun hori. Egia da Altuna eta Martija gauzatzen ari diren txapelketa azpimarratzekoa dela. Gehienbat Martijaren aldetik, lehen urtea delako lehen mailakoan, 20 urterekin. Ematen ari den maila izugarria da. Luzea da txapelketa oraindik, baina aukerak izango dituzte.
Bestalde, Bengoetxea eta Larunbe azken postuan badaude ere, partida on asko egin dituzte. Gure aurka ere txukun moldatu ziren, nahiz eta guk irabazi. Hori du txapelketak azken finean, bolada txarrean sartuta kosta egiten zaigu hori iraultzea. Baina horrek ez du esan nahi maila okerragoan daudenik.

Carlos MediaVilla

Carlos MediaVilla

«Txapelketan, irabazteko beharraz, tentsio eta urduritasun gehiago dago»

«Gelditzen diren partida guztiak final bat balira bezala hartu behar ditugu»

«Uda erregularra egin dut, partidaren bat edo beste kenduta, eta egia esan, oso pozik nago»

«Erregulartasuna falta zait. Entrenatuz, ea laster iristen diren fruituak»

«Altuna eta Martijaren txapelketa azpimarratzekoa dela. Gehienbat Martijaren lehen urtea delako lehen mailakoan, 20 urterekin»

Azken hiru urteetatik bitan izan zara finalerdietan. Zure enpresak argi utzi du zurekin kontatzen duela.
Bai, eta eskertzekoa da. Enpresak zugan konfiantza izatea garrantzitsua da. Debutatu nuenetik zortzi urte izango dira aurten, eta azken zazpietan lehen mailan aritu naiz lehian. Gustura alderdi horretatik, baita nire aldetik ere. Lesioek errespetatu egin naute denbora horretan zehar, eta horrek asko laguntzen du maila mantentzen.

Bost urtez luzatu duzu kontratua. Zure enpresak atzelari batekin sinatu duen luzeena. Horrek zer dakar, poza ala ardura?
Denetik pixka bat! Poz handia zalantzarik gabe, azken finean enpresak konfiantza duelako zugan; eta nire aldetik lasaitasuna ere bai. Bost urteko kontratua izanda erlaxatzerik ez duzu, bestela norbait atzetik etorri eta pasa egingo zaitu. Baina lasaitasuna ere ematen dizu.
Entrenatzeko garaian lehenik eta behin, eta partidetara ere, beste aldarte batekin joateko aukera ematen dizu. Enpresa nahiz ni gustura gaudela esango nuke.

Ia zortzi urteko ibilibidea osatu duzu orain arte. Txapelaren bat ematen al duzu faltan?
Beti nahi izaten dugu txapela, pilotan gabiltzan denok nahi dugulako txapelketaren bat irabazi. Bat nahiko gertu izan nuen Pablo Berasaluzerekin, baina min hartu zuen finalean. Hala ere, alde positiboari begiratu behar zaio eta ea urte hauetakoren batean iristen den lehenengoa.

Udako torneo gehienetan izan zara. Maila onean lehiatzeaz gain, jokaturikoetatik lau irabazi dituzu.
Bai, azken urteetako udarik onena izan da. Beti izan dut eskuetako arazoren bat handik edo hemendik, baina iaz zortea izan dut alde horretatik. Uda erregularra egin dut, partidaren bat edo beste kenduta, eta egia esan, oso pozik nago.
Enpresak ere aukera asko eman dizkit, torneo batean zein bestean sartuz, eta alderdi horretatik eskerrak eman besterik ezin dut egin.

Parte hartu duzun torneo nahiz txapelketetan ibilbide oparoa jorratzen ari zara. Baina zer duzu hobetzeko?
Betikoa esango nuke, erregulartasuna falta zaidala. Afizionatu mailatik kostatu zait horri eustea, eta alor horretan hobetzen ari naizen sentsazioa badut ere, oraindik asko dut ikasteko. Partida bat ona, beste bat kaskarragoa… Hori hobetzeko entrenatzen dut eta ea fruituak lehenbailehen iristen diren.

Beste aldera, berriz, debutetik hasi eta gaur egun arte zertan hobetu duzula esango zenuke?
Nik uste dut lasaiago ateratzen naizela, baina biak lotuta daude. Erregulartasun horrek ematen dizu partidetan lasaiago kantxaratzea eta beste modu batean irakurtzen dituzu partidak. Orain atzeko pilotak eutsita, eta aurreko koadroetakoei gogorrago emanda, huts gutxiago egiten ikasi dut.

Behin partida nahiz entrenamenduak amaitu ondoren, lana etxera eramaten al duzu?
Bai, beti ematen dizu zer pentsatua. Aurtengoan esaterako, sei partida erreskadan galduta buruan bueltaka dabilkizu. Entrenamenduetan egoera horri buelta ematen saiatzen bazara ere, hor izaten duzu.

Aldageletan, beroketaz gain, takoekin gora eta behera, denerako denbora izaten duzue.
Hala da, partida aurretik eta entrenamendu aurretik ordubete lehenago gutxienez elkartzen gara eta edozeri buruz hitz egiteko aukera izaten dugu. Egia esan, jende oso ona dago aldageletan, umore onarekin, eta gustura elkartzen gara.
Partida aurretik nagitasun puntu bat ematen digu, ordu bat lehenago takoekin gora eta behera ibiltzeak, baina aldarte oso ona dugu eta pozik elkartzen gara.

Txapelketak alde batetik, eta udako torneoak bestetik. Oporretarako tarte gutxi izaten duzue.
Azken bi urteetan 10-15 egun eman dizkigu jai enpresak eta eskertzen da. Urte guztian zehar hor gaude asteburuetan, eta bakarren bat libre ongi etortzen da. Baina hori alde batera utzita, partiden zain egoten gara eta jokatzen ez dugunean, etxean zain, beraz ez gara kexatuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>