Ez da giro erlauntzetan

Erlezain_Eguna

Udaberria iristear den honetan, erlea eta erleak egindako lanaren emaitza izango dira protagonistak Zegaman igandean ospatuko den Erlezain egunean. Erlezainak eta eztigileak elkartzeko eguna izango da, eta haien alboan intsektu horri buruz gehiago ikasteko aukera paregabea, baita Gipuzkoako erlezaintzaren egoera ezagutzeko ere.

«Erleak galtzen ari dira azken urteetan, eta hori egitate bat da». Amaia Aierbe Gipuzkoako Erlezain Elkarteko teknikariaren hitzak dira, duela aste batzuk erlezaintzari buruz egindako jardunaldi batean esanak. Bertan bildutako Mikela Untsain, Aitor Otegi eta Josetxo Rodrigez erlezaiinak ere bat zetozen baieztapenarekin. Dinosauruen garaitik bizi izan diren intsektu horiek gizakiarekiko mendeko bihurtu direla esan zuten, eta gero eta zailagoa dutela bizirautea.

Erleen galera, ordea, ez da Gipuzkoako arazo bat, ezta Europakoa ere. Mundu mailakoa baizik, eta ez nolanahikoa. Izan ere, erleek, noizbehinka gizakioi zizta egin eta eztia ekoizteaz gain, badute ekosistemaren funtzionamenduan funtzio oso garrantzitsu bat: polinizazioa. Erleek polena landare batetik bestera garraiatzeko egiten duten lanaren faltan, jaten dugunaren herena ez litzateke existituko, adituek diotenez.

Erleek polinizaziorako duten garrantziaren erakusgarri, Txinako egoera aipatzen dute erlezainek. Txinan ez dago erlerik, desagertuak dira dagoeneko. Ondorioz, langileek eskuz egin behar izaten dute polinizazioa, landareek fruituak eman ditzaten. Noski, muturreko egoera da hori, baina hemen ere erleak desagertuko balira gerta daitekeenaren ideia ematen du. Imajinatu sagarrondoetan sagarrak erne daitezen, eskuz landare batetik bestela polena garraiatzen ibili beharra, lorez lore. Bada, horixe da erleek dohainik egiten diguten lana.

Eta leku batzuetan ordainduta ere bai. Kalifornian (AEB) edota Espainiako zenbait lekutan, esaterako, almendra sail handiak dituzten enpresek erlezainei ordaintzen diete haien erlauntzak almendrondoen artean jartzeko. Bestelako landaketa batzuetan ere egiten da hori, eguzkilore sailetan, esaterako. Gipuzkoako erlezainak, ordea, ez dira erleak halako landaketa handietara eramateko zaleak. «Erleek aniztasuna behar dute, eta halako sailetan landare mota bakarra dute eskura», dio Aitor Otegik. Urretxuko Aikur baserrian ditu erlauntzak Otegik, eta modu ekologikoan ekoizten du eztia.

Desagertzen, zergatik?

Zergatik ari dira erleak desagertzen? Faktore ezberdinen batura da erleen biziraupena gero eta zailagoa egiten duena. Pestiziden eta fungiziden erabilera da faktoreetako bat. Erleek erlauntzara eramaten dituzte produktu kimiko horiek, eta larbak hiltzen dira ondorioz. Klima aldaketak ere badu eragina, izan ere, loraldiak aldatzen ari dira eta lehorte garaiak gero eta luzeagoak dira. Erleak oraindik ez dira behar bezala egokitu aldaketa horietara.

Bestalde, erleekin egiten diren trashumantziek gaixotasunak zabaltzea eragiten dute. Asiar liztor famatua ere hor dago, eta erlezainek beste hainbeste arazo aipatzen dituzte. «Azken finean, gizakia bera da erlea desagerrarazten ari dena; lantegiekin eta abarrekin erleei espazioa kentzen ari gara», adierazi du Otegik.
Bada momentu honetan erlezain guztien arazo eta kezka bihurtu den gaixotasun bat: barroa bizkarroia. Urteak daramatzate haren aurka borrokan, eta oraindik ez dute aurre egiteko erremediorik topatu. Are gehiago, erleak tratamendu ezberdinetara ohitzen joan dira, eta erresistente bihurtu dira. «Barroa ez daukagu kontrolpean, ez dakigu nola aurre egin; badakigu oraingoz ez dugula lortuko guztiz desagertzea, beraz, elkarbizitzen ikasten ari gara».

Zailtasun horien guztien ondorioz, erlezainen lanak erabateko dedikazioa eskatzen du gaur egun. Duela hamarkada batzuk adina ezti lortzea nekezagoa da orain. Erlezainek urte osoan egon behar izaten dute erlauntzaren gainean, ezti garairako osasuntsu eta indartsu mantentzeko. Otegik, ordea, gainontzeko erlezainek bezalaxe, argi du lan hori egiteko prest dagoela, gustuko baitu ofizioa.

Barroa bizkarroiarekin bizirauteko eta erlauntza ahalik eta hobekien zaintzeko, erlezainek formazioa behar dutela uste du Otegik. Bestalde, Rodriguezek argi du ezinbestekoa dela ongi pentsatutako estrategia bat. Erlezainen arteko elkarlana eta komunikazioa ere funtsezkotzat jotzen dituzte. «Erlea ondo ezagutzea da etorkizunerako dugun erronka handiena, eta horretarako beharrezkoa da erlezainok elkarri informazioa pasatzea».

Herritarrek zein erakundeek ere badutela zer eginik uste dute. Esaterako, baratzeetan pestizidarik ez erabiliz. Polinizazioa eskuz egin beharra baino errazagoa litzateke, behintzat.

Ia 8.000 eurlauntza

Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak 2011. urtean egindako azken zentsoaren arabera, lurraldean 7.788 erlauntza daude. Erlauntza horiek 475 erlezainek kudeatzen dituzte, eta 1.010 leku ezberdinetan banatuta daude. Barroaren aurkako tratamendua eraginkorragoa izan dadin, erlauntza guztietan tratamendu berdinak erabiltzea aholkatzen du erlezainen elkarteak.

Erle beltzaren aldeko apustua egiten dute erlezainek

Erle beltza deiturikoa da Euskal Herriko erlea. Erle beltzak baditu ezaugarri jakin batzuk beste erleekin alderaturik. Esaterako, erle bizi samarra da, eta erlezainek ziztada ugari jasan behar izaten dituzte lanerako orduan. Horrez gain, ez du beste erle mota batzuk bezainbeste ezti ekoizten. Hala ere, bertako erlea izanik, hemengo baldintzetara hobekien egokituta dagoena da, eta erlezainek argi dute haren aldeko apustua egin behar dutela, kanpoko espezieak ekartzeko tentazioari aurre eginez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>