«Pentsioen gaineko kultura falta da hemen, ez delako erakutsi»

Amaia_Aldasoro_Iturbe(1)

Amaia Aldasoro Iturbe (Beasain, 1966) Elkarkidetza Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeko (BGAE) lehendakariorde exekutiboa da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde, instituzio eta sozietate publikoetan lan egiten duten langileen pentsioen sistema osagarria da, «enpleguko pentsioa deitzen dioguna». 1986an jarri zen martxan eta «bertako kide diren taldeen beharretara egokituz eta garatuz joan da».

Zein helburu du Elkarkidetzak?
Helburua soziala du; langileontzat pixkanaka aurrezteko modu bat izatea, biharko egunean pentsio osagarri bat izan dezagun. Ez da bakarkakoa bakarrik, partekatua da; langileak ekarpenak egin orduko, erakundeek bere ekarpena egiten dute. Gure kasuan borondatezkoa da, langileen %90 atxikituta daude; norberak erabaki dezake alta ematen duen ala ez, baina alta emango ez balu, ez luke jasoko erakundearen ekarpenik.

Zein da funtzionamendua?
Ekarpenak soldatarekin parekatuta doaz, soldataren % 6-7ko ekarpena egiten da. 60-80-100-120 jartzen du bakoitzak, 14 kuotatan; langileak % 3,5 eta erakundeak % 3,5. Ekarpen hori 25-30 urte bitartean hasi eta  65 urtera bitartean eginez gero, azken soldataren % 20 horretara iristen da. 32 urte daramazkigu eta langile  bakoitzaren kapitala, 100.000 euro ingurukoa da, bataz beste. Ekarpenen %90 aurrezkia eratzeko izaten da eta gainerako % 10 kapital gehigarria eratzeko, bazkidea erretiratu baino lehen ezgaitzen edo hiltzen bada. Bazkidea hilez gero, bikoteak %ko 100eko pentsioa jasoko du hil bitartean. Bikoterik ezean, oinordekoei ordainduko zaie.

Zenbat pertsonak osatzen dute Elkarkidetza?
27.000 bazkide gara; hauetatik 22.000ak egiten dituzte ekarpenak. Gure kolektiboaren %20 (5.000) pentsionistak dira, eta bataz beste, hilean 340-350 euro inguruko pentsioa ordaintzen zaie. Badaude batzuk oso pentsio txikia jasotzen dutenak, urte gutxian aritu direlako kotizatzen, eta beste batzuk oso handiak dituztenak.

Zertarako sortu dira enplegu pentsio osagarriak?
Garai batean, pentsionistek  normalean, azkeneko soldataren %80 jasotzen zuten. Beraz, jubilazioa kobratzen hasten zirenean, ekonomikoki galera txiki bat egoten zen. Enplegu pentsioak sortu ziren, alde hori osatzeko. Ikerketek erakusten dute, bizi guztirako %20ko errenta bat jaso nahi izanez gero, %7ko ekarpen hori, oso denboraldi luzean egitea komeni dela, berandu hasiz gero, esfortzu handia eskatzen duelako.

Noiz komeni da ekarpenak egiten hastea?
Ez dago adinik, baina karrera laboralarekin joan beharko luke, zenbat eta lehenago, hobe.

Zein abantaila ditu?
Nire ikuspuntutik abantaila asko ditu. Batetik, langileak ere ahalegin bat egin behar du, baina erakundeek beste hainbeste jartzen duen momentutik, ez dago konparaziorik kanpoan izan dezakezun beste aurrezki produktuekin. Beste alde batetik, bizi guztiko pentsioa da. Horrek balio handia dauka. 65 urterekin izango dugun bizi osorako erretiro pentsioa, ekarpen pertsonala baino bost aldiz handiagoa izango da. Ez dugu irabazi asmorik, beraz, kudeaketa gastuak oso-oso txikiak dira eta errentagarritasunaren metaketak urte horietan guztietan, kapitalen biderkatzea dakar. 32 urte hauetan, gure bataz besteko errentagarritasuna %5,5ean dago, banketxeenak baino askoz altuagoa.

