Aurten bai, negua

016_GoiBerri

Euria, hotza eta elurra izan dira asteartean bukatu den neguaren ezaugarri nagusiak, eta datuak dira horren lekuko: 89 egunetatik 70etan egin du euria, bost aldiz zuritu da Goierri, eta -6,9 graduraino jaitsi da tenperatura.

Azken urteotako negu gogorrenaren ondoren, heldu da udaberria. Elurra, euria eta hotza protagonista izan dituen urtaro zaharra abenduaren 20an iritsi zen eta aste honetan bertan joan da, martxoaren 20an 17:15ean, 88 egun eta 23 ordu igaro eta gero. Urtaro berriak ekainaren 21era arte iraungo du, 92 egun eta 18 ordu zehazki.

Askoren iritzirako gogorra eta luzea izateaz gain, ez du nolanahiko agurra  egin neguak gainera, azken astinduak emanez joan da eta: elurra eta hotza ekarri ditu berriz. Eta elurra izan da, hain zuzen, aurtengoa berezi egin duena. Izan ere, urteak ziren Goierriko herrietako kaleak aurten bezala zuri ikusten ez zirela. Aste honetakoa kontuan hartuta, bost aldiz zuritu du –abenduaren lehen egunetan ere bai, baina oraindik negua ofizialki sartu gabe zegoen–, elurra gehiagotan egin duen arren. Tenperaturen aldetik ere izan du berezitasunik neguak, termometroa -6,9 graduraino jaitsi zelako otsailaren amaieran, azken urteetako marka bajuena ezarriz.

Baina Legazpiko Aemet estazio meteorologikoaz arduratzen den Alonso Francesek bertan jasotako datuen berri ematerakoan esan duen bezala, «nahiz eta hotza, elurra, euria eta abar egin, naturak bere bidea jarraitzen du, eta zuhaitzak loratzen ari dira». Hau da, neguak negua izan behar duela eta aurten hala izan dela.

ELURTEA_LAZKAONEuria eta elurra

Euria izan da joan berri den neguaren ezaugarrietako bat. Urtaroak ia 89 egun iraun baditu, horietako ia 70etan zehar egin du euria Legazpin –Ordizia eta Zegama baino euritsuagoa da, datuek erakusten dutenez–, eta aipagarria da otsaileko marka, 21 egun jarraian egin baitzuen. Hilabete hori izan da, hain zuzen, Legazpiko euritsuena, 313 litro baino gehiagorekin. Hango datuak jasotzeaz arduratzen den Francesek gogoratu duenez, 1946tik –ordutik gordetzen dira datu meterologi-koak Legazpin– laugarren otsailarik euritsuena izan da aurtengoa: 1952an 529 litro jaso ziren eta hain urruti ez dauden 2013an eta 2015ean 459 litro eta 413 litro bildu ziren, hurrenez hurren. Negu osoari dagokionez, 856 litro jaso dira guztira Legazpin, iazko urte osoan zehar 1.460 litro neurtu ziren bitartean.

Elur kontuak ere aipagarriak izan dira agurtu berri den urtaroan, bostetan zuritu baita aurten Goierri, behe-behean gainera: urtarrilaren 6an, otsailaren 1-2an, otsailaren 6-7an, otsailaren 27-28an (itsasoraino iritsi zen orduan elurra) eta martxoaren 20an. Besteak beste, eragozpen ugari eragin ditu elurrak kaleetan eta errepideetan, eta aipatzekoa da Errege egunean Etzegaraten gertatutakoa, orduak eta orduak egin zituzten eta bertan trabatuta ibilgailuek.

Tenperaturak ere hotzak

«Lehengo neguak bezalakoa» izan omen da aurtengoa Alonso Frances legazpiarraren esanetan, baita tenperaturari dagokionez ere.Abenduko azken egunak eta urtarrila ez dira bereziki hotzak izan, tenperatura minimoak  -2 gradutik ez direlako jaitsi, eta maximoak 18 graduak gainditu dituelako (hurrenez hurren, urtarrilaren 9an eta 4an Ordizian neurtutakoak). Otsaila, aldiz, hotza izan da; horren erakusle, Legazpin 0 azpiko tenperaturak izan dituzten 10 egunak, eta Zegaman otsailaren 27an neurtu zen Goierriko minimoa, -6,9  gradukoa. Martxoa epelagoa izan da, batez ere aurreko bi hilabeteekin alderatuta, nahiz eta neguaren azken egunak hotzak izan diren.

Udaberriari buruz galdetuta, Francesen ustetan «suabea» izango da, baina agian negua apirilera arte luzatuko dela dio.  Gero, «tenperaturak epeldu eta euria moteldu egingo da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>