Datuen unibertsoan aske

Joseba ImazAurpegien liburua edo. Horrela itzuli ahalko genuke. Gogoan dut lehendabizikoz Facebook sare sozialaren berri eman zidaten unea. Dagoeneko dozena bat urte pasako ziren ordutik. Garai hartan oraindik nekez uler genezakeen sare sozial bat zehazki zer zen ere. Lagunekin mezuak eta argazkiak konpartitu, elkarren berri izan eta munduan zehar jazotzen ziren gertakarien berri izateko tresna paregabea zela kontatu zidan lagun batek. Dibertigarria eta, une hartan behintzat, berritzailea erabat.

Egia esateko, ez nion arreta gehiegirik jarri Mark Zuckerberg izeko ekintzaile gazte (eta orduan ezezagun) hark sortutako sareari. Baina, hasiera batean Harvardeko Unibertsitateko ikasleek elkar ezagutu eta harremanetan jartzeko helburuarekin sortutako gune horrek hazten jarraitu zuen etengabe. Urte gutxitan gero eta lagun gehiago ikusi nituen Facebookeko kide egiten. Guztiek sare sozialaren onurak eta abantailak azpimarratzen zituzten. Erasmusen ezagututako lagunekin kontaktuan jarraitzeko aukera paregabea zela, aspaldiko lagunen profilak bilatu eta adiskide zaharrekin berriro kontaktuan jartzeko parada eskaini ziela…

Erabiltzaile kritikoak ere baziren orduan. Ahots horien arabera, besteen bizitzetan kuxkuxeatzeko leihoa zen Facebook. XXI. mendeko kotilleo edo berriketen espazio birtuala bilakatua zen ordurako. Geroago etorri ziren adingabeek tresna gisa erabiltzerakoan eduki zitzaketen arriskuei eta gurasoek hartu beharreko jarrerari buruzko informazio eta gomendioak.

Zuckerberg enpresari ilegorriak sortutako sare sozialaren gerizpean, hainbat mota eta jiteko sare sozial sortu ziren. Twitter, Tuenti, Google+ eta abar. Eta sare soziala konpainia erraldoi bilakatzen joan dira urte hauetan guztietan.

Inork ez zigun ohartarazi, edo ez genuen entzun edo ikusi nahi izan, enpresa global horien eskuetan gure bizitzako datu esanguratsu ugari ari ginela jartzen. Argazkiak, telefonoak, maila, bisitatzen ditugun edukien zerrenda, gustoko gaiak, kontaktuak… Sare sozialak, hein handi batean, milioika eta milioika herritarren eguneroko bizitzako xehetasun pila bat jasotzen eta gordetzen dituzten biltegi erraldoia direlako.

Orain arte, nolabait esateko, datu horiek taxuz eta zintzo zaindu eta gordeko zituzten konfidantza izan dugu. Baina balizko konfidantza hori zalantzan jartzeko arrazoiak gero eta gehiago dira. The New York Times eta The Guardian egunkariak izan ziren urte hasiera honetan eztabaida piztu zutenak: baimenik gabe, Cambridge Analytica enpresak Facebook-eko 50 milioi erabiltzaileren datuak bildu zituen 2016an, eta datu horiek AEBetako hauteskundeetan Donald Trumpen mesedetan erabili omen ziren. AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak ikerketa bat hasi du Facebookeko milioika erabiltzaileren datuekin zer gertatu den argitzeko eta oraindik ez dago argi zer nolako ondorioak izango dituen epaibide horrek. Adituek diotenez, milioika dolarreko isuna jaso dezake Zuckerbergen enpresak, erabiltzaileei buruzko informazioa zabaltzeagatik. AEBetako senatuan egindako adierazpenetan, guru estatubatuarrak barkamena eskatu du  egindako akatsengatik eta kontrol gabezia horiek guztiak konponduko dituela agindu du.

Aitortzen dut Facebook erramintaren oso erabilera mugatua egiten dudala. Eta gainontzeko sare sozialak ere laneko tresna gisa ikusi izan ditudala beti. Eguneroko bizitzaren abiadura gero eta azkarragoa den honetan, baina, ezin da ukatu sare sozialek dakartzaten onurak, lagun eta senitartekoen artean elkarren berri izateko aukera ematen dutelako eta, aldi berean,  munduan gertatzen denaren berri izateko inoiz baino informazio gehiago lor dezakegulako.

Hala eta guztiz ere, aldian aldiko erabiltzaile gisa, norbere datuek munduan zehar izan dezaketen erabileraz ohar garrantzitsu eta larri bat izan daiteke Facebooken kasua. Denda sare handietako fidelizazio programetan, gure korreo pertsonalean, erakundeekiko harremanetan, sare sozialetan… gure bizitza, ohitura, afizio eta abarrei buruzko datuak pilatzen joaten gara. Ikuspegi komertzial edo elektoralak, zein bestelako interes ilunagoak, manejatzen dituzten enpresa edo entitateentzako biziki interesgarriak dira halako datu base erraldoiak.

Guri tokatzen zaigu, herritar bezala, lan egitea datu horiek ez daitezen bilakatu gure askatasuna katean itoko duten helduleku. Berriki entzun diot kazetari entzutetsu bati Internet eta hark eskaintzen dizkigun aukerak, inoizko askatasun espazio handiena bilakatu direla. Baina aldi berean herritarron datu kantitate izugarri horien kontrola lortzeko guda baten erdian gaudela. Datuen unibertsoa, hori baita datorkigun mundua. Eta unibertso berri horretan aske bizitzeko, baita ere, orain arte ezagutu dugun mundu errealean bezain beste borroka egin beharko dugu, ziur asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>