Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Lazkao, Legazpi, Legorreta, Beasain… Behin udaberrian sartuta, uda hondarrera arte iraungo duen herriko festen katea hasi zaigu. Santu bat dela edo bestea dela, eguna luzatuz doa, eta udazken-negu luzeko beste mota bateko festa edo ospakizunei, herrietako jai nagusiek hartu diete txanda. Musika, dantza, kirolak, mozorroak, zaldiko-maldikoak, lehiaketak, danborradak… eta jan-edana! Gure herrietako ospakizun guztien erdian beti baitago jan-edana. Patata-tortilla lehiaketak, herri bazkari edo afariak, koadrilako bazkari edo afariak, sozidadetako otorduak, etxeetan ezin kabitu adinako mahai beteak… Ez dira garai onenak urdail eta gibelentzat.

Jan-edanaren kulturak, ordea, eta bereziki ospakizunei eta jaiei lotuta, badu askotan azpimarratzen ez den alde bat ere: elkartzea, hitz egitea, tertulia… alegia, giza-harremana. Zer ederragorik, denboraren barrila petrolioarena baino garestiago kotizatzen dugun egunotan, patxadaz eta lasai jendearekin egotea baino. Festek benetan horretarako ere balioko balute!

Baina nago, gizartearekin batera, festetako jan-edanaren kultura ere badoala aldatzen. Sozializazioa bide eta helburu izan duen ospakizun eta festa modu batetik, besterik gabe, alkoholaren nahiz beste droga batzuen kontsumo neurrigabearen kulturara goazela. Edo hobeto esanda, besterik gabe mozkortzea edo kolokatzea lehenesten direla neurri handi batean, eta bereziki gazteen artean, sozializazio eta festa modu baten bide izan beharrean. Gazteen osasunagatik ez-ezik, badaude kezkatzeko arrazoiak gizarte batek kohesionatu izateko beharrezkoMunoa-Gorrotxategi dituen ospakizun komun eta bateratzaile hauen etorkizunagatik. Jan-edanak gibela ez ezik, herriak ere ahultzeko arriskurik ba ote du festetan?

Eneritz Gorrotxategi

Gurean jan-edanak oso zuztar errotuak ditu nonbait, bai. Baina, mahai bueltan jartzen denak edo parrandara irteteten denak gizartea ikusteko dituen betaurrekoen araberakoa da ia guztia.

Egia da, sozializatzeko moduak aldatzen doazela, baina esango nuke gazteei atxiki diezun gehiegizko kontsumoaren etiketa horretan ez hain gazteak ere sartu beharko liratekeela. Niretzako kezka iturri handiagoak dira ordea kontsumo horren aitzakiapean egiten diren basakeriak: mozkorrarena eginaz ondoko neska gazteaz abusatzeko lizentzia hartzeak, drogak hartu ondoren gustuko duen hura bortxatzeko eskubidea duela uste izateak…  Halere, Manada kasua ikusita, ez dakit gutxienez 40 urte ez ote ditugun atzera egin. Bost gizonezko neska gazte baten aurka eta artean ez dela bortxaketa izan? Ez dela indarkeriarik izan? Nork ulertu lezake hori? Hori ez bada bortxaketa, zer behar da bortxaketa gisa ulertzeko, heriotza? Gizarte kohesionatu bat izateko ez dut uste jan-edanaz, drogez edota sozializazio molde berriez bakarrik jardun behar denik, aurretik lan asko baitago oraindik batzuk besteak errespetatzea zer den jakin eta ikas dezaten. Eta horretarako zabaldutako denboraren barrila agortzear da jada.

Horrelako zitalkeriak egiten dituztenen gibelak eta kontzientziak usteltzeko puntuan beharko luketen arren, gainerakook kalera beldurrik gabe irteteko eskubidea dugu. Horretan jarri behar dira indarrak, herrietako festak osasuntsu izan daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>