Ulermenari, men eginez?

Andoni SalameroUler nazazu», «konpreni nazazu» oso entzuten dugun esaldia da geure solasetan, geure hitz parrastetan oso zabalduriko esana. Ulertzea, ulertua izatea, ulertarazteko bide egitea… hain erraz adierazten dugu esan hau, sarri, hitzaren izanari benetako balioa ematen ote diogun galdetzen diot  nire barruari, izan ere, ulertze kontu hau geure beharretara bakarrik erabiltzen dugula iruditzen zait, eta, askotan, ulermenaren benetako balioa ulergaitz egiteraino.

Hiztegiari begiratuz, ulermena hitza aztertuz, hiztegiak berak definizioa motz samarra ematen digu, alegia, «ulertzeko ahalmena; adimena»-ren adiera. Ulertu begiratuz, bestelako definizio bi badira ere, honako esanahian erreparatzen dut: «Norbaiten jokaera edota sentimenduak arrazoizkotzat jotzea»; adiera hauxe darabilgu, adibidez, mintzatzerako orduan, inork erabaki bat hartu duenean, haren egoera ulertzeko gizakiok dugun ahalmenaren berri emateko.

Neuk hiztegiak halakorik esan edo ez, erreparatzen dut ulermenaz jarduteko, tentuz eta arreta guztiz egin beharreko ekintza dela, ez presaz, ezinegonez eta bulkadaren tempoan  arituz, izan ere, maiz, ulermenak eskatzen duena pazientzia handia baita eta erabateko ardura, ez baita estropezuka egin behar den ariketa, ez, sakonetik egin beharreko jarduera baizik, lasaitasunez, aurrean duzuna adituz, haren egoera zein den begiratuz, pertsonarekin enpatizatuz, maitasun handiz bera kontuan hartuz, bat etorri ez arren askotan, baina hark esandakoa gogoan izanez, inongo juzku makurrez zein aurreiritzi merkez barrua nahastu gabe.

Hauxe al da gizakideen aurrean gaudenean egiten duguna? Edo aurrean dugunaren itxura ikusita, epaiaren lehen geziak jaurtiz sailkatu egiten dugu, eta gure lubakiaren atzean babestuta egon? Lubakituta egonez gure lau hormetan ixten bagara, ez dago inongo ulermenik gertatzerik, eta ulermenik bada, beldurrean eraikitako ulermenaz arituko gara, hau da, ideia horien hormaren oinarriak erabat erortzen ikusiko dituen ulermenaz.

Bitxia bada ere, ezinaren sailean beldurra makina bider lantzen ikusten dugu, baita haren mozorropean hazten diren fruituak, etengabe, hazten eta goratzen: mesfidantza, susmoak, ezikusiak, itxidura…aldiz, maitasunaren abaroan, sarritan, bestelako aleez gozatzeko okasioa izan dugu: irekidura, elkar hartzea, arreta, hurbiltasuna… jakina, fruitutik fruitura bada alderik, eta noski, fruituetatik gizakiak ezagutuko ditugula ere entzun izan dugu behin eta berriz, eta zein egia hauxe, egia latza benetan!, Joxan Artzek zion bezala: «Izan ere, lagunok/ zerbaitetarako behar bada,/maitatzeko behar da hemen ausardia, eta haundia!;/ gorrotatzeko, aski da koldarkeria».

Ulermena, ezer bada, bihotzaren gozoaz, arretaz begiratzeko egitea da, benetako maitasunetik sortzen den ezer. Ulermenak ez du haserrearen eta intolerantziaren hizkuntza maite, arrotz zaizkio berauek, hurbiltasuna eta laguntza ematean hazten, loratzen eta goratzen da, lur onean hedatzen ditu bere zuztar sendoak eta lur hari atxikia, etsi-etsian aurkitzen denean ere lehia lakar eta jasangaitzei eusten die, hain zuzen emaitza bakea bera delako. Hori egiten dabilen gizakiak une oro, egoera bakoitzean, daki.

Argi dugu, gaur, onargarri eta ulergarri zaiguna, bihar, agian, ez dela hala izango, baina gizaki bakoitzari dagokigu horren alde lan egitea, batez ere, gizaki, izaki eta unibertso zabal hauxe osatzen dugunon espazioa bizigarri eta atseginago egiteko.

Sinesten dut gizakiaren jarrera ulerkorrean, egoskorkeria guztien gainetik, gizakien jokabide prestu, abegikor eta maitekorrean, hartan jartzen dut arreta osoa, eta haren alde men egiten saiatzen naiz. Egia da, Goethek zion bezala: «Mundu guztiak, bakarrik, entzuten duela ulertzen duena», ados, baina erne denak, etenetan ere isiltasunetik asko ikasten du, eta haren isilak esango du taxuzko dena, izengabeko aipu eder batek dion eran: «Inor ondotxo ezagutzeko, ez duzu haren hitz guztiak ezagutu beharrik, aski duzu haren isiluneak interpretatzen jakitea». Ea isiltasunetik jardunez, zeu eta besteak ulertzeko gaitasuna garatzen duzun. Ekintza horretan zorte on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>