Urrea balio du

Joseba ImazAzkenaldian zeresana ematen ari da Nafarroako Burlata herria. Festetan xexenak askatu eta kalean gora eta behera ibiltzeko ohiturari buruz herritarrei galde gitea erabaki zuen udalak, eta berriki egin dute kontsulta hori. Eztabaida piztu du galdeketak Iruñerrian. Zezenei lotutako usadio eta denborapasak aski errotuak baitaude nafarren artean eta normala da halako erabaki batek hautsak harrotzea. Horregatik agian, harrotutako hautsen artean, arreta handirik piztu gabe pasa da Burlatako herriko etxeak berriki hartutako erabaki bat: jolaslekuen inguruko kale ohar edo afitxak aldatzea.

Azken urteotan ia konturatu gabe zabaldu zaizkigu auzo eta kaleetan halako ohar eta seinaleztapenak. Haurrei bizikletan ibiltzea edo futbolean jolastea debekatzen dieten kartelak dira. Herriko kale, plaza, arkupe eta parke jakin batzuetan jarri izan dituzte, haur eta gaztetxoen jolasek gainerako bizilagunengan sor dezaketen ustezko arriskua eta deserosotasuna mugatzeko edo.

Burlatako herriak hartu duen erabakiaren arabera, lehen prohibido jugar edo jolastea debekatua esaten zuten afitxen lekuan, errespetuz jolasten gara/ jugamos y respetamos izeneko beste batzuk jarri dituzte orain. Debekua altxa dute gune horietan, nolabait esateko, baina herritarrei gogorarazi diete gainontzeko bizilagunei eragozpenik sortu gabe aritu behar dela espazio publikoan.

Pentsatzen jarrita, erabat zentzuzkoa dirudi erabakiak. Haurren obesitateaz, bizitza sedentarioaz, umeen imajinazio faltaz, mugikor eta bideo kontsolen diktaduraz eta halakoez hain arduratuta bizi garen garai hauetan, kontraesan ulertezina delako haurrei kalean jolasteko aukera hainbeste mugatzea.

Badakit gure populazioa, adinari dagokionez behitzat, gero eta zaharragoa dela. Zahartzaroan kokatzen dugun biztanlegoa nagusitzen ari dela demografia piramidean. Gero eta garrantzi handiagoa aitortzen diogu oreka mantendu eta heldu eta adinekoentzako kale eta auzo lagunkoiak egokitzeari. Eta hala behar du. Baina hortik kale kantoietan futbolean edo pilotan jokatzea debekatzera, tarte handia dago. Oreka hori bilatzeko, debekua baino, agian hezkuntza eta formazioa bezalako armak erabiltzea egokiagoa izan daiteke. Eta hori gizarte osoaren ardura da.

Gogoan dut mutiko kozkorrak ginenean kaleetan izan ohi genuen xextra. Pertsona helduak (jubilatuak esaten genuen orduan) urduri jartzen ziren espaloiean beren ondotik bizikletan pasatzen ginenean. Beldur izaten ziren, noiz bizikletarekin jo eta lurrera botako eta hala adierazten ziguten. Askotan arrazoirik ez zitzaien falta, batetik bestera ziztu bizian joaten ginen eta.

Baina garai hartan errepidean ez zegoen bizikletekin gaur izaten dugun errespeturik –oraindik badago zer hobetua–, eta karreterara ez zegoen irteterik. Ezta pentsatu ere! Gaur egungo ikuspegitik zaila da debate hura ulertzen. Batetik, bizikletan ibiltzeko espazioak garatu direlako gure herri eta auzoetan eta, bestetik, ziur asko guztiok (oinezko, gidari eta txirrindulari) kultura garatuagoa dugulako espazio publikoan mugitzeko garaian. Eta bizikidetza urbanoa erraz eta orekatuagoa da gaur egun, zorionez.

Badut esperantzarik kaleetako jolas lekuekin ere gauza bera gertatuko den. Kaleetan haur eta gazteak jolasean egin ahal izateak badakar arazoren bat edo beste. Hala da. Tartean eraikin publikoren bateko kristalen bat edo beste haustea, esate baterako. Baina kaleetan haurrak jolasean ikusteak, herriko gainontzeko haur, gaztetxo eta, oro har, herritarrekin kontaktuan, horrek urrea balio du. Hautsitako kristal guztiekin alderatuta, izugarrizko balioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>