Arrantza

NEKANE GONZALEZIzoztuta ditu eskuak. Nekez mugi ditzake. Baina ezinbestean jarraitu behar du saretik tiraka. 10 ordu daramatza jo eta ke, bart ere 3 ordu eskas lo eginda. Ez dauka pentsatzeko betarik, ez kexatzeko, ez haserretzeko, ez etsitzeko… «Segi tiraka, Joxe!», dio berekiko, «ez hago-eta berriketarako». Etxetik urrun dago. Oso urrun. Urrunegi. Eta munduaz babesteko etxekoen beharra sentitzen duen arren, esku zartatuen gainetik jantzita dituen hala-holako eskuzorroak baino ez ditu babes bakar. Indarra atera du berak ere ez dakien tokitik. «Beharko atera, Joxe! Hire seme jaioberriarengatik besterik ezean», adoretu du bere burua. Eta indarka dabilen bitartean, korapilatu egin zaio zintzurra, lau hilabeteko semetxoa oraindik ere ezagutzen ez duelako.

Malkoak isuri zaizkio begietatik, baina inor ez da ohartuko, itsaso haserretu gainean dantzan dabilen ontzia urak harrapatu duelako, eta bere mal-koak ur gazi horrekin ezkondu direlako. Ezkontza. Bere ezkontza etorri zaio gogora, Mariajexuxi «bai nahi dut» esan zionekoa. Horretarako ere justuan izan baitzuen denbora. Ternuatik 10 egunerako itzuli zen etxera, zorroa bizkarrean zeramala. Festa handia izan zen, bai baitzuen nola ordaindu, itsaso zakarrean bakailaotan igarotako hiruzpalau hilabeteetan bildutako diru mordoxkarekin.

Gerora ere, aise ordaindu zuten banketxearekin zeukaten 80.000 pezetako mailegua. Hiru hilabeteko kanpaina ba-tean, bakailaoa mozteko makinarekin eskuin eskuko erdiko hatza galdu zuen hartan, 107.000 pezeta irabazi zituen, eta etxearenak ordaindu ondoren, jateko eta bizitzeko adina geratu zitzaien. Egia esan, ezin zen diruaz kexatu. Baina, bestelakoan, bazuen kexatzeko motiborik; eta ez gutxi.

Katiuska eta zira horiak ditu soinean Aiertek. Izoztuta ditu eskuak, goizean lanerakoan 5 gradu zero azpitik markatzen baitzion autoak. Orain ez da askoz epelago egongo. Ternua etxeko eskuzorro berriak jantzita dituen arren, zerbitzariak mimo handiz prestatu dion kubatako izotzen izerdi freskoa sumatzen du. Ternua. «Non ote dago Ternua?», bi begiak arranpalo.

Inauterietarako mozorro aproposa iruditu zaio arrantzalearena, eta bere helburua primeran ispilatzen du gainera: «Gaur arrantzatuko dut, seguru!», pentsatu du. Kutxazain automatikotik atera berri duen 50 euroko billete lau eta leun batekin ordaindu du edaria. Astelehenetik ostiralera egiten duen 8 orduko lanean 1.200 euro irabazten ditu, eta alokairua, gainerako gastuak eta jatekoa ordainduta, ezin askorik aurreztu. Tarteka, baina, gogokoa du parrandatxoren bat edo beste egitea. Bakarrik atera ohi da. Gazteagotan zituen lagunak «ezkonduta, arrimatuta edo nolabait kateatuta» daudelako, bere ustez.

Tabernaz taberna ibili da. Edan eta begiratu. Begiratu eta edan. Lauzpabost aldiz zapaldu ditu herriko lauza berberak joan-etorri galduan. Bera eta bere itzala, alderrai. Alboan inor ez. Espuela. Azken tabernatik atera, eta jesukristoren zaparradak harrapatu du. Goian behean ari duen euriak bat egin du begietatik behera etsipenez jausi zaizkion malkoekin. Egia esan, ezin da tragoez kexatu. Baina, bestelakoan, badu kexatzeko motiborik; eta ez gutxi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>