Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde

Joxepa Madariaga

Aupa, Inaxio! Gure tarte honen irakurle eta jarraitzaile fina dugun adiskideak esango ziguk, berriz ere, «negatibo ari zarete; eman mezu positiboak!». Baina, baina, baina… ze gizarte ari gaituk egiten, zer eraikitzen, jaso genuena nora ari gaituk bideratzen, ze zulo beltzetara? Errespeturik gabeko jende asko libre ari duk nahi duena egiten, aldamenekoa zapaltzen, bortxatzen, egurtzen, familia artekoak eta, ustez, lagunak, erailtzen. Eta justizia? Non zagok justizia? Ze epaiketa klase ikusten ari gaituk? Ze epai? Gaixo gaudek, burua galduta eta, bazirudik, gazteei eta haurrei gure gaixotasuna kutsatu diegula. Hori duk marka!

Negatibotik positibora pasatu behar diat. Minak indarra ematen dik eta lanerako prest gaudek. Feminismotik, antolatuta, lanean hasiak gaudek, Lazkaon ere. Hainbat taldetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu eta autodefentsa egiteaz gain, errespetuan lanean ari gaituk Lazkaoko Talde Feministatik. Erasoak direnean elkarretaratzeak antolatzen dizkiagu, kalera irteten gaituk gertatuak salatzera, larri eta haserre. Erasorik gabe bizi nahi diagu, libre, aske, pozik. «Nahikoa da!», esan eta errebelde izan behar diagu. Emagin, pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartearen aldamenean, feminismotik, gizartea eraldatzeko lanean, pertsonak hezten, gaiak ikertzen eta irtenbideak bilatzen. Gerriko liburu dendan jarri diagu txoko interesgarria: apal batean haurrentzat hezkidetza, parekidetasuna, genero berdintasuna eta feminismo arloak lantzen dituzten liburuena eta, Madariaga-Usarraldebestean, helduentzat, emakumeoi ahalduntzen lagunduko diguten liburuak. Egin bisita!

Inaxio Usarralde

Joxepa gaur ni, egia esan, gure Euxebioren traktorean A8 autopistan barrena banindoa bezala sentitzen naun. Ordu gutxi ditun ETA erakundeak herrian urtzera doala adierazi duena. Ez ninan asko uste guraso gisa hau transmititzera iritsiko nintzenik: ongi etorri bedi ziklo aldaketa hau, zinez! Balorazioak balorazio gauza bat zegon duela 60 urte bezain argi: herri hau eraikitzeko eta birsortzeko ahalegina egiten segi behar dugula. Bat natorren, gatazka politikoa, ETA aurretik ere hor zegoela eta orain, erakundea urtuta ere, hor geratu dela diotenekin. Ekin (segi) diezaiogun lanari!

Bien bitartean, lan gaitza zeukanagu biolentzia matxista gure gizartetik erauzteko ahalegin horretan. Giza maila eta jatorri guztiak gainditzen dituen gaia dun. Samurra dun Goierriko edozein herritako auzo baztertu bateko –bertan-jaiotako edo ez-dakit-nondik-etorritako– hark egindako erailketarekin asaldatzea, baina, gaitza orokorra dun izan aberats edo pobre, bertako edo etorkin… Jakin dudan azkenengoa hau dun: Literatura Nobel Sari entzutetsua eman gabe utziko dutela aurten sexu abusuen salaketak direla medio. No eta to, eredugarriak behar luketenak horrela baldin badabiltza!

Hala ere, gizonezkook geure barrura begira ere jarri beharra zaukanagu zertan okertu garen gogoeta egiteko: emakumeak irrigarri uzten dituzten txisteak zabaldu, kuadrillakoen aho berokeriekin isildu… Ni ez naun salbuespena, eta horrelakoak egin ditinat. Zer pentsa geratzen naun…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>