Amaia_Aldasoro_Iturbe(2)«Langileontzat pixkanaka aurrezteko modu bat izatea da helburua»

«Kalkulatzen da, hurrengo 30-40 urteetan %40-50 jaitsiko dela pentsioa»

«Europan, gu baino 20 urte lehenago hasi ziren eta langile guztiek daukate pentsio publiko bat, eta komenioetan jasotako enpleguko pentsio bat»

«Estatuak berak bermatu behar ditu pentsioak eta erosteko ahalmena mantentzea»

Beste enplegu pentsioetatik ezberdintasunik ba al du?
Bai, Geroak eta bai Elkarkidetzak, elkartasun elementu garrantzitsu bat daukate, ezintasun iraunkorra eta heriotza estali ahal izateko. Bestetik, kudeaketa gastuak murritzak dira, honek errentagarritasun handiagoa sortzen du eta horrexegatik pentsioak handiagoak dira. Azpimarratuko nuke, errenta moduan ematen dugula pentsioa eta ekarpenak partekatuak direla. Ekarpen hauek nahikoak edota sufizienteak beharko dute izan, bestela ezingo genituzke biziarteko errentak sortu.

Pentsio sistema dagoen bezala egonda, garrantzitsua da horrelako pentsio osagarria edukitzea?
Bai. Pentsioen gaineko kultura falta da hemen, ez delako erakutsi. Europan asko ibiltzea tokatu zait, eta Europako herrialdeetan eskoletan ikasgaietako bat izaten da biharko pentsioa nola osatu behar den. Beste ikuspegi bat daukate eta herrialde aurreratuenetan, ia langile guztiek dute pentsio osagarri hau.

Ez dago pentsio publikoak ordezkatzeko arriskurik?
Inondik inora ere ezingo du gizarte segurantza ordezkatu.  Guk 32 urte daramatzagu eta % 7ko ekarpenak eginez, azken soldataren %20 lortu nahi dugu. Ordezkatze tasa hori handitzeko, ekarpenak handitu behar dira eta  ezinbestekoa da, soldatek gora egitea. Ikusten dena da, indarrean jarri dituzten neurri horiekin gizarte segurantza ez dela  gai izango orain ordaintzen ari diren pentsioak ordaintzeko. Neurriak hor daude dagoeneko, eta kalkulatzen da hurrengo 30-40 urteetan % 40-50 jaitsiko dela pentsioa. Beraz, atera kontuak, orain, soldataren % 80 kobratzen baldin bada, erdia kobratuko da gero. Are gehiago, erdia bakarrik kobratzeaz gain, soldata horiek askoz ere txikiagoak izango dira. Gaur egun, hein handi batean, prekarietatean kontratatzen dira langileak, eta berandu hasten dira lanean.   Inguruan ikusten ari gara, 800 euroan kontratatzen dira lizentziatuak. Beraz, soldatak baxuak izango dira eta pentsioak ere askoz ere baxuagoak. Orduan, zerbait egin beharrean dago.

Pentsiodunak kalera atera dira. Zer sentitzen duzu  beraien aldarrikapenak entzuten dituzunean?
Estatuak berak bermatu behar ditu pentsioak eta erosteko ahalmena mantentzea. Beraz, erosteko ahalmena mantentzeko KPIrekin egokitu behar dira pentsioak. Jubilatuek badaukate beraien arrazoi puntua, beraien erosteko gaitasuna gutxitzen ari baita, baina nire artean pentsatzen dut: oraintxe bertan hartuko nituzke beraiek dauzkaten baldintzak. Baina horrek ez du kentzen, beraiek eskatzeko duten eskubidea. Eta bidezkoa iruditzen zait. Oso indartsu aldarrikatu behar dugu, baina ez dakit non entzungo diguten. Kolektiboak, taldeak daukan garrantzia azpimarratu nahi nuke indibidualismoaren aurrean. Datozen belaunaldien erronka hori izango da, proposamen kolektiboetan oinarritutako kohesio sozialaren alde lan egitea edota beldurrean oinarritutako politikek ekarriko duten gizartearen gainbehera babestea. Elkartu eta aldarrikatu egin behar dugu.

Europan ibilia zarela esan duzu. Zein da hango egoera?
Europan, gu baino 20 urte lehenago hasi ziren eta hedatu ziren enpleguko BGAE hauek eta langile guztiek daukate pentsio publiko bat, eta komenioetan jasotako enpleguko pentsio bat. Hirugarren aukera pentsio pribatua da, indibidualki, erakunde finantziero batekin egin dezakeena da, baina enplegukoak derrigorrezkoak dira eta azkenean bermatu behar dena da jubilatutakoan pentsio duina edukitzea, estatuak ematen dizulako edota lan eremuan aurreztutako bigarren poltsa hori daukazulako. Errenta moduan izan behar du gainera, Europan oso errotuta dagoen kontzepzioa da. Hilean 200-300 euro gutxi dela esaten dute askok, baina zure pentsio publikoari hilero gehituko zaion kopurua da, eta horrek balio handia du. Bizi guztirako, 200-300 euroko pentsio osagarria edukitzea, epe luzeko erronka da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>