«Musikarekin mezu bat kontatu arren, norberak interpretatzen du gero»

Ane_Negueruela_Nogen_talde

Betidanik izan du Ane Negueruelak (Lazkao, 1994) musika presente bere egunerokotasunean. Umea zenetik du abesteko grina, baina  ez du aurrez horrelako esperientziarik izan. Nøgen taldeko abeslaria da lazkaotarra, Lys izeneko lehen diskoan entzun daiteke bere ahotsa.

Donostiako taldea da Nøgen, zu, berriz, lazkaotarra. Nola elkartu zineten?
Taldeko bi kide abestiak idazten ari ziren eta komunean dugun ezagun batek esan zidan abeslari bila zebiltzala.Talde bat sortzeko intentziorik ez genuen hasieran, eta Donostiako Cristina Enean elkartu ginen. Egun hura izango litzateke nolabaiteko nire lehen hartu-emana. Probak egiten hasi ginen eta handik gutxira kontzertu bat lotu zuten.

Zuk aurrez abeslari bezala ez zenuen honelako esperientziarik ezta?
Ez, hori da, talde baten parte inoiz izan gabe nintzen, asko jota umetan herriko abesbatzan! Pentsa zenbat denbora igaro den batetik bestera. Esperientziarik gabe abiatu nintzen Nøgenen.

Hiru kiderekin hasi zineten, baina orain bostek osatzen duzue taldea.
Bai, taldea pixkanaka osatzen joan da. Hasiera batean hiruk osatzen genuen taldea: Markel Idigorasek, Alex Irazustak eta nik. 2016ko urri aldera Olatz Cuevasekin elkartu ginen, baxua batuz gure abestietan, gorputz gehiago nahi genuelako. Azkenik, 2016ko abendu amaieran bateria baten falta sumatu genuen taldea guztiz osatzeko, eta Jokin Gilisagastirekin elkartu ginen.

Izena nondik dator?
Danierazko hitza da Nøgen, Danimarkatik dator, Markel duela hiru bat urte bertan izan zelako. Biluzik esan nahi du eta horrekin gelditu da azkenean proiektua. Diskoak, berriz, Lys-ek, argia esan nahi du.

Zer transmititu nahi duzue zuen musikarekin?
Abestiekin publikoak gozatzea bilatzen dugu. Musikarekin istorio desberdinak kontatzen ditugu, baina ondoren publikoak bere erara ulertzen du. Hori da musikak duena, zuk mezu bat zabaltzen duzu eta norberak modu batera jasotzen du. Bakoitzak, bere bizipenekin lotuta, irakurketa bat edo beste bat emango dio.
Musika alaia egiten saiatzen gara. Estilo alai horretatik abiatuta, pop eta folk doinuak nahasten ditugu.

Irratiko uhinetan ere entzungai zaudete orain.
Egia esan sorpresa izugarria izan da taldearentzat. Abuztu aldera atera genuen Lys diskoa  eta gu zabaltzen saiatu ginen.  Irratirako saltoa eman zuen eta guretzat poz izugarria izan zen. Irrati bidez, hedatzeko aukera askoz zabalagoa duzu eta benetan harrituta gelditu gara izan duen eraginarekin.

‘Nora’ izan zen lehen single-a irratian. Orain, berriz, diskoko hirurak daude irratian.
Hori da, Nora izan zen gure burua aurkeztu zuen lehen abestia. Hilabete batzuk irratian eta Top Gaztea zerrendan egon ondoren, gainontzeko bi kantak ere jartzen hasi dira. Guretzat ere ondo dator hori, lehen abestiaz gain, besteak ere entzungai badaude, horiek ere gustatzen diren seinale baita.

Zuen lehen diskoa izanik, nola joan zen grabaketa?
Oso ondo, Yon Vidaurrekin aritu ginen Muir Estudioetan grabatzen. Berarekin lan egitea oso erraza egin zaigu, asko irakatsi digu. Jokinek, bateria jotzaileak, badu esperientzia beste talde batzuekin eta lagungarria izan da hori ere guretzat.

Hasierako hiru abestiez gain, beste kantu batzuk ere izango dituzue esku artean ezta?
Zuzeneko kontzertuetan maketako hiru abestiez gain, grabatuta ez ditugun baina garai berekoak edo lehenagokoak diren abestiak jotzen ditugu. Hamabi kanta inguruko errepertorioa dugu. Hori kontuan izanda, disko luzeagoa grabatzen ari gara orain, eta lehenagokoak zein idatzi ditugun doinu berriak ere sartuko ditugu.

Disko berria beraz. Zein momentutan zaudete horrekin?
Orain instrumentuen zatiak grabatzen ari gara, eta hau amaituta ahotsak grabatzeari ekingo diogu. Martxo ingururako guztia grabatuta izatea espero dugu, baina horren ondoren nahasketa lanak datoz. Disko berria, gutxi gorabehera, uda ondorenerako prest izan nahi dugu, datorren Durangoko Azokarako posible bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>