Goierri Gorrik mugarik ez du hazieran

Goierri Gorriren Euskal Ligako taldea. Goierriko hamar herritako 22 jokalarik osatzen dute. Liga 5. postu «historikoan» bukatu dute.

Goierri Gorriren Euskal Ligako taldea. Goierriko hamar herritako 22 jokalarik osatzen dute. Liga 5. postu «historikoan» bukatu dute.

Goierriko azken urteetako kirol proiektu aberatsenetakoak bi urte bete ditu. Goierri Gorri 2016ko irailean sortu zuten, nesken futbolari bultzada emateko. Beasain eta Lazkao elkarteen baturatik, 130 lagunekin hasi zen. 2017-18 denboraldia bukatu berritan, ia bikoiztu egin dute kopurua.

Igandean ospatu zuten denboraldi amaierako bazkaria, Ordiziako Beti-Alai frontoian. Berrehun-bat lagun elkartu ziren. Goierri Gorrik, gaur egun, hamabi talde ditu, eta 240 futbolari. Hasierako klubei Ordizia batu zaie orain, 2018-19rako.

Alebin, infantil eta kadete mailetan hiruna talde ditu; jubeniletan bat, eta seniorretan bi: Erregionaletan eta Euskal Ligan. Goren taldean, adibidez, 22 futbolari dira. Beasain, Lazkao, Ataun, Idiazabal, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Ordizia, Legazpi, Segura, Zaldibia eta Berastegikoak dira. Euskal Ligan 5. postua lortu dute, «historikoa Goierrirentzat», Jose Ignacio Lasa lehendakariarentzat.

«Honek ez du mugarik»

Emakumezkoen futbolari bisibilitatea, indarra eta hauspoa emateko sortu baldin bazen, behar zela ondo erakutsi du bi urteko denbora tarte laburrak. «Herri bakoitzak ezin du bere egitura eduki nesken futbolean, mutiletan bezala. Berandu, baina konturatu gara elkarlana ondo etorri zaiola egitasmoari. Uste dut oraindik ez garela jabetu zer egin dugun. Horrenbeste neska futbolean… gauza handi bat da», dio Lasak.

Hurrengo denboraldirako, Ordiziako egitura barneratzea izango da erronka. «Herri handia da, eta kosta egiten da fusioa; Beasain eta Lazkao bateratzea kosta zen bezala. Baina datorren urtea oso positibo ikusten dugu», esan dio Lasak Goierri Telebistari.

Seniorren taldean erregulartasun saria eman dioten Miren Arrondok ere garbi du bidea zein den: «Elkartu, eta denok futbolean jokatu eta gozatu nahi dugunez, elkarrekin aritzea. Bailaran ezin dugu bakoitzak bere aldetik borrokatu. Lortzen ari gara, herri guztietan erantzun hobea jasotzen ari gara, geroz eta neska gehiago, geroz eta talde gehiago gaude. Honek ez dauka mugarik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>