Izan gizon, izan feminista

Antxiñe MendizabalIzan aske, eta ez inori oniritzirik ez baimenik eskatu, ezta Feminismoari ere, esango nioke Zumarraga-Urretxuko Gizon Taldeari, joan den apirilean komunikabideetan egin zuten adierazpenei erantzunez, deserosotasun pixka bat sortu behar badut ere, deserosotasun produktiboa Jokin Azpiazu aktibistak iradokitzen duen moduan. Halaber, aurreratu nahi dut ez nukeela Mansplaining hitza (aitakeria: zerbait azaldu, azalpena entzuten duenak azalpena ematen duenak baino delako gaiari buruz gehiago dakiela kontuan izan gabe) esanahiz aldatu, eta amakeriaz hitz egin nahi. Hausnartzen hasita, lehenengo eta behin, taldekideok, zuen begirada subjektiboa argitzen eta konpartitzen hasi beharko duzuelakoan nago, eta ez beste inorena.

Emakumeen iritzia eskatzen zuen Gizon Taldeak, zehaztu gabe emakumeak feminista izan behar ote zuen derrigor. Badaezpada, argituko dut feminista naizela. Niretzat, halere, ideologiak banderak bezalakoak dira: debekatuak daudenean jarri behar dira indarrean, orduan bakarrik atera behar dira kalera astintzera. Feminismoaren ikurra kalean dago eta luzaroan egon beharko du matxismoaren erasoari aurre egiteko. Halere, ez naiz inolako doktrina edo ideologiaren jarraitzaile. Nire buruari, ahal dudan neurrian, burujabetza aitortzen diodanez, saiatzen naiz nire bizitzaren ildoak erabakitzen eta aurrera eramaten.

Ez naiz ezein talde feministako aktibista, baina zenbait emakume aktibistarekin badut harremana eta solasaldi biziak izan ditugu. Bestalde, egunero modu batean edo bestean adin, jatorri eta ideologia ezberdineko emakume askorekin partekatzen ditut dantza, sormen-lanak, eskulan-tailerra, literatur jardunaldiak, kafeak… Gure enkontruetan emakumeei buruz asko hitz egiten dugu: gure ilusioez, ajeez, nahi eta ezinez; maitasunaz, amatasunaz, sexuaz; baita gizarteaz, ekonomiaz, politikaz, kulturaz ere. Barre handiak egin ohi ditugu eta, batzuetan, negar ere bai. Gizonezkoak ere izaten ditugu hizpide: haiekiko gure fobiak eta filiak aitortzen dizkiogu elkarri, maitasunetik nahiz haserretik, batzuetan kritikatu egiten ditugu eta beste batzuetan beren talentuak goraipatzen. Inoiz ez diogu elkarri feministak garen galdetzeko edo aitortzeko beharrik izan.

Honezkero, baten batek leporatu dit gizon-emakume binarismoan erori naizela. Egia da Judith Butlerrek aspaldi esan zuela generoa eraikuntza kultural bat besterik ez dela eta bereizketa horretatik haratago joan behar dugula. Bat nator ondorioan, arrazoibidea edozein izanda ere. Generoaz haratago, gizakiak gara. Ukaezina da, halere: generoaren hautua edo gizon-emakume izateko moduak zailtasunak eragiten ari zaizkigu. Horregatik, txalogarria iruditu zait herriko gizon talde batek (beren) maskulinitateaz hausnartzen hastea.

Halere, ausartuko naiz esatera edozein ekarpen egiten duzuela, erruduntasun sentimenduari ihes egiteko. Zuen erruduntasunak ez gaitu emakumezkook errugabe egiten; aitzitik, askapenaren bidean, erruak, zigorrak eta absoluziok menpeko bihurtzen gaituzte guztiok. Kontzientziatik eta erantzukizunetik, askatasuna eta sormena ezinbestekoak dira eredu berriak sortzeko, nahiz eta askotan ideologiaren printzipioei aurre egin behar izan. Emakumezkook ikasi dugu kontraesanetan bizitzen, eta halere, aurrera egiten. Feminismoak Gizon Taldeei utzi diezaiokeen legatu hobeagorik ez zait bururatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>