Aitor Calvillo eta Asier Iriondo

Aitor Calvillo

Kontu gazi-gozoekin natorkizu oraingoan, Axier! Positiboan hasiko naiz, hala ere. Esan erabat poztu ninduela GoiBerri-ren otsailaren 2ko alea hartu eta Joxe Begiristainen iritzi artikulua irakurrita, Joxe bera hain baikor ikusteak. Euskara, aldi berri batera badoalakoan, CAF-en emandako aurrerapauso guztiak… Bejondeizula, Joxe! Hala ere, azken aldian hain baikor sentiarazi ez nauten kontu eta zantzuak ere sumatu ditut, ordea, inguruan. Hausnarrean ere aritu naiz. Euskaraldiaren haritik joan gaitezen prestatzen urte amaieran 11 egunez euskaraz bizitzeko. Eta bitartean Hernaniko Udala 365 egun euskaraz kanpaina iragarri eta bultzatuz.

Kontraesanez josita bizi garelakoan nago, Axier! Eta jarraian benetako kezka sorrarazten didaten adibide batzuk azalduko dizkizut. Goazen mugimendua eromena eragiten ari da gaztetxoen artean. Urrutira joan gabe, orain gutxi, urtarrilaren 27an, nire semeak Gernikara joan behar izan du hauen aurkezpen ekitaldia ikustera gertuagokoetan sarrerak agortuta zeuden eta. Poztekoa, ezta? Bada, hauxe esan zidan Manexek bueltakoan: «Aitatxo, dena oso ondo, baina badakizu saioaren ostean Goazeneko aktoreak ikusi nituela kalean eta gaztelaniaz ari zirela euren artean hizketan?». Eredu kontuez hitz egin genuen beste behin ere.

Eta to! Beste perlatxo bat! EITB euskararen normalizazioari begira sortu genuela orain 30 urtetik gora? Ezer aldatu al da harrezkeroztik? Hara, joaneko azaroaren 30ean ETB2ko kirol informatibo batean Sara Gandara aurkezleak botatakoa: «Sentimos no poderles ofrecer la informacion en castellano» errealizadorea zintaz nahastu eta euskarazkoa sartu ostean. Eta bitartean bikoizketa kontuetan murrizketak, gazteei aukerarik ez…

Calvillo-IriondoAmaitzeko, ba al dakizu EAE-ko desfibriladoreek gaztelaniaz bakarrik hitz egiten dutela? Hau al da XXI. mendeko euskaraldia?

Asier Iriondo

Joan den ostiralean, elurra eta izotza izan genituen Goierriko herri garaien honetan. Autoak Haztegi ikastolaren parean pasa zuen gaua. Goizean, kristaletako izotza kentzeko denboratxoa hartu eta gero, martxan jarri eta abiatu nahi izan nuen, baina, metrotxoa egin, eta, bide erdian, ez atzera ez aurrera gelditu zen autoa. Denbora gutxira, dozena erdi legazpiar autoari bultzaka nituen, eta ni, bitar-tean, azeleragailua barreneraino eramanda, baina alperrik, zentimetroa ere ez zen mugitu Peugeot egoskorra. Sobera ere, ez zen konturatzen luze bihurtzera zihoan auto-ilara sortu zuela.

Udaltzainak ere azaldu ziren. Tartean zen Xabi, motor kontuan han geunden denon ezagutza batzen zuena. Zaratagatik berehala antzeman zion esku-frenoa izoztuta zuela gurdiak. Minutu batzuetara hasi zen askatzen, eta aurrera jarraitu ahal izan genuen Peugeotek eta biok.

Batzuetan, irudipena izaten dut azeleragailua alperrik sakatzen ari ote garen. Aurrera egin nahi dugula, baina, esku-frenoa izoztuta daukagula. Baina, ekintzan jarri orduko ohartzen naiz, nork bultzatua eta ezagutza ere pilatuta ditugula, eta neu ere baikor sentitzen naiz, ia beti.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>