Amuak kamusten

LAZKAO_AGAUNTZA_ARRANTZA_L(1)

Erreketako arrantza denboraldia apirilaren lehenean zabaldu zen. Uztailaren 31ra arte luzatuko da. Goierrin lau ibai nagusitan soilik arrantzatu ahalko da, eta arraina hil gabe hor ere gehienean. Beste erreka guztietan debekatu dute.

Aldaketa handiak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo ibai arrantzaren araudian. Arrantzan aritu daitez-keen ibai eta erreka tarteei dagokiena da esanguratsuenetako bat. Goierrin, lau ibaitan eta hiru urtegitan egin ahalko da arrantza, bakar-bakarrik. Erreka nagusietara mugatu dute jarduera: Oria, Urola, Agauntza eta Amundarain. Beste erreka guztietan, debekatuta dago.

Bestetik, amuarraina hil gabeko arrantza-tarteak ugaritu dituzte. Berez, izaera horretakoak dira ibai zati gehien-gehienak; arrantza librerako tarteak lau soilik izango dira.

Apirilaren 1ean zabaldu zuen aldundiak arrantza denboraldia, eta uztailaren 31ra arte luzatuko da. Aurreko urteetan bezala, arrantzaren beraren egoera da kezka iturri. Naturalki sortutako amuarrainik ez dago, aspalditik. Birpoblaketak dira sustengu bakarra gaur egun. Ezaren arrazoiak aurkitzerakoan, hamaika teoria dituzte arrantzaleek: klima aldaketa, uraren tenperatura igo izana, herrietako saneamendu sareak osatutakoan erreketan elikagai falta gutxitu izana, bertako amuarrainaren habitatak galtzea, birpoblaketetan sartutako espezieek gain hartu izana…

Hil gabeko modalitatera

Arrantzaren gainbeheraren beste sintoma bat, arrantzale kopuruaren jaitsieran suma daiteke. 25 urtean, erdira murriztu da baimen kopurua. 1990ean, Gipuzkoako aldundiak 8.435 arrantza-baimen eman bazituen, iaz 3.502 ziren. Gero eta gazte gutxiagok hartzen dute kainabera.

Ikusiak ikusi, arrantzaren filosofia bera aldatzen ari da. Erakundeak, amuarraina hiltzen ez den modalitatea sustatzen ari dira: arrantza-teknika jakin batzuk finkatuz, eta orain erreka-zati gehienak modalitate horretarako izendatuz.

Hala, Goierrin 2018ko denboraldian arrantzarako izendatutako erreka ia guztiak hil gabeko arrantzarako izango dira.

Orian, libre jarduteko (amuarraina aterata) eremu bakarra Zegamako Ondaraldea auzotik Seguran Mutiloarako Gi-2637ko errotondara arteko zatia bakarrik egongo da. Urolan, Legazpiko Antxutetik (Sidenorko estaldura) Urretxuko Apariciora. Eta Agauntzan, Ataungo Astigarraga auzoko pasagunetik Lazkaoko Iribe Errotako (Irutxiki) presara.

Horiez gain, Arriaran urtegian (Beasain) eta Barrendiola urtegian (Legazpi) libre izango da.

Bi barruti intentsiborako

Hil gabeko eremuen barruan, arrantza intentsiborako bi gune izendatu ditu diputazioak Goierrin. Lareo urtegian (Ataun) eguneko 15 baimen emango ditu, gehienez. Agauntza errekan, Lazkaoko Iribe Errotako (Irutxiki) presatik Oria ibaiko ahora da barruti intentsiboa (30 baimen egunean).

Arrantza baimendutako erreka-zatiak Goierrin. Ezkerrean, Urola arrokoak; eskuinean, Oriakoak. Berdez, heriotzarik gabeko arrantza guneak; horiz, libreak; arrosaz, arrantza intentsiboko barrutiak.

Arrantza baimendutako erreka-zatiak Goierrin. Ezkerrean, Urola arrokoak; eskuinean, Oriakoak. Berdez, heriotzarik gabeko arrantza guneak; horiz, libreak; arrosaz, arrantza intentsiboko barrutiak.

2018ko arrantza denboraldia

Gipuzkoako aldundiak martxoaren 13an argitaratu zuen araudia.

  • Espezieak. Harrapa daitezkeenak: izokin atlantiarra, amuarrain arrunta, barboa, loina txikia, lupia arrunta, hondoetako korrokoia, platuxa.
  • Denboraldia. Apirilaren 1etik uztailaren 31ra. Hil gabeko tarte batzuetan irailaren 30era arte. Arrantza intentsiboko barrutietan, urriaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra ere irekita.
  • Arrantzaldia. Egunero. Egunsentia baino ordubete lehenagotik ilunsentira arte.
  • Kopurua eta neurriak. Eguneko, gehienez: amuarrainak 3, barboak 6, loinak 25, lupiak 5, korrokoiak 12, platuxak 12. Neurrikoak ezin dira uretara itzuli. Amuarrainak gutxienez 22 zentimetro eta gehienez 35 behar du.
  • Debekuak. Presetatik eta eskalen sarreratik 50 metro baino gertuago ezin da. Tresnak desinfektatu behar dira, zebra muskuiluaren kontrako prebentzio gisa. Karramarroak ezin dira harrapatu, ezta ornogabeak atera ere. Amuarrain arrunta merkaturatzea debekatuta dago.
  • Agiriak eta baimenak. Arrantzarako erkidegoaren baimena, tasaren ordainagiria, NA, eta arrantza barrutietan baimena.

Goierriko arrantza guneak.

  • Tarte libreak.
    Oria ibaia. Zegamako Ondaraldea auzoko zubitik Seguran Mutiloarako biribilgunera (Gi-2637).
    Agauntza. Astigarragako pasagunetik (Ataun) Iribe Errotako presara (Lazkao).
    Arriaran urtegia.
    Urola ibaia. Antxutetik (Legazpi) Apariciora (Urretxu).
    Barrendiola urtegia.
  • Hil gabeko arrantza tarteak.
    Oria ibaia. Zegaman, Ugarteburu kaleko zubitik, Ondaraldeko zubira. Seguran, Mutiloako biribilgunetik Tolosako presa puzgarrira.
    Agauntza. Iribe Errotako presatik Oriako ahoraino.
    Amundarain. Arkakako zentraletik Oriako ahoraino.
    Urola ibaia. Legazpin, Telleriarteko Pastaingo zubitik Azpikoetxe kaleko zubira. Urretxutik behera.
  • Arrantza barrutiak.
    Lareo urtegia. ­
    Agauntza. Iribetik Oriaraino.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>