«Euskara tresna bat soilik ez dela ikasten du ikasleak Maizpiden»

Laida-Begiristain-1

Gizarte Zientziak ikasi, enpresaritzan sakondu, eta euskararen irakaskuntzan murgildu da Laida Begiristain Apaolatza (Ataun, 1983), lan ibilbidean. 2009an hasi zen lanaldi osoan Lazkaoko Maizpide euskaltegian, eta zuzendari kargua 2017ko irailean hartu zuen. Barnetegia duela 30 urte ireki zuten. Etorkizuna zurkaizteko egonkortasuna, herriarekiko lotura eta aurki izango den belaunaldi aldaketa mugarri dira.

Zer moduz zuzendari gisa lehenengo hilabete hauek?
Ondo. Ez da izan hutsetik hastea ere, aurreko ikasturtean zuzendaritzan sartu bainintzen, zuzendari Jon Urdangarin zela. Didaktikari lanetan aritu nintzen, baina gertuagotik ikusi nuen zuzendaritzako lana, eta horrek asko lagundu dit. Irakasle bakarrik aritutakoan, emaitzak bai, baina aurretik egiten diren lanak ez dira ikusten.

Asko aldatzen al da lana irakasletzatik zuzendaritzara?
Aldatzen da, bai. Niri asko gustatu izan zait jendearekin harremanak izatea; irekia naiz. Irakasle zarenean, momentu zailak izaten dira, baina oso onak ere bai: ikasleek zugandik ikasi dutela eta eskertzen dizute-nean. Agian, zuzendariari tokatzen zaio ikasleekin harremana daukanean, beti hain gustukoa ez izatea.

Maizpidek ere zure antzeko adina du: 30 urte aurten. Zer moduz dago?
Beno, hobeto egotea gustatuko litzaiguke. Azkeneko urteetan beherakada nabaritu da ikasle kopuruan. Ez da kolpean izan, baina beherantz doa. Betiko borroka da. Diru laguntzen menpe ari gara; arlo askotan murriztu dira, euskaltegion kasuan ez. Baina gora egin gabe. Ikasle kopuruak behera eta diru laguntzek gora ez egiteak, mantentzea eskatzen digu.

Barnetegi izateak laguntzen du bideragarritasunean?
Asko. Maizpidek ehuneko oso altu batean, 80tik gora, barnetegi funtzionamendua dauka. Enpresaren batean talde batzuk baditugu, gau eskoletako ordu batzuk, larunbatetako taldeak, on-linekoa ere igo da… Baina gurea barnetegia da.

Internet bidez euskara ikasteko zerbitzuak gora egin du?
Urtez urte igotzen ari da ikasle kopurua. Baina esfortzu handia eskatzen digu guri, ikasle bakoitzari bere tutorea izendatu behar zaiolako. Diru laguntza handirik ere ez du arloak, oraindik.  Interneten dabiltzan ikasle asko, lehen barnetegitik pasatutakoak dira. Lotura mantendu nahi dute, eta poztasuna ere bada, horregatik. Osagarriak dira barnetegia eta on-linekoa.

Ikasle kopuruaren jaitsiera kezkagarria da?
Joeran gora-beherak daude. Oposizio publikoak dauden urteek, adibidez, asko markatzen dute. Aurten bada, eta pasatu arte beherakada nabaritu izan ohi da. Gero, mirari bila, korrika eta presaka heltzen diote euskarari, baina beno…
Bestetik, egonaldiak moztu egin dira. Lehen, ikasle asko urrian etorri eta ekainera arte geratzen ziren. Urtez urte, hori gutxitzen joan da. Aste bateko edo biko egonaldiak eskatzen dituztenak gero eta gehiago dira. Horrek bere zailtasunak sortzen ditu eguneroko funtzionamenduan; sortuta dagoen talde batean sartu behar dutelako eta irakasleei lan karga handia suposatzen dielako.

Lanarekin eta titulu beharrarekin lotzen du jendeak euskara ikastea, orduan.
Bai, hala da. Tristea da, baina halaxe da. Baina gure lana ikuspegi hori kentzea ere bada. Ez da euskara irakastea eta titulua lortzen laguntzea bakarrik; gure egitekoa jendea euskalduntzea da, euskaraz bizitzea aukera bat dela ikustea; mila ate irekiko dizkiola, ez lanekoa bakarrik. Askotan, lortzen da. Hori lorpen izugarria da. Ikas-leek, hemen, euskara ez dela tresna bat soilik ikasten dute.

Laida-Begiristain-2

 

«Egonkortasun eza da arazo handiena. Euskaltegien kezka da irakasle gazteak erakartzea. Gobernuak helburuak jarri beharra dauzka euskarari begira, baina epe luzera. Eta pausoak eman gero»

«Ez da euskara irakastea eta titulua lortzen laguntzea bakarrik; gure egitekoa jendea euskalduntzea da, euskaraz bizitzea aukera bat dela ikustea; mila ate irekiko dizkiola, ez lanekoa bakarrik»

 

Gaur egun, euskararen irakaskuntzan zein da arazo larriena?
Egonkortasunik eza. Diru laguntza aldetik, baliabide aldetik, lanerako jendea erakartze aldetik, ez dago egonkortasunik. Euskaltegi guztien kezka da gazteak euskararen irakaskuntzara erakartzea eta finkatzea. Baina baliabideak falta zaizkigu. Hezkuntza arautuko baldintzarik ezin diogu eskaini.

Zer egin liteke hori iraultzeko?
Hasteko, baliabide gehiago behar ditugula argi dago. Ekonomikoki esfortzu bat eskatzen du, kasu honetan gobernuaren aldetik. Ikusi behar dute euskararen irakaskuntza hezkuntza arautua bezain profesionala dela. Eta konpromisoa behar da administrazioaren aldetik; ez epe motzera, luzera baizik.

Zein zentzutan?
Gobernuak helburuak jarri beharra dauka, euskarari begira: zein da helburua? 10 urtera, 20 urtera, zer nahi dugu? Ezin da izan 2019an zer nahi den, 2020an zer… Zein da plan estrategikoa hizkuntza politikan, bide luzera? Eta pausoak eman gero. Baina ez badago plan garbi bat, ezin da baliabiderik behar bezala kudeatu.

Eta indar handiena zein duzue?
Barnetegi izatea jada alde handia da. Euskaraz bizi egiten dira ikasleak hemen. Aldi berean, Maizpidek herri oso bat izan du atzean, Lazkao. Herri euskalduna eta euskaraz aritzeko balioa ematen diona.

Hasierako Maizpide hartatik zer geratzen da?
Asko. Kooperatiba sortu zuten gehienek jarraitzen dute, gutxi jubilatu dira. Orduan, sustraiekiko erabateko lotura dauka. Hasierako espiritua eta kooperatibaren balioak eta printzipioak mantentzen dira, erabat. Urte gutxi barru, bospasei ur-tean, irakasle askok erretiroa hartzea tokatuko da. Erronka handia belaunaldi aldaketarena daukagu. Nola egiten den, jende berria proiektura nola erakarri, garrantzitsua izango da. Baina merezi du, eta merezi izango du; dudarik ez.

Maizpide desagertzeko bokazioarekin sortu zela esan ohi da. Beste 30 urte beteko ditu?
Oraindik lan handia dago egiteko, eta, zoritxarrez, beste 30 urte bete egingo dituela uste dut. Behar handia ikusten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>