Pentsioak ernez

Urretxu_eta_Zumarragako_pe

Gipuzkoako jubilazio sari handiena jasotzen duten hamar herrietatik zazpi Goierrikoak dira. Beasaingoek dute batez besteko altuena. Momentuko egoera dela ohartarazi du, ordea, herriko jubilatu elkarteak, eta eskariekin segiko du.

Gipuzkoako biztanleriaren %17k jasotzen du jubilazioko saria. Beste %25,5ek pentsioa. Jubilatuen batez besteko soldata hilean 1.295 eurokoa da. Goierrin, jubilatuen portzentaia %16koa da, eta pentsiodunena %24,9koa. Jubilatu-saria, hilean 1.417 eurokoa, batez beste. Gipuzkoan jubilazioko soldata altuena duten hamar herrien artean zazpi dira Goierrikoak, eta herrialdeko batez bestekoa 12 udalerritan gainditzen da.

Jubilazio sari altuenak Beasainen daude (1.517 euro). Olaberria (1.502), Ordizia (1.463), Lazkao (1.466) eta Zumarraga (1.435) datoz gero. Egoera hori, ordea, iragan industrialari eta ekoizpen-ehun oparoari zor zaio, eta, horrenbestez, etorkizunean edozein unetan alda litekeela ohartarazi dute jubilatu elkarteek.

Sakonean dagoen arazoarekin ez du zerikusirik pentsiorik altuenak izateak ala ez izateak, hala ere, Beasaingo Jubilatu Elkartearen lehendakari Jose Antonio Giradok dioenez: «Gaia orokorra da, eskubide bat da, eta sendotu behar da. Orain oso ondo dago inguru hau, baina CAF erortzen bada, adibidez, etorkizunerako alda daiteke. Ez dauka zentzurik momentuko egoera batekin alderatzeak».

Maquetación 1

Lau aldarrikapen

Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkarteak 37.000 bazkide ditu, eta protesta-plataforma ozena osatu dute helduek, azken hilabeteetan. «Gu alderdietatik kanpo gaude; ez dut esango politikatik kanpo gaudenik, baina ez gara alderdizaleak. Beraz, guk ez dugu bat egiten 1.080 euroko gutxieneko soldata eskatzen duten sindikatuekin. Kopuru hori gehiegi iruditzen zaigu, dagoen egoerarako. Baina azkenean, denok helburu berera goaz, nahiz haiek gauza bat esan, eta guk beste bat», dio Giradok.

Lau zutabe ditu jubilatuen plataformak: KPIren urteroko igoerarekin pentsioak «blindatzea», krisi garaietan zein oparoaldietan; pentsio gutxienekoari kopurua jarri beharrean, lanbidearteko gutxieneko soldataren parekoa eskatzea (800 euro inguru); alarguntza saria %70era iristea; eta jasangarritasun indizea desagertzea.

Lan prekarietateak ortzimuga iluna uzten du, eta «zuzendu» beharrekoa hori ere.

Lehentasuna, alargunek

Eskakizunen artean, badira batzuk gordinagoak. Alargunena da bat. «Neguan, batzuk elkartera berogailuagatik etortzen dira. Lehentasun bat adierazten du horrek. Alargunek ere beste guztiek bezalakoxe gastuak dituzte, eta zergatik jaso behar dute gutxiago? Denentzat gutxieneko bat eskatzen dugu, izan alargun, ala ez izan».

Bikote batean bizi den jubilatu batek jasotzen duen saritik %40 gutxiago jasotzera iristen dira alargunak.

Bestetik, liskarra eragiten duen beste gai bat pentsio kontributiboak eta ez-kontributiboena da. Jubilatu elkarteak eskatu du ez-kontributiboak Estatuaren aurrekontuen bidez ordain daitezela, eta kontributiboak bakarrik sar daitezela pentsioen poltsara.

Itxaropen aldetik, Toledoko Itunean jarri dute begia berriz jubilatu elkarteek, Espainiako Gobernua aldatu denean. KPIaren eguneraketarekin pentsioak igotzea krisirik ez dagoen garaian soilik aplikatu dela salatu dute. «Beti behar du».

Protestetan, lasaitzea

Jubilatuek hiriburuetan antolatu dituzten manifestazioetara autobuskadak joan dira, Goierritik. Goierriko herri hazienetatik autobus bana bete dute. Baina azkenekora «hogei» joan ziren. «Arreta eman dit horrek. Jendeak ikusi du, nonbait, alderdiek Gobernuarekin hitzarmena egin eta diru bat ekarri dutela, eta horrekin egina dagoela. Irudipen hori kendu beharra dago, eta protestetara joaten segi», dio Giradok.

Pentsionistak Martxan, Duintasuna Elkartea, Pentsionistak Aurrera eta beste zenbait elkartek ere garbi dute bidea: «Baten batek zalantzarik bazuen, argi geratu da borrokatzeak merezi duela. Mobilizazioen bidez, pentsiodunok lortu dugu arazoa agenda politikoan eta aurrekontuen negoziazioan sartzea». Pentsiodunen %52k 1.000 euroz azpitik jasotzen du, hirutik batek 735etik behera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>