Beti ikasteko prest

Rosarito_Lasa_eta_Mari_Kar-4

Ordiziako Jakintza Ikastolaren sorrerako lehen bi andereñoak izan ziren Rosarito Lasa eta Mari Karmen Oiarbide. Lanbide ez ezik, bizitzarako bide ere izan da haientzat irakaskuntza. Ikasiz eta irakatsiz aberastea izan dute ipar.

Ilusioz, kemenez, eta ikasteko eta irakasteko gogoz betetako neska gazteak ziren Mari Karmen Oiarbide (Ordizia, 1942) eta Rosarito Lasa (Ordizia, 1948) ikastolaren aldeko batzordeak andereño izateko proposamena egin zienean. Ordizian umeak euskaraz hezteko eta hizkuntzaren transmisioa ziurtatzeko giroa sortzen ari zen, artean gaztelera nagusi zen herrian.

Lazkaotik barrena iritsi zen Ordiziara ikastola sortzeko ideia, Joxe Ramon Gaztañaga buru zuen Amets Bide Guraso Elkartera. Egitasmoa begiz jo, eta 1965ean ikastolaren aldeko batzordea eratu zuten hainbat gurasok elkarte horren babesean, Gaztañaga bera presidente jarriz. Bilerak antolatzen, eta ikastolaren izatea, helburuak eta funtzionamendua zehazten hasi ziren. Urte hartan bertan egin zuten lehen saiakera, baina ikastola nahi ez zutenen salaketak tarteko, ez zuen aurrera egin.

Gurasoak, ordea, ez zeuden etsitzeko. Herrian lanean jarraitzen zuten, urratsak egiten. 1967an Oiarbide eta Lasa Andereñoen Erresidentziara bidali zituzten, Donostiara. Sei hilabeteko egonaldia egin zuten han, gurasoek ordainduta. Eskolak emateko oinarrizko prestakuntza jaso zuten, eta garaiko metodo pedagogiko berrietan trebatu ziren. Dena prest zuten gurasoek Ordiziara  itzuli zirenerako.

Sanperio kaleko lokal batean, gaur egun Pilotazale elkartea dagoen tokian, ireki zuten Jakintza Ikastola 1968ko urtarrilaren 8an, astelehenez. Lau horma eta zementuzko lurra, eta bi arbel eta formikazko mahai bat, besterik ez zegoen lokal hartan. Eta Fagor kooperatibak emandako butanozko estufa bat neguko hotzari aurre egiteko. Ikastola bultzatu zuten gurasoen seme-alabak izan ziren lehenengo ikasleak, 50 inguru.

Hezkuntza berri bat

Jakintzaren 50 urteko historia jasotzen duen Itzaletik Argira liburuaren azaleko argazkia erakutsita jarri du lehen hizpidea kazetariak. Rosarito Lasa ageri da ikasle bati azalpenak ematen arbelean. «Ni aldameneko gelan nengoen, bionbo batekin banatzen genuen gela», gogoratu du Mari Karmen Oiarbidek. Eta Lasak ondotik: «Oso garai polita izan zen. Nik 20 urte nituen.  Egiten ari nitzen beste ikasketa batzuk utzi eta hemen sartu nintzen bete-betean. Ilusioz beteta geunden».

Rosarito_Lasa_eta_Mari_KarMari Karmen Oiarbide: «Heldutasunera heltzen lagundu didaten urte gogor eta aberatsak izan ziren»
Rosarito Lasa: «Berriro jaioko banintz, gauza bera egingo nuke, eta gainera, ilusioz eta pasioz»

Lehenak 3 urteko haurrak hartu zituen, bigarrenak 4 eta 5ekoak, nahasian. Bi berritasun ekarri zituen Ordiziako hezkuntzara Jakintzaren hasiera hark; bat, neskak eta mutilak ikasgela berean egoten zirela, eta bi, 3 urteko umeak hartzen zituen ikastetxe bakarra zela. Mojak, esaterako, 4 urtekoekin hasten ziren, eta eskola publikoak 5-6 urtekoekin.

«Garai hartan, gehienak sei urtera arte ez ziren hasten, eta eskola zen irakurri eta matematika, ez zegoen besterik. Gurean, hiru urteko umeen gurasoak lasai egoten ziren, baina lau edo bost urtekoenak irakurketa eskatzen hasten ziren, eta guk lasai egoteko esaten genien, aurretik beste lanketa batzuk egin beharra zeudela», adierazi du Oiarbidek. Ikastaro batzuetan psikomotrizitatea zer zen ezagutu zutela ere oroitu du Lasak, eta horretan ere aritzen zirela.

