Goierrik 69.000ko mugari eusten dio

Maquetación 1

Goierrik 69.488 biztanle ditu, Gaindegiak argitaratutako azken datuen arabera. 2.000 urtetik hona igoera nabarmena izan da, 4.196 bizilagun gehiago baititu egun. Eskualdeko populazioak 2012. urtean jo zuen gaina, eta harrezkero, gutxi asko mantendu egin da. Azken bi urteetan, ordea, beheranzko tendentzia nabaritzen hasi da; azken bost urteetan, tantaka bada ere, 235 biztanle galdu ditu Goierrik.

Datuak kezkatzeko bezain larriak ez badira ere, tendentzia baten adierazle izan daitezke. Batetik, zahartze tasa %21ekoa delako, 2000tik hona izan den altuena. Eta bestetik, jaiotze tasak behera egin duelako; egun %45,2koa da, baina %53,6koa izan zen 2007an. Adinari dagokionean, 65 urtetik gorakoak Goierriko biztanleria osoaren %21 dira. Hamalau urtetik beherakoak berriz, %15,9.

Azken urteetako biztanle galera hori orokorra izan bada ere, herriz herri begiratuta, asko aldatzen dira datuak. XI. mendearen hasieratik, Beasain izan da biztanle kopuruan gehien hazi den herria, 2.000 urtean baino 1.720 bizilagun gehiago baititu. Ordizia (+912), Lazkao (+683) eta Urretxu (+358) dira hurrengoak gehien igo diren herrien zerrendan. Goierriko 22 herritatik 19k igo dute biztanle kopurua azken 17 urteotan.

Portzentaiaren arabera ikusita ordea, bestelakoak dira datuak. Proportzioan igoerarik handiena izan duen herria Altzaga da, %73,46ko igoera izan baitu; hau da, 98 biztanle izatetik, 170 izatera pasa da. Mutiloak ere %50,9ko hazkundea izan du, eta Aramak nahiz Zegamak, %20tik gorakoa.

Baina izan da jaitsi denik ere. Deigarria da Legazpiren eta Zumarragaren kasua, bien artean ia mila biztanle galdu baitituzte. Legazpik 2.000. urtean baino 520 herritar gutxiago ditu, eta Zumarragak 452. Gaintza da jaitsiera izan duen hirugarren herria; 12 biztanle galdu ditu mende hasieratik hona.

Ingurukoekin alderatuta

Goierri inguruan dituen beste eskualdeekin alderatuz gero, biztanleriaren joera orokorra dela esan daiteke, bataz bestekoaren barruan baitago estatistika gehienetan. Ugalkortasunari dagokionean, %45,2ko tasa du Goierrik, Tolosaldeak (47,4) eta Debagoienak (46,1) baino txikiagoa, baina handiagoa Urola Kostak (43,2) eta Sakanak (41,5) baino.

Beste horrenbeste gertatzen da zahartze tasarekin. Goierriren kasuan %21ekoa da;  Sakana (20,6), Urola-Kosta (18,7), Tolosaldekoa (19,6) baino handiagoa da, baina Debagoienakoa (22,4) baino txikiagoa.

Maquetación 1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>