Herri bat berreraikitzen

ItsasoItsaso udalerri bihurtu zenetik urtebete pasatxo igaro da. Udal agiritegia, zaborren kudeaketa, auzolana, euskara eskolak, azpiegituren berritzea eta beste abar luze batean lanean ari dira Itsasoko herria berriro eraikitzeko.

Dagoeneko urtebete baino gehiago igaro da Itsasoko udalerria bere bidea egiten ari dela. Azken herri batzarraren akta berreraikuntzaren isla da. Martxan jartzeko zein martxan dituzten proiektuen berri ematen dute, alor asko hartzen dituzten proiektuak baitira.

Abian duten ekintzetako bat da, esate baterako, Itsasoko udal agiritegia sortzea. Gorka Sasieta alkateak esan duenez, «1965. urtea baino lehen sortutako dokumentu guztiak eraman ditugu jada eta Ezkio-Itsaso garaikoak han geratu dira; guk Itsasori dagozkionak hartu eta kopiatuko ditugu».

Udalerria berreraikitzen ari direnaren beste seinale bat da azpiegituretan ere lanean ari direla. Alegitik Ormaiztegirako irteeraren proiektua Gabiriarekin eta Ormaiztegirekin batera lantzen ari dira. «Segurtasun aldetik eremu arriskutsua da eta irtenbide bat eman beharra dago», dio Sasietak.

Zabor kudeaketari dagokionean, alkateak azaldu duenez, «Sasieta Mankomunitateko datuei erreparatuz gero oso atzean gaudela dirudien arren,  eta zer hobetua izanda ere, gure datuetan beira pisatu gabe doa eta horrek gaudena baino atzerago kokatzen gaitu».

Herrigintzaren isla da, baita ere, auzolana. Apirilaren 14an herritarrek hainbat lan egingo dituzte. Baserri bideetako seinaleetan Itsasoko ezaugarria duten zeramikazko logoak jarriko dituzte; hilerriko, Itsusturriko eta eliza ondoko eskudelak pintatuko dituzte; zuntz optikoaren parean dauden zuhaitz adarrak kenduko dituzte eta abar.

Aurreikusten dituzten ekintzak ere ugariak dira, tartean, euskara ikastaroa antolatu nahi dute irailetik aurrera eta adinekoentzat ariketa psiko-fisikoa egiteko ekimena prestatu nahi dute. Itsason gaur-gaurkoz egiten duten herri batzar baten akta soil bat martxan dagoen herri baten isla da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>