Askatasunaren haziak

Garbiñe EtxanizVandana Shiva (Dehradun, India, 1952) munduan ospe gehien duen ekologista, feminista eta zientzia-filosofoetako bat da. ¿Quién alimenta realmente al mundo? (Capitán Swing) liburua argitaratu berri du, eta bertan kritika zorrotza egiten die gure gorputza eta ingurumena «pozoitzen» dutenei.

Bestelako etorkizun bat izan dezagun haziak gordetzen ditu, 5.000 inguru ditu gordeak. Jaso zuen lehendabizikoa artatxiki hazia izan omen zen; erein zuen eta 2.000 artatxiki hazi lortu zituen, baserritarrei banatu zizkienak. Vandana Shivak garbi eta ozen esaten du hazi askerik gabe ez dugula askatasunik nola elikatu nahi dugun aukeratzeko, eta ondorioz, ezta nola bizi nahi dugun eta zer izan nahi dugun aukeratzeko ere…

Nekazaritza ekologikoa munduko ekoizpenaren %1 da, eta 793 milioi lagunek gosea pasatzen dute. Elikagai txarrak elikadura bakarra izatearen arrazoia Monsanto, Bayer, Dow, Dupont eta Sygenta korporazioek osatzen duten kartel pozoigarria dela dio Vandanak. Eta korporazio handi horiek guztiek oinarri sendoa dute gerra arkitekturan; izan ere, nekazaritzaren industriak erabiltzen dituen baliabideak industria militarretik datoz: kontzentrazio esparruetan erabiltzen ziren gasak dira egungo pestiziden jatorria.

Haziak «urre berdea» dira; nekazariei saltzen dizkieten hazien patenteak korporazioek dituzte. Hazi horiek genetikoki manipulatuak daude, ez ugaltzeko diseinatuak daude, eta beraz, urtero erosi behar dira, haziengatik ordaindu egin behar da. Eta gainera, erabiltzen diren pestizida eta gainontzeko produktu kimikoak ere korporazio handi horienak dira. Hurrengo pausoa klimaren datuak eta aseguru konpainiak kontrolatzea izango omen da, eta, satelite bidez, baserritarrari zer behar duen esatea!

Eta orduan, «totalitarismo» honen aurrean, nola egin iraultza? Gaur iraultza sukaldean hasten da, eta horretarako zenbait erabaki hartu behar dira: hazi askeak erabiltzea, banaketa sistema anonimoen parte izatea, elikaduran oinarritutako komunitatea sortzea.

Kalitate txarreko elikagaiak globalizatu egin dira. Gure osasunak eta planetarenak erantzun indibidualak behar ditu, gutako bakoitzarenak. Kontsumitzaileak baserritarrekin elkartzea eta merkatuak sortzea ezinbestekoa da, hori baita modu bakarra elikagai ekologikoen prezioa ez dadin izan elikagai industrialena baino %30 garestiagoa, eta gainera, dibertsitateari egindako kaltearen ondorioz orain eskuragarri ez ditugun elikagaien %80 berreskuratuko genuke.

Vandana Shivak askotan esan izan du munduan gosea izatearekin arrazoi bakarra merkataritza harreman bidegabeak direla. Eta horrekin amaitzeko biodibertsitatean oinarritutako nekazaritza organikoa proposatzen du.

Biodibertsitatearen garrantzia oinarri hartuta, eta bere lurraldean zabaltzeko asmoarekin, Navdanya proiektua sortu zuen 1987an Vandana Shivak. Navdanya-k bederatzi hazi esan nahi du eta Indiako hazien dibertsitatea babesteko mugimendua da. Horrez gain, nekazariei adore ematen saiatzen dira, ez dezaten etsi presio politiko eta ekonomikoen pean.

Egungo paradigma zientifikoarentzat natura materia inerte eta zatitua da, eta erdigu-nean kokatzen du lehia, lankidetzaren ordez. Kapitalismoan eta betiereko lehia horretan dago Shivaren ustez arazoaren sustraia, benetako aberastasun iturriak ezkutatzen dituelako: natura eta gizakia. Agroekologia ordea, Itzultze legean oinarritzen dela dio Shivak, eta horren arabera, izaki bizidun guztiek neurri berean eman eta jasotzen dute.

Vandana Shivak garbi du planeta salbatzeko irtenbidea biodibertsitatea eta organikoa erein eta kontsumitzea direla. Berak dioenez hazia da elikadura kateko lehenengo katebegia  eta hazia babestea gure eginbeharra da, hazia partekatzea, gure kultura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>