Kk’inzona fanzinea bueltan da apirilean

Urzelai orain artean argitaratu diren Kk’inzonaren aldizkarietako batzuen atzean.

Urzelai orain artean argitaratu diren Kk’inzonaren aldizkarietako batzuen atzean.

Urretxuko eta Zumarragako Kk’inzona Proiektu Komunikatiboak berriki jakinarazi duenez, Kk’inzona fanzinearen ale berri bat publikatu nahi dute apirilerako. «Asmoa da fanzinea apirilean egingo dugun Kk´inzona egunerako argitaratzea», aurreratu du proiektu komunikatiboko kide Jon Urzelaik.

Kk’inzona Proiektu Komunikatiboaren hastapenak bertatik bertara bizi ez bazituen ere, Urzelaik ongi ezagutzen du bere nondik norakoa. 2004an sortu zen proiektu bezala, «herrian garai hartako gazteek sumatzen zuten gabezia komunikatiboa betetzeko». Kk’inzona fanzinea izan zen proiektuaren oinarria, «lehendabiziko alea 2004ko uztailekoa da». Maiztasun jakinik gabeko aldizkaria izan da beti, baina lehendabiziko urte hartan «bi hilabetez behin argitaratzen zen».

Beste proiektu batzuk

Kk’inzona aldizkaria «oso irekia zen lantzen ziren gaiei zegokienean», gogoratu du Urzelaik. Planifikazioak, noski, existitzen zuen, baina «inprobisaziorako tarte handia zegoen». Gazteei interesatzen zitzaizkien gaiak lantzen ziren aldizkarian: «Politika, etxebizitza, ikuspegi sozialeko gaiak, berdintasuna… Baina ez hori bakarrik, gazteek gazteentzat egindako komunikabide bat zen, batez ere».

Maiztasunarekin bezalatsu, Kk’izonak, hasiera batean ale batzuetan errepikatzen ziren sail batzuk bazituen arren, «denborarekin lausotzen joan ziren, eta zetorrenaren arabera moldatuz joaten ginen edukia», zehaztu du.

2006. urtea ere giltzarri izan zen proiektu komunikatiboaren historian. 2006tik 2010era «hutsune bat» dago fanzinearen argitalpenei dagokionean, ez zen aldizkaririk publikatu. Izan ere, urte tarte horretan «taldea beste proiektu batzuk aurrera ateratzen zebilen buru-belarri: Kk’inzona irrati librea martxan jarri zen urteak izan ziren, baita webgunea ere. Film laburrak, eta bestelako proiektu batzuk ere garatu ziren urte haietan». 2010. urtean fanzi-nearen ale berri bat argitaratu zen, eta beste bat, orain arteko azkena, 2014an.

Gaiak lantzeko modua

2018an argitaratuko da beste bat, baina azkeneko aleen artean lau urteko aldea egotea «kasualitate hutsa da», Urzelairen hitzetan. Gazteei gaur egun interesatzen zaizkien gaiez galdetuta «garai batekoei interesatzen zitzaizkienen berdinak» direla dio, oinarrian. Hori bai, garaiak aldatu egin direla, eta gaiak lantzeko moduak ere aldatu egin direla nabarmendu du. Momentuz ale berriaren lanketarekin hasita daude, ikusi egin behar gero, jarraipenik izango duen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>