Nekazarien topagunea

Ordiziako Euskal Herria kalean dago Goierri Nekazal Kooperatiba, orain guztiz berritua.

Ordiziako Euskal Herria kalean dago Goierri Nekazal Kooperatiba, orain guztiz berritua.

2020an sortu zeneko lehenengo mendeurrena ospatuko du Goierriko Nekazal Kooperatibak. 1920an sortu zen sindikatu gisa, «baserritar txikientzako elkartasun izpiritua sustatzeko». Ordizian eta Olaberrian dituzte dendak.

Ordiziako Goierri Nekazal Kooperatibak barruak berrituta ireki ditu ateak urtea hastearekin batera. Itxura modernoa eta erakargarria estreinatu ditu, baina oinarri-oinarrian betikoa izaten jarraitzen du.

Egun ezagutzen dugun Goierriko Nekazal Kooperatiba 1920ko irailaren 29an sortu zen Ordizian Sindicato Agricola Alkartasuna de Villafranca izenarekin. Inguruko 28 baserritar eta baserrizalek osatu zuten. Jasota dauden dokumentuen arabera, Vicente Aranburu izan zen orduko lehendakaria.

Sindikatu gisa egituratu zen orduan. Bere helburuen artean, besteak beste, honako hau azpimarratzen da akta liburuan: «Gure nekazaritzaren garapenean baserritar txikiontzako elkartasun espiritua sustatzea eta ikusi araztea». Akta liburu hori 1939. urtera bitartean dago idatzita. Ondoren, 36ko gerraren ondorioz, urte batzuetako dokumenturik ez da topatu.

Kooperatibako lehendabiziko langilea Matias Arregi izan zen. Martzelo Agirrek hartu zuen gero erreleboa, eta  1945ean Migel Zubeldia hasi zen. 1998an jubilatu zen Zubeldia, eta haren lekukoa hartuta hasi ziren egun lanean diharduten Pako Furundarena eta Izaskun Altuna.

Lehenengo mendeurrena

Ordiziako dendako jarduna garai hartan faltan zeuden elikagaien salmentara bideratu zen hasierako urteetan: ardoa, olioa, cognaca, anisa, eta abar. Ardoa eta olioa ontziratu gabe —granelean— saltzen zen batez ere. 1945 urtetik aurrera pentsuarekin ere lanean hasi ziren.

Pixkanaka Ordiziako denda txiki gelditu zen, eta 1982an Ordiziako industrialdean lurra erosi eta biltegi bat egiteko proiektua abian jarri zen. Ordiziako Udalak, ordea, ingurune industrialean biltegia irekitzeko baimenik ez zion eman kooperatibari eta, ondorioz, erositako lur-saila saldu eta 1985ean Lazkaibarren zegoen eraikin bat erosi zuten bazkideek. Hantxe egon ziren 1990era arte, harik eta behin betiko Olaberrian kokatu arte.

Gaur egun Ordiziako dendak eta Olaberriko biltegiak aktibo jarraitzen dute.

Goierriko Nekazal Kooperatiba 2020ra begira dago orain, bere lehen mendeurrena ospatzeko gogoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>