Europa erdian pedalkadaka

HIRU_ATAUNDARREN_BIDAIA_EUHiru lagun ataundarrek – Joxeluis Gorostizu, Joxerramun Munduate eta Jexux Aizpurua – mila kilometroko opor-txangoa egin dute Danubio ibaiaren sorburutik Viena hiriburura.

Ataungo lagun talde batek urteak darama Europa bizikletan zeharkatzen. Jexux Aizpurua 2008an hasi zen Bide bila izendatu duen ekimenarekin. Orduko hartan semearekin batera, hurrengo bi bidaietan bakarrik, eta azkeneko lau-bat aldietan hiruzpalau laguneko kuadrillatxoan. Bizikletan beti, eta egun sorta bat oporretarako hartuta, Europa ezagutzen ari dira.

Hamar urteotan, Done Jakue bidearen hainbat adar egin dituzte: itsas hegiko bidetik, Lisboatik, edota Sevillatik. Baita Naoned-etik (Bretainia) Irunera, Orleansetik Saint Nazer-era, eta Milandik Erromara ere. Aurten, maiatzaren 15etik 25era, Danubio ibaiari segika, Alemanian eta Austrian ibili dira Jexux Aizpurua, Joxerramun Munduate eta Joxeluis Gorostizu ataundar lagunak.

Bidaia 1.000 kilometrokoa izan zen, 11 etapatan banatuta. Prestatzeko, aurrez beste ibilaldi batzuk egin zituzten bizikletan, Tourrean bihar korritukoduten Senpere-Ezpeleta, edo Leitzarango bidea, adibidez.

Udaberriko espedizioa hasteko, Stuttgarten (Baden-Wurttenberg, Alemania) lur hartu zuten. «Hantxe izan zen lehen ezustekoa; bizikletak iritsi gabe zeuden, biharamunean heldu ziren». Danubio ibaiaren (Donau, alemanieraz) sorburura joan ziren trenean, bizikletako ibilaldi luzea han hasteko.

«Ariketa fisikoa egiteaz gain, leku, kultura, jende eta hizkuntza berriak ezagutzea dira helburuak». Zer hoberik, bizikletaren erritmora jasotzea baino.

Ez ahaztu, ez ukatu

Alemaniaren XX. mendeko iragana bertatik bertara ikusi ahal izan dute. Lehen egunetik bertatik: «Eliza batean sartu, eta Holokaustoaren irudi lazgarriekin egin dugu topo. Alemaniarrek ez dute iragana ahazten, ezta ukatzen ere».

Danubion beherago, beste egun batean Mauthausengo nazien kontzentrazio esparrua bisitatu zuten. «Iritsitakoan, lehen poza: ikasle-sailak gidarien argibideak azti entzuten. Bigarrena, sarrera doan dela, Holokaustoaren zabalkundea diru-iturri izan ez dadin».

Ondoren ikusitakoa hitz arruntez ongi ezin dela adierazi diote; «horrelako eremuren bat bertatik bertara ikustea da gure gomendioa, irakurri hutsak ez baitu sentimendurik zulatzen. Gizateriaren eta norbanakoen aurkako ankerkeriak betiko oroimen historikoan gordetzeko beste biderik ez dago, egungo eta ondorengo belaunaldiei gertatua, etxetik hasita, eskoletan eta bertatik bertara erakustea bezalakorik».

Danubio ibaia Europako emaritsuenetakoa eta luzeenetakoa da. Oihan Beltzaren inguruetan jaiotzen da, Donaueschingen hirian, Brigach eta Breg ibaien bat egitetik. 2.860 kilometro beherago itsasoratzen da, Errumanian, Itsaso Beltzean.

XXI. mendeko pelegrinazio modernoetan ohikoa denez, bidaide ugarirekin topo egin dute bidean. Bi alemaniar batu zitzaizkien hasieran, «bizipozak bizi» zuen besamotz italiar bat geroago. Lehenengo eta azkeneko gauetarako aterpea zeramaten lotuta, soilik. Gazte aterpetxe, erromes etxe, suhiltzaile etxe, udal aterpetxe, aterpetxe turistiko, hotel, landetxe eta kanpinetan lo egin dute.

