Bestelako psikiatria bat posible da

Garbiñe EtxanizLaponiako (Finlandia) Keropudas ospitalean ez da ohikoa gaixo mentalak ospitaleratzea, eta tarteka bakarrik ematen zaizkie botikak. Ospitaleko langileak, pazienteak eta senideak edo lagunak bilkura irekietan parte hartzen hasi ziren; parte hartzaile bakoitza libre sentitzen zen bere pentsamenduak partekatzeko eta, horrenbestez, ohiko psikoterapiatik urruntzen zen aukera bat ematen zitzaien pazienteei. Esperientzia horrekin hasi eta gero, ulertu zuten pazientearen ideiei arreta gehiago eskaini behar zitzaiela, eta baita pazientearen familiari ere. Seikkula doktoreak dioenez, «zenbait pazientek bizimodu nahikoa bitxia eraman arren, bizitza aktiboa dute; baina botikak ematen badizkiegu, eta botika horiek nerbio sisteman duten eragin lasaigarriaren ondorioz, beraien bizitzaren kontrola galtzen dute, pasiboak bihurtzen dira, eta beren burua zaintzeko gaitasuna galtzen dute».

Laponia mendebaldeko instituzio psikiatrikoetan 100 langile inguru ari dira lanean eta guztiek familia terapian formakuntza jaso dute hiru urtean zehar, 900 ordu. Ondorioz, elkarrizketa irekiaren terapia pazienteak artatzeko modu oso landua da.

Psikosia ulertzeko modu oso desberdina dute, larri kaltetuta dauden giza harremanetan sortzen dela uste baitute. Garbi dute psikosia ez dela buruan bizi; familiako kideen eta pertsonen artean bizi da, gizartean, harremanetan, eta psikotikoa da horri ikusgarritasuna ematen diona, berak bizkar gainean hartzen ditu sintomak eta horiek eramateko pisua.

Psikiatria arloko langile ge-hienak familia terapiako formakuntza dutenez, sistema gai da erantzun azkar bat emateko krisi psikotiko bati. Lehendabizi harremanetan jartzen dira pazientearen inguruko pertsona batekin, eta bera arduratzen da bilera bat antolatzeaz hurrengo 24  orduetan; bilera egiteko lekua familiak eta pazienteak erabakitzen dute. Lekurik gogokoena pazientearen etxea da; bertan biltzen dira bi-hiru terapeuta, eta horiek osatzen dute pazientearen jarraipen osoa egingo duen taldea. Lehenengo bileran, guztiek garbi dute ez dakitela ezer, eta horregatik, beren lana da elkarrizketa irekia sustatzea, guztiak aske senti daitezen pentsatzen dutena adierazteko.

Lehenengo bileretan antipsikotikoak ez dira aipatzen. Pazientea hobeto lo egiten hasten bada, higiene pautak jarraitzen hasten bada, eta gizarte harremanak berreskuratzen hasten bada, terapeutek badakite pazientea bere bizitzaren kontrola hartzen ari dela eta medikamentua ez dela beharrezkoa izango. Tarteka benzodiazepina ematen zaie lo egiten laguntzeko edo pazientearen antsietatea gutxitzeko, eta bukaeran neuroleptikoren bat ere egokia izan daiteke dosi txikietan. Ge-hienetan botika horiek hainbat hilabetetan hartzeko aholkatzen zaie, baina arazoak desagertzen direnean, sei hilabete edo urte beteren ondoren, edo batzuetan baita hiru urteren buruan ere, medikamentua uzteko pautak ematen dira.

Hasiera-hasieratik terapeutek itxaropen mezua ematen diete bai pazienteari baita senideei ere; krisia gainditzeko gai izango direla esaten diete, esperientziak erakutsi dielako pazienteek hobetzeko gaitasuna dutela, eta aukera horretan itxaropen osoa dute. Egia da batzuetan berreskuratze prozesua luze joaten dela ­–bi, hiru edo bost urte–; izan ere, nahiz eta sintoma psikotikoak nahikoa azkar gutxitu daitezkeen, pazienteak bere bizitzaren kontrola hartzeko eta gizarte harremanak berreskuratzeko denbora behar da. Terapeuta taldeak bilerak egiten jarraitzen du pazientearekin eta familiarekin, eta prozesuak hartzen duen bidearen arabera, bilera horietan parte hartzeko eskatzen zaie baita ere pazientearen irakas-leei edo pazientearen lantokiko arduradunari. Garrantzitsua da harreman eremua, familiarekin eta lagunekin, berriro martxan jartzea.

Laponia mendebaldeko familiak eroso sentitzen dira pertsonak artatzeko modu abegikor honekin, eta ospitalera deitzen dute psikosi zantzuren bat antzeman orduko. Horri esker, sintoma psikotikoek hilabete baino gutxiago irauten dute normalean, eta hasierako tratamendu egoki batekin oso gutxik garatzen dute eskizofrenia. 1980. urtetik, Laponia mendebaldean bi-hiru eskizofrenia ka-su berri bakarrik ematen dira urtean, %90 gutxiago hain zuzen.

Eta, nolakoak izaten dira elkarrizketa irekiko saio horiek hainbesteko arrakasta izateko? Parte hartzaile guztiak borobi-lean esertzen dira, oso lasai. Norbaitek hitza hartu baino lehen, askotan, isilune bat izaten da, hitz egin behar duena bere pentsamenduak jasotzen ariko balitz bezala. Tarteka barreak ere izaten dira. Inork ez du beste norbaiten gainetik hitz egiten, baina inork ez du denbora ge-hiegiz hitz egiten. Adeitasuna eta apaltasuna elkarrizketa osoan zehar. Terapeutek beraien artean hitz egiten duten bakoitzean, pazienteek eta familiek arreta handiz entzuten dute, terapeuten aholkuak jasotzea baino nahiago baitute benetan zer pentsatzen duten jakitea, zintzotasuna.

Keropudas ospitaleko langileek ere ez dakite oso ondo zergatik diren hain terapeutikoak bilera horiek, baina garbi dago jarrera errukitsu eta maitakorrago batekin laguntzeko intentzioak mirariak egin ditzakeela, eta zalantzarik gabe, besteen aurrean garen bezalakoak agertzeko baimenarekin sentitzea balio terapeutiko gehien duen efektu psikologikoetako bat da.

(Daniel Mackler-en Open dialogue dokumentala hemen da ikusgai gaztelaniako azpitituluekin: http://wildtruth.net/dvdsub/es/. Bihotzez gomendatzen dizuet).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>