Euskararekiko kezka

Ordiziako kale hizkuntza gaztelera zen garai haietan. «Etxe barreneko hizkuntza zen euskara, eta familia batzuk bakarrik mantentzen genuen, oso gutxi ginen euskaraz egiten genuenak», nabarmendu du Rosarito Lasak. Dendak aipatu ditu Mari Karmen Oiarbidek: «Feria dela eta hitz egiten zen euskaraz dendetan, lanbide horretan ere euskaldunak behar zirelako».

Ordiziako errealitate soziolinguistikoaren isla zen ikastola. Ikasle euskaldun eta erdaldunak zituzten hasierako talde haietan.  Oiarbidek gogoan du «lan asko eta zer pentsa handia» ematen ziela egoera hark. «Euskaldunak berehala jartzen ziren erdaraz hitz egiten, baina noski, guk nahi genuen erdaldunek euskaraz ikastea».

Material prestaketa

Hiztegia lantzeko, esaterako, aldizkarietatik irudiak hartu eta erantsi egiten zituzten. Eta sormena lantzeari berealdiko garrantzia ematen zioten, Lasak argitu duenez. «Ipuinak asmatzen genituen, txotxekin irudiak egiten genituen lurrean, pottokak–diruaren balioa emanez– erabiltzen genituen matematika lantzeko eta denda muntatzen genuen trukeak egiten ikasteko, irakurketa naturala egiten genuen, umeei nahi zutena idazten uzten genien…».

Martin Txilibitu zen irakurtzeko zuten liburu bakarra, eta gainontzekoa andereñoek prestatzen zuten. Orrien kopiak egiteko, esaterako, teknika artisauak erabiltzen zituzten  –menbrillu teknika hasieran eta vietnandarra geroago–, eta inguruaren behaketari garrantzia berezia ematen zioten. «Ia astero, egun batean edo bitan, ateratzen ginen mendira. Ikastolan hasi eta bi-hiru urtera, multzoetako teoriarekin hasi ginen, eta materialik ez genuenez, hostoak, harriak… biltzen genituen multzoak egiteko», kontatu du Oiarbidek.

Ordu askoko langintza

Gurasoen kezkak argitzeko hilean behin-edo –batzuetan maizago– bilerak egiten zituzten. «Guk Irakasle ikasketarik ez genuen, eta kezka hori bazegoen gurasoen artean, haien umeei zer irakatsiko ote genien. Meritu handia zuten garaiko gurasoek», nabarmendu du Lasak.  Euskara irakasten ere aritu ziren Gau Eskolan pare bat urtean, titulurik gabe. «Ausartak ginen», diote.

Gero, Alegiatik Legazpira arteko andereñoak astean hirutan gutxienez biltzen hasi ziren Beasainen, materialak trukatu eta elkarren berri izateko . «Elkarlana oso garrantzitsua zen», nabarmendu du Lasak, eta Oiarbidek honakoa gehitu: «Eztabaida dezente egoten zen ikastolen eginkizunaz, gizartegintzaz… eta gogoratzen naiz asko ikasten genuela gauza askori buruz: bilerak egiten, errespetuz hitz egiten…».

Eta tartean, lerrootan kabitzen ez diren hamaika ibilera eta pasadizo. Guardia Zibilaren eta ikuskarien bisitak, irakasle titulugabe eta tituludunen arteko eztabaidak, ikastolako egoitzen aldaketak –San Inazion eta Villa Eugenian finkatu bitarte beste sei egoitza izan ditu Jakintzak–… eta, mingotsetik ihesi, baita une gozo asko eta asko ere.

Bizitza osoa hezten

Mari Karmen Oiarbide 1982. urtera arte aritu zen andereño Jakintzan. Irakasle ikasketak atera berritan, urtebeteko atsedena hartu eta bidaia batera joan zen , eta itzuli zenean, tokirik ez zuen Ordiziako ikastolan. Batean eta bestean jardun eta gero, Hernaniko Langile ikastolan bukatu zuen irakasle ibilia. Gaur egun Donostian bizi da. Rosarito Lasak, berriz, Jakintzan osatu zuen 40 urteko  ibilbide profesionala, harik eta orain hamar urte jubilatu zen arte.

Irakaskuntzak –eta berezi Jakintzak– haien bizitzan suposatu duenaz galdetuta, hauxe dio Oiarbidek: «Urte oso gogogorrak izan ziren, baina baita aberatsak ere, nolabait lagundu didatenak heldutasunera heltzen. Irakaskuntza beti izan da zerbait gehiago ikasteko modu bat». Lasak «elkarlana eta harremanak»  baloratzen ditu asko, eta gauza berriak ikasteko izan duen gogoa. «Berriro jaioko banintz, gauza bera egingo nuke, eta gainera, ilusioz eta pasioz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>