«Euskal Herria gehiago ezagutzeko balio du»

E_aut_Arretxe-1Eñaut Arretxe segurarrak 23. Iparra Hegoan parte hartuko du. Aurtengoak badu berezitasun bat, gaia ‘Gazteak Euskal Herrian’ izango baita.

Iparra Hegoa martxoaren 12tik 18ra ospatuko da. Gaia ‘Gaz-teak Euskal Herrian’ izango da.
Aurten gazteen gaia aukeratu da. Gehienbat Iparra Hegoaren etorkizuneko erronketako bat belaunaldi berriak tartean sartzea delako. Horren ildoan izango dira ekintza eta hitzaldiak, eta aurten bereziki gazteen topagune bat antolatu da, dinamika berezi bat bezala gaiarekin lotuta egongo dena.

Aurreko urteetako edizioak ere, zu segurarra izanda, gertutik jarraituko zenituen?
Gure belaunaldikoak Iparra Hegoko umeak garela esan genezake. Gazte bezala, badira bost bat urte gazte asanbladatik ere antolaketan parte hartzen dugula, larunbatetan ospatzen den Gazte Eguna prestatuz.

Iparra Hegoko gaiak beti izaten dira gizartean denon ahotan dabiltzanak. Aurtengoak alde horretatik beste zentzu bat hartu du.
Bai, aurrez esan bezala, Iparra Hegoaren helburu bihurtu delako jada belaunaldi berrien transmisioa egitea. Gazteak antolakuntzan sartuz mugitzea, izan segurarrak zein ekimen honen inguruan interesa duen oro; belaunaldiz belaunaldi pasa den filosofia horri eustea da aurtengoaren funtsa.

Zuk ba al duzu gogoan markatu zaituen gairen bat?
Bai, duela bi urte egin zen Kataluniaren ingurukoa. Urte batzuk badira gai hori pil-pilean dela, eta duela bi urte horregatik hautatu zen. Azken urteetako bereziena bezala gogoratzen dut, Iparra Hegoara kataluniarrak gerturatu zirelako. Berezia eta desberdina izan zen; Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herrikoak biltzen gara normalean, eta jauzi bat egin zen Kataluniara begira jartzean.

Gazteak gai bezala aukeratu izanak zer esan nahi du, geldi samar daudela?
Ez dakit, alde batetik joera bat badago gazteok geldi gaudela esateko, baina ez dakit guztiz horrela den. Azken urteetan gure gurasoek antolatu zutena ez dela osotasunean transmititu ikusi da, hori egia da. Baztandarren Biltzarrean gertatu da hori esaterako. Kasu batzuetan hutsunea ikus daiteke, baina ez nuke esango gazteak geldi gaudenik. Nik uste dut interes aldaketa bat dagoela, eta lan egiteko modua ere aldatu da.

Zer egin behar da gazteak gehiago mugitzen hasteko?
Nik uste dut aukera eman behar zaiela nahi dutena egiteko. Hau da, leku eta guneak sortzeko askatasuna izan behar dute, beraiek mugiarazten eta kezka eragiten dieten gaiak jorratzeko. Askotan, aurretik datozen ohitura horiei segitzeko beharrak bultzatzen dituzte ekintzetara, nahiz eta ez gustatu. Ez zaie uzten burutu nahi dutenaren aukeraketa egiten. Ez zaie galdetzen beren uste edo arazoen inguruan; inposizio moduko baten bidez esleitzen zaizkie gai batzuk: alkohola, drogak, sexua… Beraiei hitza ematea hobe da, eta beren intereseko gaiak landu ditzatela.

Martxoaren 14an gazteen arteko topaguneak azaltzeko mahai-ingurua duzu.
Bai, gehienbat Euskal Herriko gazteen topalekuak zein diren azalduko dugu. Nik Seguran duela bost urtetik hona antolatzen dugun larunbatetako Gazte Egun horren ingurukoa azalduko dut. Nola hasi ginen Euskal Herriko hainbat tokitako gazteekin harremanetan izango dut hizpide, nola antolatzen dugun egun bat Iparraldetik, Bizkaitik edo Gipuzkoako txoko desberdinetatik etortzen direnekin. Gure esperientziaren berri emango dut, eta aurten egingo den  bilgune berezi horren inguran ere arituko naiz. Aurten jai giroaz gain, beste hainbat kontu ditugulako.

Aurten esfortzu berezia egin duzue, larunbat horrek festa giroaz gain beste zerbait izateko ez?
Bai, askotan izaten dugun barne borroka hori izaten da, parrandara bakarrik mugatzen garela. Egia da, baita ere, eraginkorra dela eta elkar ezagutzeko oso tresna egokia dela, baina ezin gara horretara bakarrik mugatu. Larunbat goizean herriko kutur etxean biltzeko deia egin da, mundu guztia dago gonbidatuta, eta gazteoi eragiten diguten hainbat gairen lanketa egingo da. Hainbat gai aipatuko ditugu, etxebizitza dela, lana dela, herri mugimenduak direla…

Segurarra izanik, ekintza hauetatik kanpo Iparraldearekiko lotura hori nabari al duzu?
Lagunak egiteko ere balio izan digu guri Iparra Hegoak. Ipar Euskal Herria gehiago ezagutzeko ere balio izan digu guri, eta, esaterako, egun ez dugu esaten Iparraldetik datozela, gehiago zehazten dugu. Hori da adibide garbiena, eta bi aldeei eragiten digun zerbait da. Izan ere, beraiek ere ez diote hegoaldera datozela, Segurara datozela baizik. Iparra Hegoak, niri eta beste askori, Ipar Euskal Herria kokatzeko balio izan digu, bertaratzeko eta hobe ezagutu ahal izateko.

Azpitik datozen segurarrei zer esango zenieke?
Iparra Hegoa bezalako ekimen batekin, Seguran, izugarrizko zortea dugula iruditzen zait. Herrian honelako zerbait antolatzeak, eta parte hartzeak, merezi duela esango nieke. Gauza asko ikasten dira eta bidean lagun pila bat egiten dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>