Memoria historikoa, zertarako?

Antxiñe MendizabalGaztetako ikuspegi erromantikoak gerra-gatazketan heroiak aurkitu nahi izaten ditu askotan, edota bestela biktimak, bere iruditeria elikatzeko. Eta, sarri, iraganeko bidegabekerietan topatu nahi izaten ditu bere aldarrikapenei zentzua emango dieten argudioak, lekukoa hartuz borrokan jarraitzeko.

Javier Cercasen Soldados de Salamina liburuaren pasarte hau ispilu izan da niretzat, orain hogeita bost urte, frankismoaz gehiago jakin nahian, gure herriaren memoria historikoan arakatzen hasi nintzenean. Pasarteak kazetari baten eta miliziano errepublikar baten arteko elkarrizketa jasotzen du: «Idazlea zarela esan didate». «Kazetaria. Liburu bat idazten ari naiz, ulertu egin nahi dut…». «Ez adarrik jo! Gerra bat gerra bat da, eta ez dago zer ulertu. Oso ondo dakit nik, hiru urte pasa nituen tiroak botatzen Espainiaren alde. Eta baten batek eskertu didala uste al duzu? Istorio horiek ez zaizkio dagoeneko inori interesatzen, ezta bizi genituenoi ere; garai batean bai, baina orain ia ez. Baten batek erabaki zuen ahaztu egin behar zirela eta, badakizu zer? Ziur aski, arrazoi izango zuen. Gaztea zara, hobe duzu tontakeriak alde batera utzi, eta denbora beste zerbaitetan eman».

«Gerra guztiak eleberriko istorioz beteta daude (idazle sena atera du kazetariak)». «Bizi ez dituenentzat bakarrik. Kontatzen dituenarentzat besterik ez. Hau izorratzea hau! Idazleak… zera, heroi baten bila ari zara. Eta heroi hori ni naiz, ezta? Baina ez al duzu esan bakezalea zinela. Ba, gauza bat esango dizut: ba-kean ez dago heroirik, salbu eta, beharbada, erdi biluzik ibiltzen zen indiar txikitxo hura… Eta bera ere ez zen heroi bat izan hil zuten arte. Heroiak hil egiten dira edo hil egiten dituzte. Heroiak gerran jaiotzen dira eta gerran hiltzen. Ez dago bizirik dagoen heroirik, gazte». Milizianoak bere istorioa konta diezaion azken ahalegin bat egiten du orduan kazetari-idazleak: «Baina zu hildakoan, zure lagun hilak ere guztiz hilko dira».

Oraindik ere, gerra zibila eta ondorengo urteak bizi izan zutenen artean galdetzen dudanean, gehiago dira gaiaz hitz egin nahi ez dutenak, nahi dutenak baino. Eta ulergarria egiten zait frankismoa ezagutu zutenen amnesia: sufrimendua berriro bizitzeak ez du ezertarako balio. Halere, sufrimendua irudikatu baino egiten ez dugun belaunaldi berriok memoria horretan arakatzen jarraitzen dugu. Zertarako?

Memoria historikoa berreskuratzea ez da denboran atzera egitea soilik, ariketak gure baloreak, aldarrikapenak eta sinesmenak susmopean jartzeko aukera bat izan behar du. Erromantizismoa albo batera utzita, gerra-heroi baten ausardiaz, gizartearekiko ikuspegi kritikoa garatzen ahalegindu behar dugu.

Frankismoaren hainbat lekukotza ezagutzeko aukera izango dugu hilaren 17an Urretxuko Labeaga aretoan Memorian atzera liburuaren aurkezpenean. Etorkizuna eraikitzen hasteko topagunea izan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>