Harrizko kronika zaharra

Lasarte lepoko hilarria, 1876ko heriotzei buruzkoa. Orain 10 urte kobrezko gurutzea lapurtu zioten.

Lasarte lepoko hilarria, 1876ko heriotzei buruzkoa. Orain 10 urte kobrezko gurutzea lapurtu zioten.

Lasarteko lepoan, Ataun eta Zaldibia artean, 1876ko bi heriotzaren hilarri bat dago. Inazio eta Juan Imaz anaien tragediaren berri ematen du. Intzartzuko bordaren sabaia gainera erorita hil ziren. Bidegurutzean jarri zieten oroitarria.

Han-hemenka, landutako harri zaharrez josita daude Goierriko mendiak. Antzinako pasadizoen berriemaile isilak dira. Heriotzen kronikak dira asko, hilarritzat kokatuak. Horietako bat da Lasarteko lepokoa, Ataunen.

Hirugarren Karlista Gerra bukatu berria zen, 1876an. Uztailaren 7an, bi anaia hil ziren Intzartzuko bordan: Inazio Maria eta Juan Martin Imaz Goena ziren, 28 eta 17 urtekoak. Barandiaran baserrriko semeak ziren.

Ezbeharrez hil ziren biak. Bi bertsio badira. Gazta egiten ari zirela, txabolaren sabaia behera etorri, eta azpian harrapatuta hil ziren. Uztailaren 8an egin zieten hileta, Tourseko San Martin elizan.

Senide ugariko familia zen Imaz Goenatarrena. Gurasoak Jose Antonio eta Juana Ascensia zituzten, eta 14 seme-alaba behintzat izan zituzten. Inazio bosgarrena zen (1848-2-17an bataiatua), eta eta Juan Martin 11.a (1859-2-11). Beste lau senide umetan hil ziren.

Intzartzun bizitzen

Intzartzuko bordak 600 bat metroko garaieran daude. Lasarteko lepotik (400m) Txuritxurietaiturri aldea doan bidea hartu, Troskaeta kobaren barrenetik jarraitu, eta lepoan daude borden aztarnak. Aizkoate (735m) eta Intzartzu (811m) gailurren beste aldera dago borden parajea.

Juan Arin Dorronsoro ikertzaile ataundarrak 1926ko Eusko Folkloreren urtekarian, Pueblo de Ataun artikuluan idatzi zuenez, XIX. mendean jendea bizi izan zen txabola hartan. Mende bukaerarako artegi edo mendiko borda bihurtua zen.

Bi anaien hilarria Lasarteko lepoan (lats izen zaharra du oinarrian, erreka) jarri zuten, bidegurutzea delako, Amundarain (Ataun) eta Kobaegi (Zaldibia) baserrien artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>