Aitor Calvillo eta Asier Iriondo

Aitor Calvillo

Japonia-Kolonbia aipatuz gero, ziur Errusian jokatzen ari den Munduko Futbol Txapelketa etorriko zaizula burura, Asier! Eta ez zara oker ibiliko, ez! Baina norgehiagoka horretan futbolaz gain, japoniarren garaipenaz gain (2-1), badago komunikabide guztiek harriduraren harriduraz bolo-bolo lau haizetara zabaldu duten beste gai bat, zabor bilketarena, hain zuzen. Hemen, komeni izan denean era baterako ala besterako trataera eman zaion gai honek, aho bete hortz utzi zituen partida hori jarraitu zuten kazetari guztiak. Eta zer dela eta? Partida amaitu bezain laster eta euren taldearen garaipena ospatzearekin batera, eurek utzitako zaborra biltzen hasi zirelako Japoniako jarraitzaileak. Poltsa urdin bana eskutan, gerria makurtu eta guztia jaso, dena txukun-txukun utzi arte. Sekulako lezioa eman zutela nabarmendu zuten kazetari guztiek.

Eta hemen zer, Asier? Lehengo lepotik burua? Munduko beste puntan arrunt bilakatu den gaia hemen oraindik ika-mikarako hizpide? Nahi duzunean Ordiziako plaza bisitatzera animatu nahi zaitut, ikus dezazun japoniarrek emandako ikasbide horretatik zein urrun gauden oraindik. Herria era eta kolore guztietako edukiontziz betetzen ikasi dugu, baina portzentaje handi batek ez daki oraindik zertarako diren. Gustura irakurri nuen aurreko batean Jakintza Ikastolako ikasle batzuen eginbeharra besteek Plaza inguruan utzitako zabor guztia biltzea izan zela. Baina noiz arte horrela? Badugu zer ikasia, ez duzu uste?
Eta nola ikusten duzu zuk Legazpiko plaza? Gai organikoak batzeko poltsak ematen dituen makina betetzeaz arduratzen den langileak orain gutxi hala esan zidan, ezbairik gabe Legazpi dela horrelako poltsak gehien erabiltzen dituen Goierriko herria. Egia ote? Calvillo-IriondoEta bitartean ez ahaztu udan eguzki izpiek igorritako D bitaminak gorde behar ditugula, euskaraldia ere hor dugu ate joka eta!

Asier Iriondo

Zerbait ikasiko genuen Legazpin. ETB1eko Irrikitowneko esketxa berrikusi nuen herenegun. Balkoian ezkutatuko Iker Galartzak «niri bakarrik bururatzen zait Legazpiko amorantea aurkitzea!» oihukatzen zuen, zintzilikatutako zabor poltsen usainagatik kexu. Izan ere, garai horretan, ikur politikoak berritu egin genituen. Urte batzuk lehenago ezker abertzalekoak Egin egunkaria erabiliko zuen besapean. Gerora, organikoaren ontzia hartuko zuen eta jeltzaleek Euzkadidun ikurrinak kendu zituzten balkoietatik, zabor-poltsei toki egiteko.

Baliteke, orduko asperdurak eraginda edo, gure herrian zaborren kudeaketaren eztabaida itzali izana, baina, esango nuke berriz ere piztuko dela, ezinbestean, eta dagoeneko, plazan dagoen belaunaldi berriak beste sentsibilitate bat ekarriko duela.

Granadan preso bizi den lagun batek kontatu zidan, Europako estaturen batean ihesean ibili zen garaian, zaborrak ondo sailkatzea zela bere kezka nagusia. Isunen bat jasoz gero, bere ezkutalekua zein zen jakingo zuten beldur zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>