Iraia Oiartzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiartzabal

Gure eguneroko «multipantailak» ematen digun informazio jarioaz nekatuta, bertako eta kanpoko miserietatik ihesi, oraingoan txikitasunaren handitasunaz hitz egitea pentsatu dugu. Zutabe hau idaztea dagokigun bakoitzean berdintsu ibiltzen gara, zertaz arituko garen ezin erabaki. «Azken aldian herriko martxaz erabat deskonektatuta nabil», aipatu izan dugu maiz. Goizean Donostira abiatu eta iluntzera arte ez dugu herria zapaltzen; horrela egunero. Gogoan dut Bilbon ikasten emandako urteetan antzeko sentsazioa izaten nuela, urteek ordea beste ikuspuntu bat eman didate. Orduan faltan ere ez nuen somatzen, orain, aldiz, pozik esan dezaket gustuko dudala herriko bizitza. Eskertzen dudala laneko zurrunbilotik irten eta bertako lasaitasunera eskapatzea, auzokideekin topo egitea eta dendari edo tabernariekin solasean aritzea. Globalizazioaren kontzeptua makina bat aldiz entzun dugu azken hamarkadan. Izan dituen eraginen artean kontuan hartzekoa da gure bizimoduetara ekarri duena. Dena eroso, azkar eta merke nahi dugu. Eta, zintzo hitz eginda, denok erori gara joko horretan. Hasierako hariari tiraka, herriko bizimodu horretaz gehien gustatzen zaidan gauzetako bat bertako saltoki eta zerbitzuetan kontsumitzea da. Aitortzen dut azken urteetan hartutako ohitura dela hau, baina inoiz ez da berandu. Negozio txikiek egiten duten ahaleginari Oiarzabal-Belastegierrekonozimendu txiki bat ere bada hau. Elkar zainduz bizitzeko beste eredu batzuk eraiki daitezkelako.

Nagore Belastegi

«Eta zergatik ez zoaz Donostiara bizitzera?», galdetzen didate askotan. Ez dut nahi. Legazpin bizi nahi dut. Baina momentuz, behintzat, lo-herria da niretzat. Jai dudanean gustatzen zait erosketak egitera joatea, nire karroarekin gora eta behera ibiltzea, etxetik atera eta 10 minututan egin ahal nezakeena ordu betean egitea. Batekin eta bestearekin hitz egin, hiriaren inpertsonaltasunetik gehien faltan botatzen dudana hori da. Egia da nire erosketa horiek basikoetara mugatzen direla: hozkailua eta despensa bete, eta kitto. Bestelako saltokiak gutxitan zapaltzen ditut, nola ba herrira itzultzean dena itxita badago? Baina ezin dut ukatu herriko saltokiek, borrokalari txiki horiek, badutela meritu handia. Kalitatean eta zerbitzuan dago gakoa: praken tailarekin zalantza badaukat, Ibanek sorta bat etxera eramaten utziko dit; nire dekorazioko elementuak gustu handiz pertsonalizatuko dituzte Rutheko neskek; eta garbigailua matxuratzen bazait, Jesus etorriko zait etxera txantxak egiten. Ez dut herrian nahi beste kontsumitzen, baina argi daukat Legazpin bizi nahi dudala. Bizi, ez bakarrik lo egin. Gure herria bizia izateko ezinbestekoak dira saltzaile txikiak. Iraiak Bilbo gogora ekarri duenez, pasadizo bat kontatuko dizuet: Deustun bizi nintzen ni eta etxean nengoela lagun batek gauza bat eman behar zidala eta, etxeko zapatiletan jaitsi nintzen. Jendearen begirada salatzaileak ikusita konturatu nintzen hiriak eta herriak ez direla berdinak. Gora herriak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>