Txakurra lagunik onena denean

Jose_Miguel_Arratibel__txa

Betidanik izan dira txakurrak Jose Miguel Arratibelen (Ordizia, 1952) bizitzaren parte. Ordiziako Leku-Ederren bizi zirenean, Tony izeneko arratoi-txakurra zuten txabolan; Arramendi baserrira joaten zenean, hango txakurrekin ibiltzen zen… Gerora, artzain txakur belgikarrak ezagutu zituen eta harrez gero bere ondoan izan dira beti. Gaur, Kalinka bi urteko emearekin konpartitzen du Legazpin bere etxea.

Txakur horiekin duen harremana 1968an sortu zen. Orduan 16 urte zituen eta Miarritzera lagunekin egindako txango batean, gizon dotore bat ikusi zuen txakur handi batekin paseoan. Txakurra gustatu eta inguratu egin zitzaion gizonari, zein arrazakoa zen galdetzeko: artzain belgikarra zen, tervueren barietatekoa, Parc de Sceau-n (Paristik gertu) jaiotakoa eta Madame Rivierek hazitakoa. Gizon hark –Modat doktorea zen– bere interesa ikusita, «ikasiko duzu laguntxo!» esan zion. Eta ikasi, ikasi du arraza horri buruz, baina ez ikas daitekeen guztia.

Sophie, Ikatz euskaraz

Artzain belgikarren inguruan informazioa liburutatik jasotzen hasi, eta 1979an sortu zen Espainiako artzain txakur belgikarren elkarteko (CEPPB) lehen bazkideetakoa izan zen Arratibel,  Begoña Irizar emazte legazpiarrarekin batera. Lehen artzain belgikarra ordea, ez zuen 1980era arte erosi. Ordurako Legazpin bizi zen, emaztearen familiaren etxean –Krispinen etxea bezala ezagutzen da; Krispin bere aitaginarreba zen–. Toki aproposa zen eta da txakurra edukitzeko, kalean bertan egon arren, baratzeaz eta lorategiz inguratuta egon delako beti.

Sophie de la Nouë Sain Eloy zuen izena Arratibelen lehen artzain belgikarrak. Bi hilabeterekin ekarri zuen Frantziatik  eta 16 urte egin zituen Arratibel-Irizar familiaren Legazpiko etxean. Ikatz izena ere jarri zioten iritsi berritan, beltza zelako eta familiakoentzat izena errazagoa izan zedin.

Sophye edo Ikatzen ondoren txakur gehiago etorriko ziren: Lord, Tess, Amalur… eta Kalinka, gaurkoa.

Lehiaketaz lehiaketa

Kalinkak bi urte ditu, eta bes-teak bezala, emea da, baina ez edonolako emea, bere bizitza laburrean artzain belgikarren lehiaketatan saritua izan delako behin baino gehiagotan.

Ez dira Kalinkarekin irabazitakoak Arratibelek dituen sari bakarrak, aurretik izan dituen txakurrekin ere aipamen ugari lortu dituelako.

Lehiaketa horietan txakurrak sailkatu egiten dira, nolabait esateko. Neurriak, ilearen kalitatea, hankak, azazkalak, aldakaren kokapen egokia, itxura orokorra… hartzen dira kontuan, eta arrazaren ezaugarrien estandarrekin alderatzen dira. Bikaintasuna lortzea da animalia horien jabeen helburua. Izan ere, zenbat eta sailkapen hobea eskuratu, txakurrek izen handiagoa izango dute hazkuntzari begira. Eta izen hori oso garrantzitsua da txakurkume bat saltzerakoan.

Arratibelek gertutik ezagutzen ditu lehiaketa horiek, So-phie izan aurretik gainera. So-phierekin hasi zen lehiatzen, baina lehenago lehiaketak ikustera joaten zen, txakur arraza horri buruz ikastera eta berak zekiena konpartitzera. Espainiakoetan eta Frantziakoetan ibili da nagusiki, eta epaile ere izan da behin baino gehiagotan Espainiako kluberako eta Donostiako txakur elkartearentzako.

Korosti haztegia

Arratibelen txakurrek ez ezik, berak hazitako beste txakur batzuek ere lortu dituzte aipamen garrantsitzuak lehiaketatan, tartean Springer Spaniel arrazako batzuk, horrelakoak ere hazi zituen eta artzain belgikarrekin hasi aurretik.

Korosti du izena bere haztegiak, eta edozein arrazako txakurrak haz ditzake. Nazioarteko Txakur Federazioan lortu zuen izen hori erabiltzeko baimena. Eta nazioarte mailako arauei jarraiki, Korosti abizen moduan jartzen zaie bere haztegitik ateratzen diren txakur guztiei. Hala, Kalinkaren izen osoa Kalinka de Korosti da.

Hazlea beti da emearen jabea, eta Arratibelen betebeharra, hazle afizionatua den aldetik eta geroz eta txakurkume hobeak izan nahi baditu, bere emearentzako ar onena aurkitzea da. Horretarako Frantziara, Italiara, Belgikara eta Suitzara ere joan izan da, eta emaitza, izen handiko txakurrak izan dira.  Bere etxean hazitako txakur batzuk erreskate txakur bikainak izan dira, esaterako.

Baina bera ez da profesionalki txakurrak hezten jarduten, eta horregatik Korosti haztegian bost kumaldi izan dira bakarrik ia 40 urtean, 30 txakurkume soilik. Hala ere, berak ezin izan duen tarteetan, lagun on batzuk hazi dituzte bere partez txakurkume gehiago. Ez ditu inoiz ere saldu, oparitu baizik, eta hazkuntzatik eratorritako gastuak bakarrik kobratu ditu. Berak hazten dituen bezalako bi hilabeteko txakurkume batek, hau da, guraso ezagunak dituena, behar bezala txertatua, displasia erradiografia egina duena, txip identifakatzailearekin eta arrazakoa dela ziurtatzeko LOEn (Espainiako jatorrien liburua) inskribatua, 1.000 euroan sal daiteke.

Hazkuntza lanak etxean bertan egiten ditu Arratibelek, bebarruan egokitutako txoko batean, mimo handiz.  Orain, Kalinkarentzako ar baten bila dabil, eta badu bat begiz jota, Galizian. Jabeekin harremanetan jarriko da laster.

Familia handitzear

Bere denboraren zati handi bat eskainiko dio Arratibelek prozesu horri. Duela hiru urte jubilatu zen, lan bizitza luze baten ondoren. Goierri Lanbide Eskolan irakasle izan zen, Espaina osoan industria-mantentze teknikaria izan zen gero, eta  1980tik Legazpiko Udalean hainbat lan burutu ditu. Lanean ari zenean txakurrak bere afizioa baziren, are gehiago orain, denbora gehiago duenean. Berak ondo tratatzen ditu, eta trukean, laguntasuna eta zoriona ematen diote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>