Musika eta parajeak

Monasterio, katedral eta eliza arranditsuez gain, natura eta kultura ondare bikaina begiztatu dute. «Donaueschingen-en bertan hasi ginen jabetzen etxeen egitura bereziaz eta musikak gizartean duen eraginaz, kalean ikusitako monumentu eta oroitarrietan. Musikak, eta, orokorrean kulturak Alemania eta Austriako gizartean duten sustrai sakona nabari da, gazte-jendea tarteko».

Landa eremu zabalak eta zainduak, Danubioko merkantzia garraioa —gabarra luzeek nabigatzen dute—, eta baso sarriak topatu dituzte. Baita iragan komunistaren aztarnak ere, Tilingen herriko hilarri fabrika batean, kasu: «Zirrikitu batetik sartu, eta Stalinen estatua handiarekin egin dugu topo, Berlingo Harresia eroriz gero, Alemaniako Errepublika Demokratikotik osorik ateratakoa. Eta, bere alboan, Ernst Thalman komunistarena. Leku bitxia, benetan, hilarri lantegia».

Maiatzean bidaiatu zutenez, «udaberri usaina alde guztietan» aurkitu zuten: zuhaitz hostoberrituak, landare lorez hornituak nonahi, plazak uztai dotorez eta hizkidun zuhaitzez apainduak… «Gauza eta arlo anitzetan, gu baino metro bat aurrerago daude alemaniarrak: garbitasunean, ordenan, antolamenduan, semaforoen errespetuan, kanpotarrekiko abegitasunean, laguntzan…», nabaritu dute hiru bidaiariek.

Azkenean, bidearen nekeak eta Mauthausenen ikusitakoen minak gozatzeko, Viena zain. «Badu zer ikusia: museoak, katedralea, Jauregi Inperiala… Operan Traviata zegoen, Placido Domingo tarteko. Zutikako sarrera 3 euro zen, baina janzmendu egokiz joatekotan».

Txirrindulari-arroparekin, alternatiba bilatu zuten, «opera-gurariak asetzeko». Ceija-Stojika parkean, Jesukristo Superstar-en rock-opera bertsio bat, 20 antzezle, 1,5 ordu… eta doan. Europaren altxorrak. Ikustera joan besterik ez dago.

Ibilbidea

Hiru ataundar bidaiariek maiatzaren15etik 25era egin zuten Donaueschingen herritik (Danubioren sorburua, Alemania) Vienara (Austria) txangoa bizikletan.

  • HIRU_ATAUNDARREN_BIDAIA_EU(1)Distantzia. 1.000 kilometro.
  • Etapak. 11. Joan-etorriko bidaietarako beste bi egun.
  • Bideko hiri nagusiak. Ulm, Ingolstadt, Regensburgo-Palatinatua, Passau (Alemanian), Linz, Krems, Viena (Austrian).
  • Ikusgarriak. Oihan Beltza, abiaburutik hurbil dago. Danubio ibaiaren sorburua, Brigach eta Breg errekek bat egiten duten lekuan. Ulmen munduko kanpandorre garaiena (161,53 metro, 768 eskailera-maila). Weltenburgeko monasterioa. Passauko katedralean, eliza barruko munduko organorik handiena. Mauthausen nazien kontzentrazio esparrua. Viena, operaren hiria.
  • Ingurunea eta ondarea. Baso bikainak eta ederrak, Danubio ibai nabigagarria; zekale soro zabalak, herrenkada-egitura bereziekin; musikarekiko sentimendu eta arreta berezia.
  • Alemaniera. «Alemanierazko 23 hitzekin egin dugu bidaia.Tutlingenera bidean, emakumezko bati hozkailua biltegian sartzen lagundu diogu; kafeaz eta txokolate-ontzaz eskertu gaitu. Hizkuntza jakin beharrik ez dago, sarritan, elkar ulertzeko».
  • Bidaiariak. Jexux Aizpurua, Joxerramun Munduate eta Joxeluis Gorostizu ataundarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>