Alardeak, sanferminak eta sexu erasoen minak

Joxe BegiristainBehin baino gehiagotan ukatu zait hainbat eta hainbat herritako festen aitzakian egiten diren izugarrikeriei buruzko iritzia emateko nire balizko eskubidea. Iruñean zezenik gabeko jairik (entzierroa barne), adibidez, ezinezkoa omen liteke (noiz arte?); Lekeition antzarak bizi-bizirik buruz behera zintzilikatu eta lepoa zarrastatuz akabatzen zituztenean ere, ezin genuen kontra egon, bertakoak ez ginenez. Baina horren urrutira joan beharrik gabe ere, gure herriko festetan asto-karrerak egiteari utzi ziotela, ez dira horrenbeste urte. Horiek, animalienganako tratu txarren adibide ezagunenetako soil batzuk baizik ez dira.

Horiek, ordea, nolabait esateko, lausotuta ari dira geratzen: tratu txarrak inorengan nabarmendu badira azken aldian, emakumeengan dira. Jakina da, alde batetik, emakumeen eta gizonen parekidetasunerako berdintasun planak, kopuruz behintzat kontaezinak ditugula (beste gauza bat da horien eraginkortasuna gaur-gaurkoz). Jakina da, bestalde, ordea, emakumeenganako indarkeria, oso dagoela onartua gure artean ere, horren aurrerakoiak eta horren kulturalki jantziak omen garen euskal herritarrongan. Eta horien harira, lotsatzekoak zaizkigun bi adibide behinik aipatuko ditut segidan, bietan ere sexu erasoak ematen baitira: Irungo eta Hondarribiko Alardeak eta bortxaketak (non-nahikoak).

Irunera lan kontuengatik joaten naiz eta hango lankide batzuk Alardeari buruzko nire iritzirik ez dute onartzen; areago, Irungoa (bertakoa) ez naizenez, ez omen naiz nor, Alardean emakumezko askok eta askok nozitzen duten gutxiespena (suabe esanda) gaitzesteko. Hondarribikoaz, berriz, bertako inorekin eztabaidatzeko aukerarik ez dut izan, baina Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia liburua irakurtzea besterik ez dago, urteroko auzo lotsa izugarria nozitzeko zain egon beharrik gabe.

Hori alde batetik. Eta bestetik, Iruñean 2016ko sanferminetan La Manada-ko talde bortxaketak duela gutxi hartu duen bideak agerian uzten duen egoera da: zilegi da emakumezkoa jolaserako giza haragi soiltzat hartzea. Nola mereziko dute ba kartzela, mundu zabalean zehar horren ugariak diren emakume bortxatzaileek?…

Non da justizia? Justiziarik ez dago eta gizartea politikarien aurretik doa, dagoeneko ez dira hitz joko topiko soilak. Nazka hitza, berriz, ez da nahikoa bost gizonezko horien jokabideak eragiten diguna zehazteko. Nazka hitza are eta leunean leunegia da, bortxatzaileak libre utzi dituzten epaileen jokabidea ahalbideratzen duen legea egin zuten politikarien duintasun ezak sorrarazten diguna definitzeko.

La Manada-koen auzia Espainiako justiziak daramala esanez zurituko dugu, gure, euskal herritarron errua: noiz arte, ordea, haien aginduetara eroso? Eta Alardeetakoa? Espainiak inongo zer esanik ez duen gure udal aginte-eremuetan gertatzen da!

Iruñekoa bortxaketa izan zen. Baina Irungo eta Hondarribiko Alardeetan urtero baztertutako emakumeek nozitzen duten mina ere, genero indarkeriazko sexu erasoen ondorioa da. Biak gertatzen dira Euskal Herrian. Alardeetan gertatzen dena, udal agintariek galarazi behar luketen egoera da eta bortxatzaileena, horientzat neurriko zigorrik ezarri eza, dagokion legea egin zuten politikarien errua da. Bietan, azken finean, apropos ala ezjakinean, baina justiziarik ezean, politikarien erantzukizunpeko jokabide mingarriak daude atzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>