Amagoia Naldaiz: «Herriko taldeek egitaraua prestatzen eta ekintzak aurrera eramaten laguntzen dute»

Amagoia_Naldaiz_Lazkaoko_k

Lanbidez idazkaria da Amagoia Naldaiz (Lazkao, 1976). Lazkaoko udaleko Kultura, Kirola eta Gazteria zinegotzi ere bada, eta azken hilabeteetan buru-belarri aritu da, Lazkaoko San Prudentzio jaietako egitaraua antolatzeko lanetan.

Zer nolakoak datoz aurtengo San Prudentzio jaiak?
Luzeak, bi asteburutan banatutako zortzi egun direlako, baina ekintzaz bete-beteak.

Herritarrek parte hartzen al dute antolaketan?
Bai, eta horixe azpimarratu nahi dut. Herriko eragileek eta kultur eta kirol taldeek egitaraua antolatzen bakarrik ez, festa egunetan ekintzak aurrera eramaten ere laguntzen dute: kiroletakoak, Oin Arin, Azki, herriko musika taldeak, Lazkaomendiko gazteak… Festa parte hartzaileak dira.

Noiztik ari zarete prestatzen?
Ni iazkoak amaitutakoan hasi nintzen, beti bezala. Egunak zeintzuk izango diren zehaztu eta gero, taldeekin lanean urtarrilean hasten gara; ordurako prestatuta izaten dugu egitarauaren zirriborroa, baina proposamenak jaso eta denen artean forma ematen diogu. Egitarauan ekitaldi finkoak daude, eta horiek ez dira aldatzen, baina umeentzako ikuskizunek edo musika kontzertuek lan gehiago ematen dute: proposamenak aztertu, modan zer dagoen ikusi… Baina egon daitezela umeentzako ekintzak, gazteentzako, helduentzako… denentzako.

Eguraldia kontuan hartuta…
Bai, batzuetan eguraldiak ez duelako laguntzen. Askok diote ez dagoela euririk gabeko Lazkaoko festarik. Frontoia edo kiroldegia ditugu aire libreko ekitaldietarako alternatibak.

Zinegotzi zarenez, zein konpromiso dituzu festa egunetan?
Dena ondo doala eta arazorik ez dagoela begiratzea nire ardura da. Bestela, sari banaketaren bat egitea tokatu daiteke. Soka dantzan ere parte hartzen dut.

Zein da zure ekitaldi kuttuna?
Ez dakit zein esan. Egun bakoitzak dauka bere berezitasuna, bere xarma: mozorroen eguna  indarra hartzen ari da, kuadrillen eguna ere polita da…

Gazteago zineneko festetatik zer gogoratzen duzu?
Orain egunezko giroa nahiago badut, lehen gauez ibiltzen nintzen gehiago, eta jende gehiegi egoten zela gogoratzen dut.  Azken urteetan herriko jende gehiago ikusten da kanpokoa baino, baina kanpotar asko etortzen dira oraindik.

Zer daukate ba sanprudentzioek?
Beti esan izan da lehen festak direla eta jendeak gogo handiarekin hartzen dituela.

Mezuren bat helarazi nahi diezu bertakoei eta kanpokoei?
Festak bakean joan daitezela eta denok disfrutatu dezagula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>