50 urtez hazten

Haztegi_Ikastola(3)2

Ikasturte osoan zehar ari dira Legazpiko Haztegi Ikastolan 50. urteurrena ospatzen. Ospakizunek, alabaina, egunotan joko dute goia. Denboran atzera egiten ari dira nondik datozen gogoratzeko, eta orain nora doazen zehazteko.

Haztegi Ikastola orain 50 urte sortu zuten Legazpin hainbat gurasoren, irakasleren eta ikasleren bultzadaz. Aurten ospakizun urtea da ikastolan, eta urtemuga iragana, oraina eta geroa josteko baliatzen ari dira.Sagrario Etxabe zuzendaria atzera begiratzearen garrantziaz mintzatu da. «Batzuetan ikastola beti egon dela eta beti egun den bezalakoa izan dela iruditzen zaigu. Aitzitik, nik eskola nazionaletan ikasi nuen, eta gaztelaniaz ikasi ere, halabeharrez. Garrantzitsua da belaunaldi berriei nondik gatozen transmititzea eta orduko erronkak zeintzuk izan ziren adieraztea, nahiz eta garai bakoitzak bere erronkak dituen».

Haztegi_Ikastola(4)Kimu-Berri ikastola izan zen Haztegi ikastolaren ernamuina Legazpin. Lehenengo ikastola hartan puxtarriak, txotxak eta oholak ziren material bakarrak, baina ilusio-samaldak eta sinesten zuten hartan lanean aritzeak bestelako trabak arindu zituzten. 1984-1985 ikasturtean Kimu-Berri Santa Teresa monja eskolarekin eta Artzain Onak mutilen eskolarekin batu zen. Fusioak aldaketa handiak eragin zituen, batik bat, eskola erlijiosoetatik zetozenentzat.

Etxabek urte asko egin ditu jada Haztegin eta orduko lan egiteko moduaren nolakotasuna gogoan du: «Ikasleekin hitz egiten genuen, eta zer ikasi nahi zuten eta nondik jo nahi zuten galdetu ondoren, unitateak larunbatetan prestatzen genituen. Erabakiak, gutxi-asko, asanbladan hartzen ziren». Orain, beharbada, hezkuntza «lotuago» dagoela dio. Lotuago helburuetara eta ikasmaterialetara.

Haztegi Ikastolaren historian 1992. urtea beste mugarri bat da. Orduan hasi ziren 4 urteko haurrekin Eleanitz programa martxan jartzen. Ingelesa ikasten hasi ziren haur haiek, ordura arte seigarren mailara arte ez zen ingelesik ikasten. «Ikastolen Elkartea aitzindaria izan zen eta Legazpin berehala hasi ginen». Etxabe bera izan zen Haztegin haur txikiei ingelesa irakasten hasi zen lehenengo irakaslea: «Juan Ramon Larrañaga zuzendariak eman zidan aukera hura».

Haztegi_Ikastola(2)Gerora Kilometroak jaia bi aldiz antolatu dute eta bidean haziz joan dira, hazi eta hezi. Egun Haztegik 670 ikasle inguru ditu eta Etxabek bere bulegoan hartu gaituen egunean,  Batxilergo Lehenengo mailako ikasleek Alemaniako Wathlingen (Behe Saxonia) herriko maila bereko ikasleak trukean hartu berri dituzte. Aurreko astebururako mendi irteera prestatzen ari ziren, Kimu-Berrira joan ziren, Lakiolan, hango aterpea lehenengo ikastola hartako gurasoek eraiki zuten,  eta Alemaniatik etorritako ikasleak eraman zituzten. Haztegiko ikasleek Gosearen Aurkako Lasterketa egingo dute, gaur bertan, arratsaldean. Orain bi egun ikastolaren historia ahotsez bete eta etapa ezberdinetako protagonistekin mahai-ingurua egin dute… Gurpila jira-biran dabil, geratu gabe.

Lapikoa sutan

Urteurrena prestatzen hasi zirenean, orain bi urte, zer egin eta ikastolako komunitatea nola girotu zuten buruan. Asier Ezama irakaslea buru-belarri aritu da lanean, «Huheziko (Mondragon Unibertsitatea) ikasleek proiektua egin behar zuten eta ikastolari buruzko bi bideo egitea proposatu ziguten. Asier Iriondo bertsolariak abestiari letra jarri zion eta hori guztia iazko ekainerako amaituta zegoen, lapikoa sutan jarria genuen, alegia», dio irakasleak.

«Garrantzitsua da belaunaldi berriei ikastola nondik datorren transmititzea»

«Urteurrenaren antolaketan gurasoen parte hartzea bikaina izaten ari da»

Sagrario Etxabe, Haztegiko zuzendaria

Talde txiki bat lanean ari zen,  eta buruan zituzten ideiak artezkaritzara –ikastolako organo gorena– eraman eta onartu zizkieten. Ideia horiek guztiak aurtengo ikasturtean egingo zituzten ekintza mamitu zituzten. Gero, ekintza bakoitzerako lan taldeak osatu zituzten irakasleekin eta ikasleekin. «Denak talde txikiak dira eraginkorragoak direlako. Taldeok erabakitakoa aurrera egin izan du koordinatzaile taldetik pasa eta gero. Talde motorrak, koordinatzaileak, talde txikien lana uztartu du», jarraitu du Ezamak.

Horrekin guztiarekin irailean martxan jarri ziren, eta hala Etxabe nola Ezama, pozik agertu dira urteurrenaren harira ikastolan sortu den giroarekin: «Gurasoen parte hartzea bikaina izaten ari da. Ilusioa, gertutasuna… Guraso asko ikasle ohiak dira, afariak egin dituzte eta girotuz joan da».

Haztegi_IkastolaSortutako giro horren isla da ikasle ohien bazkarirako txartelak hartu dituztenen kopurua. «Sekulako sarea sortu da ikasle ohiei bazkariaren berri emateko, eta etorriko diren edo ez galdetzeko. Behin sarea bilbatuta, 1.200 txartel atera genituen eta, azkenean, 1.300 lagun elkartuko gara», nabarmendu du Etxabek. Maiatzaren 26an izango da, ahal dela, ikastolan bertan baino, herrigunean egingo dute «gure ospakizuna herriarekin partekatzeko».

Ondoren, ikasturtea amaitu aurretik, ekainaren 9an Ikastola Eguna ospatuko dute urtero bezala. Aurten, ordea, berezia izango da egun osoko festa izango baita eta afaria egin ordez bazkaria egingo dutelako.

Urteurrenaren bueltan rock kontzertuak,argazki erakusketa, kirol berezien jardunaldiak eta mendi irteerak ere antolatu dituzte, besteak beste. Mendi irteerak egiten jarraitzeko asmoa agertu du Etxabek: «Ekintza batzuk galdu egin ditugu bidean eta urteurrenagatik berreskuratu ditugu».

Aurrera begira, eta urteurrenak esnatuarazi duen ilusioa lagun, gizarte aldaketekin bat datozen balioak transmititzea eta «edukiak soilik ez, haurrak pertsona bezala heztea» dira Haztegiko zuzendariak aipatutako erronka nagusiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>