Sagardoa eta bertsoa eskutik

Barrikotea__Igartubeiti__SBarrikote festaren XV. edizioa egingo dute larunbatean Ezkioko Igartubeiti baserri museoan, bertso saioak lagunduta. Aurten lehendabiziko aldiz, Barrikotearen festak bat egingo du urtero Igartubeitin landa eremuko emakumea omentzeko antolatzen duten egitarauarekin. Hala, egun osora zabalduko dira ekintzak.

Barrikotearen festa ziklo oso baten emaitza da; urrian egiten duten sagardoaren astearekin hasten dena. XVI. mendeko dolarea martxan jartzen dute orduan, eta sagarrak zanpatzen dituzte; gero, hortik eratorritako zukua kupeletan gorde eta ontzen uzteko. Orain, martxoan, prozesu luze honen azken uzta dastatzeko festaren txanda izaten da, Igartubeitiko sagardoa dastatzeko festa, alegia.

Artiletik harira haurrentzako tailerrak irekiko du biharko egitaraua, 12:00etan. Sandra Cliville artista goierritarrak zuzenduko du, eta haurrek artile garbia kardatu eta haria egiteko aukera izango dute.

Egun osoko egitaraua

Ordu erdi beranduago Igartubeiti baserrian zehar bisita gidatua egingo dute Baserritik mundura elkarteko hiru kidek. Beraien eskutik emakume baserritarrek egiten zituzten lanak ezagutzeko aukera izango da.

Eguerdian bazkaria antolatu dute interpretazio zentroan, eta ondoren, 16:30ean hasita Nerea Elustondok eta Maialen Akizuk bertso saio egingo dute. Emakumeek baserrian egiten zuten lanarekin lotutako saioa izango da.

Barrikote irekiera 18:00etarako dago aurreikusita. Sagardoa, gazta eta Bertatik Bertarako produktuen dastaketa izango da. Bertako produktuen bi saski ere zozkatuko dira parte hartzaileen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>