Artzaintzari balioa emate aldera

Euskal_Gaztaren_AzokaMaiatzaren 5ean eta 6an egingo dute Idiazabalen Euskal Gaztaren Azoka. 20 gaztagilek parte hartuko dute.

Gaztagileek eta gaztazaleek hitzordua dute asteburuan Idiazabalen. Izan ere, Euskal Gaztaren azoka antolatu baitute, bigarren urtez. Azken urte hauetan hausnarketa sakona egin ondoren, Idiazabalgo Udalak gaztaren azokan aurrerapauso handia egin du.

Aldaketek beldur pixka bat ere eman ohi dute; dena den, azokaren formatoan aldaketak egin eta iaz izandako arrakasta ikusita, momentuz, bi eguneko egitarauari eustea erabaki dute.

Formatu berriak azoka birmoldatu du, besteak beste, estetikari, eremuari, antolaketari baita eskaintzari dagokionean ere. Esan daiteke azoka bat egiteko modu berri bat sortu dela Idiazabalen.

Azoka formatu berri hau, gaur egun herritarrek dituzten ohitura eta beharretara egokitu da. Batetik, ordutegia moldatu da, gaur egun bisitariak ez baitira hain goiz ibiltzen. Bestetik, eskaintza ere zabaldu egin da, jendeak esperientzia desberdinak probatu ditzake: gazta nola egin, artzainen bizimodua gertutik ezagutu edota ardien ile mozketa gertutik ikusi, beste gauza batzuen artean.

Estetikari dagokionez, orain arte erabiltzen ziren postuetatik egurrezko kasetetara pasatu da eta eremuak ere zabaldu egin dira, bisitariak lasaiago eta leku zabalago batean mugi daitezen.

Azoka bi egunetara zabaltzeak ere onurak ekarri ditu, batez ere jendeak aukera gehiago dituelako bertaratzeko. Gainera, herriari dagokionez, turismoa bultzatu eta ostalaritzak gora egiten du bi egun horietan.

Azokaren helburuak

Azoka honen helburu nagusia, Euskal Herriko artzainek egindako gazta sustatzeaz gain, lan horren atzean dagoen guztia babestea eta balioan jartzea da. Idiazabalgo Gazta Azoka denboraldi berriko lehen azoka garrantzitsua da. Denboraldi berriko gaztak kontsumitzaileari aurkeztu eta artzainekin elkarrizketa izateko abagune ederra izango da.

Bestalde, artzaintzari balioa emateko helburu horrekin, bizi osoa baserrian eta artzaintzaren munduan eraman duten Olazargibel baserriko Arantxa Etxezarreta eta Bitoriano Urrestarazuri omenaldia egingo diete.

20 gaztagile

Euskal Herriko toki guztietako artzainak izango dira Idiazabalen asteburuan, azokaren harira; iparralde zein hegoaldeko gaztagileak elkartuko dira, 20 guztira. Tartean, Idiazabal jatorri izendapenekoak nahiz Ossau Iraty sor-markako gaztak egongo dira. European Cheese Route Association elkarteko bost herrialdetako gaztagileak ere bertan izango dira.

Produktuen artean, gaztaz aparte, mamia ere sustatu nahi dute eta horregatik antolatu dituzte bai mamia egiteko tailerrak eta baita txapelketa ere.

Egitaraua

MAIATZAK 5. LARUNBATA

  • 11:00. Azokaren hasiera ekitaldia.
  • 11:30. Mami txapelketa plazan.
  • 11:30. Txalaparta tailerra frontoi zaharrean.
  • 11:45. Artile lantze tailerra udaletxe ondoan.
  • 12:00. Mamia egiteko tailerra.
  • 13:15. Euskal makilaren erakustaldia.
  • 17:30. Txalaparta tailerra frontoi zaharrean.
  • 18:30. Idiazabal Gazta dastaketa komentatua plazan.
  • 20:00. Tio Teronen Semeak dantza emanaldia areto futbol kantxan.

MAIATZAK 6. IGANDEA

  • 10:00. Azokaren hasiera
  • 11:00. Umeentzako artzain jolasak areto futbol kantxan.
  • 11:00. Txapelketa herrikoiaren hasiera, plazan.
  • 12:00. Artaldea pasako da herritik. Ondoren, ardiei ile moztea.
  • 12:30. Omenaldia eta sari banaketa udaletxe aurrean.

Idiazabal dantzaren emanaldiak, plazan ( 12:00),  Mikel Deunaren plazan (12:30) eta frontoi zaharrean (13:15).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>