Irudi bat buzoian

Amaia Cid-Julen Iztueta (2008), Andoni Beristain(2009), Maite Arbonies (2010, 2016, 2017), Josu Maroto (2011), Julen Izagirre (2012, 2013, 2014, 2015).

Amaia Cid-Julen Iztueta (2008), Andoni Beristain(2009), Maite Arbonies (2010, 2016, 2017), Josu Maroto (2011), Julen Izagirre (2012, 2013, 2014, 2015).

Zumarragan badago hitzordu bat urtero-urtero Santa Isabel jaien atarian errepikatzen dena. Postontzi guztietan banatuko duten festen egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketaren sari banaketa da hitzordu hori. Aurretik lehiaketa deitu, sortzaileak lanean jarri eta sari banaketan epaimahaiak aukeratutako azal onena erakusten dute, baita egileari saria eman ere. Ohikoak dira, beharbada, kartel-lehiaketak; Zumarragakoaren xarma da sortzaileen lana inprimategira bidali, eta udalerriko buzoi bakoitzera iristen dela jaien egitarauaren euskarrian.

Sari banaketaren ondoren, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxearen sarreran jartzen dituzte herritarrek ikus ditzaten, eta erakustokia, hain da egokia eta zentrala, nahi gabe ikusten direla, liburutegira, pintura eskolara edo musika zein dantza jardunera joateko bidean azalekin egiten baita topo. Aurtengo lanak ikusgai daude egunotan.

Anne Bengoetxea (2018).

Anne Bengoetxea (2018).

Zumarragako kultura sailean lehiaketaren lehenengo ekitaldien arrastoaren bilaketan ari zirela, harriduraz konturatu ziren pentsatu baino lehenagotik egiten dela. 1988an egitarauaren azala lehiaketa bidez aukeratu zuten jada, eta hala egin zuten 1992ra arte. Ondoren, etenak egon dira eta tarteka berriro heldu diote lehiaketari. 2005etik etenik ez da egon, eta bereziki nabarmena da azken urte hauetan guztietan, kasik salbuespenik gabe artista zumarragarrek jaso dutela saria, eta, horrenbestez,  haien azalak iritsi direla postontzietara.

Aurtengoa izan da horietako salbuespen bat, Anne Bengoetxea donostiarrak irabazi baitu saria. Batez beste 25 lan inguru aurkeztu dira urtez urte. Egon dira pikoak kopuruan, esate baterako, 2012an 44 lan aurkeztu ziren. Eta azpitik ere egon dira, iaz sei lan bakarrik aurkeztu ziren. Artista bakoitzak lan bat baino gehiago aurkez dezake.

Julen Izagirre zumarragarraren marka lehiaketan ez da nolanahikoa, lau aldiz irabazi du eta laurak, jarraian –2012 eta 2015 bitartean–. Maite Arbonies zumarragarrak hiru aldiz irabazi du. Izagirrek beretzat «ohitura moduko bat» bihurtu dela dio: «Egindako ikasketekin bat etorrita, goxoki bat eta erakusleiho bat da; gainera, nahieran aritu zaitezke». Izagirrek halako lehiaketetan bi epaimahai mota egon ohi direla azaldu du: «Epaimahai itxi bat, adituek osatutakoa, eta beste bat popularra. Lehenengoak irizpide zehatz batzuen araberako erabakia hartzen du, hala nola konposaketa, kolorea edota argazkia. Epaimahai popularraren irizpidea gustatu izana edo ez izan ohi da». Zumarragako lehiaketako epaimahaia adituek osatzen dute eta Izagirrek begi onez ikusten du hori.

Gaiaren heldulekuak

Maite Arboniesi kosta egiten zaio halako lehiaketetara aurkeztea, behin animatuta, ordea, «gaiari buelta batzuk emateko eta aritzeko ere balio dit». Arboniesek erantsi du, «Zumarragako jaien egitaraua oso baldintzatuta dago Santa Isabel eguneko erromeriaren barruko ezpata dantzagatik eta  ildo horri beste ukitu bat emateko aukera erronka bat da sortzailearentzat». Izagirre bat dator erabat. «Gustatuko den zer edo zer egiteko erronka da. Txistulari bat jar daiteke zeren haiek ere beti baitaude hor, edo danborradari keinu egin hura esanguratsua baita Zumarragan». Ezpata dantzarien kolore zuri gorriak alboratzea, halere,  «arriskuak hartzea» dela gehitu du Izagirrek.

Biek ala biek balio handia eman diote egitarauak postontzietara iristeari. «Oso guai dago, ez dago iragazirik, zumarragar guztiek ikusten dute eta hori sortzaileontzat ona da. Karteletik bereizten du, gainera. Izan ere, kartelen ondotik pasa zaitezke eta ez ikusi, egitaraua etxera iristen zaizu», dio Izagirrek.

Aurtengo azalean Anne Bengoetxeak dantzariei heldu die. Goian kapelak, behean oinak abarkak jantzita eta, tartean, ez dago gorputzik, Zumarragako Santa Isabel jaietan kabitzen den guztia baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>