Berdintasunaren jokalekuak

Joseba ImazKontziliazioa. Erantzunkidetasun parekidea. Berdintasuna. Kontzeptu horiek norbere bizitzan izan duten presentzia aztertzen hasita, orduan konturatzen da bat ideia horiek etxeko lanen banaketa justu batekin lotu izan dituela txikitatik. Agian familian eta eskolan hala erakutsi zigutelako ume kozkorrak ginenean. Edo Emakundek 90eko hamarkadaren hasieran bultzatutako kanpainei esker, Sorkunde ikono arrakastatsuaren bitartez, akaso hala barneratu genuelako.

Baliteke adinaren kontua izatea, baina iruditzen zait testu honen hasieran jasotako hitz horien dimentsio erreala ulertzen duela batek pertsona baten zaintza –ume batena izan, adineko zein gaixo dagoen pertsona batena– bere gain hartu behar duenean. Batez ere bikotean edo familia baten testuinguruan lanak banatu behar direnean, edo arreta horren ardura dutenen ibilbide profesionalean lehentasunak eta konpatibilitateak mahai gainean jartzen direnean. Berdintasunaren desafioa askoz ere zabalagoa da, baina orduan jabetzen da bat gaiaren dimentsio berri batez. Norbere laneko ardurak eta aukerak alboan daukanaren gainetik ez jartzeko egin beharreko gogoeta partekatuaz eta ahaleginaz ari naiz, alegia.

Berdintasuna gauzatzeko jokaleku nagusietako bat eremu intimo eta etxe barruko hori baita, azken finean. Zoritxarrez, emakumeak galtzaile edo, gutxienez, emaile nagusi izan dira eta izaten dira askotan –gehienetan— espazio pribatu horretan. Batetik, gizonezkook ez diegulako hain erraz uko egiten eduki ditzakegun ardura profesionalei edo aisialdiko ohiturei, eta rol tradizionalek emakumea bultzatzen dutelako zaintzaren pisu handiena bere gain hartzera.

Puntu honetan, esan bezala, gizonezkook beste jarrera bat hartu beharrean gaude, gure bikote, arreba, ama edo lagunekin konpartitzen ditugun arduren puska bat –erdia behintzat– guri dagokigulako. Eta gure parte hartzerik gabe zaila delako emakumeen aukera berdintasuna bermatzea.

Badago hala ere bigarren joko-zelai bat, aurrekoari modu oso zuzenean eragiten diona. Gizarteak herritarroi eskaintzen dizkigun baldintzez ari naiz. Erantzunkidetasun hori benetan lortu ahal izateko eta emakumeei hainbeste erasaten dien berdintasun falta hori iraultzeko. Gure haur, adineko edo senideen zaintza bateragarria izan behar baita –askatasunez norberak kontrakorik erabakitzen ez badu behintzat– norbere lanarekin eta ongizatearekin. Eta jokaleku honetan administrazioak jokatzen duen papera garrantzitsua da. Zaintzarako ezarritako diru-laguntzak edo aitatasun baimena lau hilabetez luzatzeko 2019an ezarriko den aukerak dira horren erakusle. Bide horretan sakondu beharrean gaudelakoan nago, berdintasunean ere aurrera egiten jarraitu nahi badugu.

Azkenaldian, aurkikuntza handia izan da niretzat, baita ere, haurtzaindegi publikoek eskaintzen duten zerbitzu bikaina ezagutzea. Ordutegien malgutasuna, zaintza goxoa eta pedagogia aurreratua. Gure seme-alabek hain adin txikian mundu zabalarekin duten lehen kontaktua izanda, lasaitasun handia ematen du zerbitzuaren kalitate eta gertutasunak. Horrelako tresnarik gabe ere zaila litzateke lana eta bizitza pertsonalaren kontziliazioa.

Hirugarren jokalekua enpresa mundua da. Pausoak ematen ari dira enpresa askotan, ordutegi hertsietatik zabalagoetarako trantsizioa eginez, helburuetan oinarritutako antolakuntza ezarriz, ordu jakin batzuetan bilerak egiteko ohitura aldatuz… Hemen ere badugu zer hobetua.

Guztiak pixkanaka indartu behar ditugun tresnak eta errealitateak. Gure bidea eginez, ziur asko kanpoko errezetak bere horretan aplikatzea ez delako aproposena. Baina ahaztu gabe eguneroko erabakietan, bikotean edo familian gure bizitza proiektua garatzeko garaian, hortxe dagoela jokoan berdintasuna. Gizonezkook, bereziki, badugu zer pentsatu eta zer aldatu, gure lagun, bikote, ama eta senideek eduki dezaten aukera berdintasun erreal bat beren bizitzetan. Gizarte justuago bat, aberatsagoa eta gizakoiagoa eraikitzeko bide bakarra delako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>