Zertan zara abila?

Andoni SalameroBitxia da, sarri, haurrek helduoi biziaren inguruan zein irakasgai bikain ematen dizkiguten, zein burutazio bizkor eta irudimen handiko ateraldi. Umeek ustekabeko burutapen hauek adierazten dituztenean, haurrei burutik zer pasatzen zaien pentsatzen jartzen naiz eta honako ondoriora iristen: horrelako bat-bateko ateraldi ederrak gure gogamenari edo goiko ganbaroteari bira emandakoak ez direla, izana biziz unean uneko bulkadak eragindakoak baizik.

Orain dela hilabete batzuk, etxeko batek zortzi-bederatzi urte dituen haur baten bideo bat helarazi zidan. Bideoan, mutiko bat azaltzen zen galdera hauxe eginez: «Zure eguneroko jardunean, unoro, zertan jarduten zara?». Eta mutikoak gaineratzen zuen: «Izan ere, eguneroko hori etengabe eginez, abil, trebe egingo zara eta».

Halako burutazio bitxia botata, ondorengo gaztetxoaren hitz-jarioa aditzeko prest jarri nintzen, eta hantxe jardun nintzaion gertutik. Mutikoak gure eguneroko aritzean, zoriontsu izateko denbora hartzen genuen galdetzen zuen, edo norberak bere baitara biltzeko tarterik erabiltzen ote genuen, edo agian, eguneko une bakoitza kexuan jarduteko.

Umeak zion kexuan ibiliz gero, horretan aritzen zen pertsonak kexua hizketa-gai izango zuela, etengabeko jardutea haren hizketan eta keinuetan, eta halako trebatzeak aditu izatera eramango zuela. Kexuaren kasua azalduta, gero, edozertaz kezkatuta aritzen zen pertsonaren inguruan hitz egiten jarraitu zuen; mutil koskorrak zion kezkati zebilenak, beti, kezka hizpide zuela, ez zuela kezka baino ezer ikusten, ardura eta larrialdia edonon. Gaztetxoaren jario emankorra amaitzeko, honakoa proposatzen zuen: guztia praktika kontua bazen, kexaka eta kezkatuta ibili baino, hobe zela norbera pozik bizitzea, indar dena poza eraginez erabiltzea.

Harrigarri iruditzen zait haur batek hausnarbiderako halako mezu baliagarria heleraztea, gure ohikotasunean kexua eta kezka eguneroko ogi egin ditugunean, beldurraren orez gure izana azpiak jateraino. Gezurra dirudi etengabeko marmarrek nola zabartu duten eguneroko giroa, lagunen, ezagunen arteko solasak lantu eta penen kantu baino ez ditugu egin, jarrera birrintzailea erabat gure eginez.

Indarra halako ohitura makurretan jarri baino, gure abilezia ekimen eraikitzaileagotan jarriko bagenu, beste kuku batek joko liguke. Gaztetxo batek esandakoak zer pentsa eman behar digu, izan ere, mutiko batek hori adierazteko gaitasunik izan badu, garbi dago ez duela ingurua horren zuzen sumatzen, zintzotasun eta zuhurtzia gutxiko gizartea antzematen duela, ez da penagarria?

Guztia ahal da borondate eta jarrera egokia erakutsiz, pertsona bakoitzak ontasuna agertzeko ausardirik badu, egin beharrekoan merezimenduz burutuz. Jendearen gaitasunak erakutsiko dituen gizarte eraikitzailea sortu behar dugu gizakien ahulezietatik kanpo, kexu eta kezkak baztertuz, pertsonen indarguneak bultzatuz, izan ere, halako giza talde zabala sumatuz kritikak eraikitzaileagoak izango dira eta. Gehiago lortuko dugu ondo, erraz eta gogobiziz egiten dakien pertsonaren dohaina adoretzen ibiliz, esames merkeetan indarra jarriz baino. Orduan, pertsona bakoitzak bestearengandik mespretxua eta iraina jasan beharrean, bestearen onarpena jasoko du, eta jakina, merezimenduzko duintasuna. Hori eginez gero, pertsona bakoitzak bere maisutasuna, konfiantza eta ziurtasuna loratzeko bidea ikusiko du, izana sendotzeko bidea, ildo berriak hautemateko aukera, eta bazterkeriaren lurrean belar txarra erein baino, gaztetxoek atseginki arnastuko duten giroa gardenagoa, jasangarrigoa eta samurragoa izango dute.

Ea, bakoitzak bere eremuan, halakorik egiteko adorerik dugun, hain zuzen, bizitzak hori eta gehiago merezi du, eta jakina, bizidun garenok biziaren eragile izatera deituak gaude. Zure esku dago horretan ere abila izatea, zeure abilezia ganoraz erakustea. Zure jardunean zorterik onena opa dizut eta zure ekinbidean, nire eskerrik beroena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>