Donostia, Baiona, Kanbo… Ataun

Joxe BegiristainEdo Beasain, Urretxu, Zerain, Lazkao… Edo hau irakurtzeko jakin-mina hartu duzuenon herriak. Orain artean gutako asko eroso ibili gara Aieteko jauregitik Baionako Paul Bert plazara eta handik Kanboko Arnaga jauregira. Gehienok antzeman dugu geure burua horietan ordezkatuta era batera edo bestera: alderdi politiko jakin baten zale, sindikaturen baten afiliatu, gizarte eragileetakoren baten partaide… Edo besterik gabe, nork bere burua prozesu horren babesle izan duelako, isilean, inori hala adierazi beharrik gabe ere.

Zailena egin da. Ez daukat inongo zalantzarik. Baina joe, hau iritzi-emate zaparrada, ETAren behin betiko desagertzeak ezertxo ere ez duela aldatu saldu nahian! Eta noski, ez naiz ari PPri buruz. ETA desagertzea nahi zuten ez dakidan, baina euskaldunok desagerrarazi nahiko gintuzketen bestelako hamaika ustezko demokrata espainolei buruz ere, ez naiz ari. Euskal herritarron nondik norakoa euskal herritarrok erabaki behar dugula uste duenaren ahaleginean gabiltzanok, ez gara bizi, halakorik espainolek ez digutela oparituko ezjakinean.

Koxka hemen dagoela, alegia, Euskal Herrian. Eta Euskal Herrian gertatzen ari delako, hain zuzen ere, ni erabat gogaitu eta dagoeneko aspertu nautenak, bi jarrera dira: alde batetik, ETAk izateari uztearekin hemen ezertxo ere ez dela gertatu eta, beraz, gure arteko harremanetan ezertxo ere ez aldatzea nahiko luketenen hausnarketak dira. Eta beste aldetik, ETA behin betiko desagertzea kapitalizatu nahian ari zaizkigun harrapakariak dira: beste gainontzeko guztion gainetiko jakinduria izango luketen politikari eta hauen menpeko iritzi-sortze saiatzaile horiek, horiek libratu omen gaituzte gaitzetik, gu inozook, ezertaz jabetzen ez garenok.

Batzuk eta besteak dira, adibidez, bakearen eta bizikidetzaren aldeko herri mugimenduetan urteak eta urteak eman ditugunoi barre egin digutenak. Inongo protagonismo pertsonalik gabe, borondate onenez, herritar guztien onerako ari ginela zinez sinisten genuelako jasan ditugularik, burlaizeak ez zirenean, bateko eta besteko ezinikusi eta mespretxuak. Garai eta horretarako toki jakin deserosoetan ETAren indarkeria gaitzetsi dugunok eta aldi berean estatuaren indarkeria (GAL, torturak…) gaitzetsi dugunok, ez gaude prest estatuarenaz gehienez ere isilik egon diren eta askotan nolabait justifikatu egin/egiten duten horiengandik lezio moralak jasotzeko.

ETAk bere kabuz erabaki du desagertzea. Aldiz, adi oraindik estatuaren aldetik etor dakigunaz. Momentuz Kataluniarekin entretenituta diraute. Baina Euskal Herrian ere gatazka politikoak hor dirau. Presoena lehenago edo beranduago konpontzen denean ere, gatazka politikoak hor iraungo duen bezalaxe.

Gutako bakoitzaren herrian, auzoan, bailaran dira era guztietako biktimak. Non ez da, elkarri begiratu ere egiten ez dion jendea? Areago, non ez da elkar gorrotatzera heldu den jende pila? Gatazkan gutxiena sufritzeko zortea izan dugunoi, jende horren guztiaren arteko zubi-lana egitea behinik badagokigu. Elkarbizitza duina opa badiogu behintzat elkarri, eta horretarako berradiskidetze premiarik bada bazterretan, aurrera. Horretan ez dago estatuaren zain egoteko aitzakiarik. Ni beti prest; baita oraingo iritzi-zutabe hau era hain gordinean idaztera bultzatu nautenekin ere.

Eta oso barrutik atera zaidan idatzia errematatzeko esaldi bakar batez laburtzeko, hitz jokoa onartuko didazuelakoan: elkarri lokarri sendoak eskaintzea, gure esku dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>