Basoko fruituak gorritu dira

Goierriko labela duen gerezia, Gabiriakoa; Oñatibi-txiki baserritik Miren Agirrezabalak  Ordiziako azokara saltzera ekarria.

Goierriko labela duen gerezia, Gabiriakoa; Oñatibi-txiki baserritik Miren Agirrezabalak Ordiziako azokara saltzera ekarria.

Goierrin kontsumitzen diren marrubi guztiak ez dira Huelva (Espainia) ingurukoak, ezta gerezi guztiak ere Caceresko Jerte bailarakoak (Espainia) edo Nafarroako  Milagro edo Etxaurikoak. Mugurdiak, andere-mahatsak edo ahabiak ere ez dira denak kanpotik ekartzen.  Goierrin bertan ere produzitzen eta komertzializatzen dira fruta horiek, eta oraintxe da bere garaia.

Badira aste batzuk basoko fruta horiek gorritzen hasi direla. Ordiziako azokan, esaterako, bertako lehen marrubiak maiatzarekin batera agertu ziren. Aramako Patxi Arizmendik eraman zituen lehenak, eta harrez gero, astero dira aukeran  berean zein Aramako beste saltzaile baten postuan, Arantxa Zurutuzarenean. Kanpokoekin alderatuta, tamainaz txikiagoak dira, baina zapore bizikoak. Prezio aldetik ere badute aldea, bertakoa garestiagoa delako, 5 euro inguruan dabil prezioa, kanpokoa –amaitu berria da deboraldia– 3,5 euro inguruan saldu den bitartean.

Basa marrubitxoak, ordea, oraintxe hasi berriak dira. Bide bazterretan, belar artean ezkutatuta topa daitezke. Txikiak dira horiek ere, baina izugarrizko zaporea daukate. Horietaz hitz egiterakoan, askok dute gogoan txikitako pasarte bat, marrubitxoak bildu eta belar batez zehartatuta makila gorria edo lepoko dotorea osatzen zutenekoa, gero denak batera jateko.

Gabiriako gereziak

Fruta gorrien artean estimazio handia dute baita ere gereziek.  Horiekin makilak edo lepokoak egin beharrean, belarritakoak egiten dira. Baserri auzo gehienetan izaten zen gereziondo preziaturen bat, inguruko ume guztiek ondo ezagutzen zutena. Gaur, gereziondo gutxiago dago, eta daudenek nahiko lan ematen diete jabeei zozo eta bestelako txorietaz babesteko, fruta gorritzen hasten denean jan ez dezaten. Hala zioen maiatzaren azkeneko asteazkenean Miren Arrizabalaga gabiriarrak bere uzta Ordiziako azokara saltzera eraman zuenean. Lan horretan arrakasta izan du, nonbait, aste batzuetan jarraian izan dituelako etxeko gereziak salgai, kiloa 4 euroan. Juanita Lazkano herrikideak ere izaten ditu salgai Ordizian. Kanpokoak 3, 5 eta 6 euro artean dira. Hemengo aleak txikiagoak dira, eta kolorez ez hain gorriak. Zaporean, berriz, gustuen arabera da konparaketa.

Mugurdiak eta beste

Basoko fruta gorrien Goierriko eskaintza mugurdi eta andere-mahats gorriekin osatu da Ordiziako azokan azken asteotan. Aramatik eta Zaldibiatik  iritsi dira horiek ere; Arantxa Zurutuzak eta Axun Etxeberriak dituzte salgai,  kiloa 12 euroan.  Denboraldia hasi besterik ez dute egin, eta laster batuko zaizkie ahabiak ere. Geroago etorriko dira masustak eta basaranak, azken horiek patxarana egiteko estimazio handia dutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>