Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Lau urte, lau urte igaro dira batetik bestera. Baina ez alferrik. Lau urteko tartea izaten dute gurean gauza askok, besteak beste hauteskundeek. Datorren urteko udaberriko hauteskundeetarako hautagaiak zehazten hasi diren honetan, bateko eta besteko inkesta, sozio-metro eta baro-metro ezagutzen ari garen honetan, herriak bere eskubideak aldarrikatu ditu. Kaleak hartu, errepideak bete. Azken aldian arrazoi bat baino gehiago izan dugu kalera irten eta injustiziak salatzeko, etorkizuna geuk erabaki nahi dugula esateko edota gizarte honen lehena eta oraina osatzen duen komunitate osoari erreparatu behar zaiola gogorarazteko.

Goierritik asko eta asko izan ginen Arabako errepideetara joatea egokitu zitzaigunak. Eta aitortuko dizut bidean hotzikarak behin baino gehiagotan izan nituela: autobusak, kolore eta neurri ezberdinetakoak, dozenaka, ilada luzeak sortuz ikusi genituen. Bete-bete eginda zihoazen, beraz, berehala jabetu ginen mundu bat zela bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea, berea dela aldarrikatu nahi zuena. Irudiak ikusterakoan ere emozioz beteta ikusi genituen; airetik hartutakoak, errepidean ateratakoak edo sarean zintzilikatutakoak. Denek zuten helburu bat. Txikienetik hasi eta heldueneraino hantxe, katea osatuz, olatuak eginez edota musikaren erritmora dantzatuz, Gorrotxategi-Munoalotu zen azkenerako labur ere egin zitzaigun katea. Ea bada etorkizunerako baliagarria izaten den, katebegi guztien artean lortutakoa!

Ion Muñoa

Meritu itzela izan zuen giza katean lortutako mobilizazioak eta antolakuntzak. Milaka pertsona ondo koordinatuta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuen arteko metro guztietan banatuta. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula halako zerbait egin izana. Eta bada era berean, gizarte baten egonezin, nahi, indar, energia, gogo, amets (edo bakoitzak nahi duen kontzeptuaren)… adierazgarri ere.

Etorkizunerako baliagarria izateko desio horretan, ordea, hainbat galdera sortzen zaizkit: Eta ekainaren 11tik aurrera zer? Bihar zer egiteko prest gaude katebegi bakoitza gure eguneroko bizitzan? Zer egiteko prest dago gutako bakoitza bere lanaren esparruan, aisialdian, komunitatean? Zenbat denbora eta diru eskaintzeko prest gaude proiektu kolektiboen alde? Zenbat asteburu eskainiko ditugu? Gure Esku Dago ez da ezerren aurka sortutako mugimendua, ideia baten alde sortutakoa baizik. Eta horregatik, aldarrikatzea ez ezik, eraikitzea ere eskatzen du. Eta hori mobilizazioez gain, lanarekin egiten da. Ez dago beste modurik. Beste guztiak arriskua du maila estetikoan geratzeko eta gutako bakoitzak sentiarazteko berari dagokion katebegiaren zatia bete duela. Ez diezaiogun gure buruari ziririk sartu!

Amaitzeko datu batzuekin bi apunte. Batetik, 175.000 pertsonen goiz bateko orduek, gutxi gorabehera, 500 lagunen urte guztiko lan orduak berdintzen dituzte. (500 laguneko enpresa batek urte guztian zenbait gauza eraiki ditzakeen azaldu beharrik ez dago Goierrin). Bestetik, ekainaren 15ean, Espainiako eta Portugalgo selekzioen arteko futbol partida 331.000 pertsonek ikusi zuten Euskal Autonomia Erkidegoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>