«Bereziki gustatzen zait bizikletan entrenatu eta neure barnera biltzea»

Mikel_MujikaMikel Mujika (Legazpi, 1998) txirrindularia denboraldi oso ona egiten ari da. Denboraldiaren lehenengo atala bukatuta, bigarrenari heltzeko pronto dago. Lasterketak ezin amaituta hasi zen, baina, etsi gabe, gogor borrokatu da eta Eibar Energia Hiria talde afizionatuaren elastikoarekin lehiatzen ari da. Espainiako Txapelketan parte hartu berri du Euskal Selekzioarekin.

Nolatan hasi zinen txirrindularitzan?
Haurren kategorian hasi nintzen 12 urterekin. Aita zikloturista da eta bere zaletasunak bultzatuta hasi nintzen. Inguruko gehienak futbolean ari ziren arren, niri ez zitzaidan gustatzen eta txirrindularitzari heldu nion.

Infantiletan hasi zineneko urte haiek nola gogoratzen dituzu?
Poligonoetan zirkuitu itxietan ibiltzen ginen. Gero, kimuetan errepidera ateratzen ginen eta 50 kilometro inguruko lasterketak izaten ziren. Nik ez nuen lortzen amaitzea, tropeletik urruntzen nintzen eta epaileek kanporatu egiten ninduten. Jubeniletan lasterketak amaitzen hasi nintzen eta horrek bultzada eman zidan.

Nola lortu zenuen eustea?
Progresio bat sumatu nuen, gero eta kilometro gehiago egiteko gauza bainintzen. Horrek animatu ninduen eta aurrera egin nuen.

Orduan, aitarengandik jasotakoaz gain, bizikletak badu zer edo zer harrapatu zaituena.
Bai. Lehiakortasuna behar da, hobera egiten duzula ikusteko aukera ematen dizulako, bakarrik edo taldean entrenatzea gustuko dut, bizikletan noala paisaia berriak ezagutu eta neure barnera bildu… Azken hori bereziki gustatzen zait.

Aurtengo denboraldian emaitza onak lortzen ari zara.
Orain arte ez dut aparteko emaitzarik lortu. Jubeniletan hasi arte herriko taldean aritzen zara, baina gero afizionatuetara salto egiteko talde bat behar duzu. Nik talde askotara deitu nuen eta ezezko asko jaso nituen. Azkenean, Eibar Energia Hiria taldeak ozta-ozta baietz esan zidan.

Ez zitzaien penatuko.
Ez [irribarre egin du]. Aurtengo denboraldia oso serio hartu dut. Entrenatzailea daukat eta elikadura ere zaintzen dut.

Helburu gehiago izango dituzu.
Lasterketa bat bukatzea lehenengo, gero aurrerago sartzen saiatu, gero ihesaldi batean sartu, gero lehenengo hamarretan… Jubeniletatik afizionatuetarako saltoa oso handia da. Mendi asko dago ibilbideetan eta 140 kilometro inguru bete behar dira.

Lorpen batzuk zerrendatuko?
Santikutz proban, Legazpin, 13.  egin nuen. Nafarroako Itzulian –bost eguneko lasterketa– 11.a izan nintzen sailkapen nagusian. Espainiako Txapelketan egon naiz Euskadiko Selekzioarekin…

Hurrengo hitzorduak?
Antzuolakoko Txirrindularitza Saria eta denboraldia amaitu bitartean beste hainbat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>