Kaletik baserrira

Josetxo_Mendia

45 urterekin langabezian geratu, eta bere ametsa egi bihurtzea erabaki zuen Josetxo Mendia beasaindarrak. Formazioa jaso eta Zegamako Altzibar baserria erosita, nekazari lanetan dabil azken sei urteetan.

Zegama herrira iritsi aurretik, bide bazterrean ezkerretara dago Altzibar baserria. Edo baserriak, plurala erabilita. Izan ere, eraikin berean hiru bizitoki daude, izen berarekin: Altzibar. Garai hobeak ezagututakoak izango dira seguruenik Altzibar baserriak, gaur egun hiruetatik bakarra baita bizitokia. Gainontzekoak, hala ere, ez daude abandonatuta. Horietako bat, bide bazterretik hasita lehena, Beasaingo Josetxo Mendiak erosi zuen orain sei  urte, bere ametsa egi bihurtzeko.

Nekazaria da Mendia orain sei urtetik hona. Hori dio berak. Baina aurretik, bere bizitza oso bestelakoa izan da. «45 urte egin nituen arte galdaragile izan nintzen Idiazabalgo tailer batean», azpimarratu du. Tailerrak ateak itxi behar izan zituen krisiaren ondorioz, eta langabezian geratu zen Mendia. «Nekazaritza beti izan dut gustuko, niretzako aukera bat izan zitekeela pentsatu nuen, eta aurrera egitea erabaki nuen», kontatu du.

Nekazaritzarako zaletasuna nondik datorkion galdetuta, erantzuna beti da bera: gustuko izan duela betidanik. Mendia kaletarra da jaiotzez, baita bere familia ere, ez du inoiz baserriarekin zerikusirik izan. Baina erakarpen hori beti egon da hor.

Bizitzako apustua

Nekazaritzaz ezer gutxi zekienez, lehendabiziko pausoa formazioa jasotzea izan zen. «Fraisoron ikastaro trinko bat egin nuen». Bitarte horretan, erosteko edo alokatzeko lursail bila hasi zen. «Gipuzkoan oso zaila da, ezinezkoa ez esatearren, erosteko edo alokatzeko lursailik aurkitzea», dio. Azkenean, Altzibar baserria eta haren lursailak erosteko aukera sortu zitzaion eta aurrera egitea erabaki zuen. «Ez zen erabaki erraza izan, apustu erraldoi bat izan zen. Baina 45 urterekin langabezian geldituta, pausoa emateko unea zela erabaki nuen», azpimarratu du.

Behin ikastaro trinkoa amaituta, praktikak egin zituen Astigarragako Lizardi baserrian. «Badira 16 urte ekologikoan aritzen direla Lizardin. Hantxe ikasi nuen dakidan gehientsuena», esan du. Praktikak egin bitartean, martxan jarri zuen Altzibargo bere baratzea, 2012an. Urte bete beranduago Beasaingo azokan hasi zen bere produktuak saltzen. Hasieran dena berria zela berarentzat aitortu du, eta orain, urteak pasata, beste segurtasun batekin aritzen dela lanean. «Formazioa izatea bezain garrantzitsua da norberaren lurrak ondo ezagutzea —zenbat eguzki jasotzen duen, zer hezetasun maila daukan…— baita dauden gaixotasunak ezagutzea ere», gehitu du.

Mendiak hasieratik garbi izan zuen ekologikoan arituko zela. «Beste eredu batzuk ere ezagutu nituen, baina ez ninduten bete», dio. Ekologikoa biderik garbiena eta zuzenena dela sinisten du. «Kimikoak erabil-tzeak osasun arazoak sortu ditzake kontsumitu ostean, eta gainera, lurrari ere kalte egiten diote». Produktuak ekologiko bezala saldu ahal izateko ziurtagiri baten jabe izatea beharrezkoa da. «Ni ENEEK elkarteko kide naiz, eta gutxienez ur-tean behin ikuskaritzak egitera etortzen dira baratzeetara».

Gaurko ereduak ezbaian

Beste baldintza batzuk betetzea ere beharrezkoa da ekologikoan aritu ahal izateko, kimikorik ez erabiltzea horietako bat, noski. Bestalde, Mendiak ereiten dituen landare edo hazi guztiak ere ekologikoak dira, «edo bestela gure landareetatik eratorritakoak». Lurrari ez zaio atsedenik ematen urte guztian, etengabe ereiten da. Errotazio sistema erabiltzen du Mendiak: «Honek esan nahi du ez garela modu intentsiboan aritzen, lurra ez pobretzea eta biodibertsitatea mantentzea lortzen dugu modu honetan».

Mendiak 45 bat barietate landatzen ditu orotara bere baratzeetan. Barietate horietako batzuk lan gehiago ematen diote lurrari beste batzuk baino, «tomateak, pepinoak… adibidez asko nekatzen dute lurra, lekaleek nitrogenatu egiten dute, eta barazki hostodunak erdi bideko zerbait direla esan daiteke». Batak eta besteak txandaka landatuz lurraren oreka bilatzea da, hortaz, errotazio sistemaren helburu nagusia.

Bere produktu ekologikoak hiru bide ezberdinetatik saltzen ditu gero, Mendiak. Beasaingo azokan postua jartzen du astero, Beasaingo Andramendi ikastolari barazkiak saltzen dizkio  Ekolapiko proiektuaren barruan, eta Ordiziako kontsumo taldeko hornitzailea ere bada.

Azoken etorkizunari buruz galdetuta, etorkizun ilunik ez diola antzematen aitortu du, baina eredua aldatzearen beharraz aritu da. Beasainen, adibidez, hilean behin larunbatetan ere azoka jartzen dute, «gazteei, lanean dauden horiei ere aukera bat emateko». Bestalde, jendearen erosketa ohiturak aldatzeko beharra ere badagoela dio, «ekologikoa eta bertako produktua kontsumitzeko kontzientzia sortu beharra dago». Oraindik «lan handia» dagoela egiteko uste du.

Kontsumo taldeak nekazarientzako beste alternatiba oso eraginkor bat direla uste du, zentzu askotan. «Segurtasuna ematen dute, ereiten duzun hori salduta duzula jakitearen segurtasuna», azpimarratu du. Etorkizunean urratu beharreko bidea hortik irudikatzen du Mendiak. Bera hasi da jada.

Negua oso euritsua izaten ari da eta uztan eragin zuzena izango du

Eguraldia ere faktore erabakigarria da nekazaritzan. Uzta ona ala txarra izan, bere esku izaten da askotan. Mendiak dioenez, aurtengo negua oso euritsua izaten ari da, eta horrek eragin zuzena izango du udaberriko uztan.

Abendutik hona euri asko bota du. «Urtarrilaren amaieran soilik izan ditugu lau egun jarraian lehorretik. Azken hiru hilabeteetan urte erdian bota beharreko euria bota du», esan du Mendiak. Euriaz gain, eguzki falta ere «ikaragarria» dela dio, ondorioz, landareak ez dira behar bezainbat hazi, ito egin dira, usteldu…

Lurra busti-bustia dago eta ez dago ezer egiterik momentuz. «Lurra horren bustia dagoenean ezin da ukitu, ezta erein ere, lurra zanpatu egiten baita». Ondorioz, udaberriko uzta ere beranduago iritsiko da aurten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>